Urduñako hilerrian hasitako hirugarren kanpainan berreskuratutako gorpuzkiak jasotzeko, 2025ean Duintasunaren Kolunbarioa zabaltzeari ekingo diola iragarri du asteazken honetan Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak. Lanek 60.000 euroko aurrekontua izango dute.
Astelehenean hasi zen hirugarren fasea eta orain arte 20 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Aurreikuspenen arabera, hogeita hamar bat pertsonarenak egon daitezke oraindik lurpean. Kopuru hori behin-behinekoa da, oraindik, indusketa- eta deshobiratze-lanak amaitu arte; litekeena da igandera arte luzatzea lanak.
Aurreko bi kanpainetan, 2014an eta 2022an, 71 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira, eta horietako 11 identifikatu eta haien familiei eman ahal izan zaizkie. Azkena irailean izan zen, Ramon Torresena.
Hirugarren kanpaina hau espetxeko biktimen hilobien gainean eraikitako nitxoak kendu eta gero hasi da. Alonsok herriko senitartekoen ulermena eta elkartasuna eskertu ditu. Izan ere, ulertu dute nitxo horiek eraitsi behar direla, oraindik hobitik atera gabe dauden gorpuak ateratzeko. Familia horiei senideen gorpuzkiak hilerriko beste eremu batera eramateko aukera eman zaie. Gogora Institutuak 48.150 euroko zuzeneko dirulaguntza eman dio Urduñako Udalari eraiste-lanak finantzatzeko.
Kolunbarioa 2022an inauguratu zen. Bertan, identifikatu gabeko berreskuratutako gorpuzkiak eta identifikatutako gorpuzkiak hobiratzen dira, familiak hala erabakitzen duen kasuetan.
Lehentasuna, identifikazioak
Hala ere, Alberto Alonso Gogorako zuzendariak gaur bertan azaldu duenez, une honetan lehentasuna da lurpetik ateratako hezur-hondar berriak identifikatzea eta identifikatu gabe dauden 60 gorpuzkiak identifikatzen jarraitzea. Horretarako, lehenengo kontzentrazio-esparrua izan zena (1937-1939) eta gero Urduñako Espetxe Zentrala bihurtu zen horretan (1939-1941) hil ziren presoen senideei dei egin die berriro.
Gogora Institutuak Urduñan, 1937 eta 1941 artean, hil ziren 225 pertsonaren zerrenda du, izen-abizenak eta jatorria adierazita. Berreskuratutako gorpuzkiak genetikoki identifikatzeko ahaleginean, pertsona horien ondorengoekin harremanetan jartzea da helburua, horrela haien DNA laginak gorpuzkien laginekin alderatu ahal izateko.
Senideak aurkitzeko, Gogora Institutuak biktimen jatorrizko zonaldeetako erakundeen, ikerketa-taldeen eta elkarteen laguntza du. Preso horiek hil zirenetik igarotako denborak senideak aurkitzea zailtzen du, eta identifikazio genetikoa ere zailtzen du. Izan ere, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA erauzten zaion senidearen ahaidetasun-mailak erabakitzen dute azkenean identifikazio genetikoa lortzea.