Osasuna bizirik da Kopan. 83 minututan egin ez duena azken 10etan egin dute nafarrek eta 2-0 bat irauli dute, izana baino gehiago izenarekin irabazitako partida batean.
Ceutak bere mailako talde bati dagokion intentsitatearekin ekin dio partidari. Lehen 10 minututan estu eta larri hartu du Osasuna eta Aitor Fernandez geldiketa on bat egitera behartu ere. Hortik aurrera talde nafarrak lehia orekatzea lortu du eta lehen minututako su hori itzaltzea, hein batean.
Aukera onak ere izan ditu talde gorritxoak, baina Ruben Peñak ez du asmatu. Etxeko taldeak, baina, ez dio uko egin partidaren kontrolari eta gol aukera berri batekin erantzun du. Hala ere, argiena, abagune bikoitz batean etorri da Osasunarentzat, baina ez Raul Garciak ez Pablo Ibañezek ere ez dute asmatu eta Ceutako atezainari doainak erakusteko parada eman diote.
VAR teknologiarik ez zegoen partida honetan. Horrek ere ez dio onik egin gorritxoei eta epaileak zigorrik gabe utzi du etxekoen esku nabarmen bat.
Hala ere, izenean aurreikusten zen aldea ez da izanean antzeman eta 40. minutuaren bueltan Ceutak lana borobildu du. Eskuin hegaletik jokaldi bikaina lotu dute etxekoek eta bigarren zutoinera egindako erdiraketa neurtu bati Redruk eman dio errematea. Oraingo honetan Aitor Fernandezek ezin izan du ezer egin, eromena piztuz Alfonso Murube zelaia lepo betetzen zuten 6.500 jarraitzaileengan.
Kolpe horrekin joan dira aldagelara nafarrak. Gol batek ematen duen konfiantzarekin Ceuta.
Atsedenalditik bueltan Vicente Morenoren jokalariak saiatu dira baloiaren kontrola izaten eta gola iritsi, iritsi da, Raul Garcia de Haroren eskutik, baina jokoz kanpokoa adierazi du epaileak. Berriz ere, VAR teknologia faltan bota dute nafarrek. Une horretan nagusi ziren iruindarrak eta Iker Benitok ere aukera garbia izan du 60. minutua bete aurretik. Lucas Torrok baloia berreskuratu du zelai erdian eta Benitori baina honen jaurtiketa oso gora joan da.
Erreakzioa, aulkitik eta azken orduan
Golaren bila Aimar Oroz eta, nola ez, Ante Budimir sartu ditu zelaian Morenok, Benito bera eta Pablo Ibañezen lekuan.
Baina gola etxekoek egin dute, beste behin. Ezkerraldetik iritsi da baloia eta area ertzean bakar bakarrik jaurtiketa egiten utzi diote Ruben Diezi eta honek bikain jarri du, Fernandezen luzaketa berriz ere alferrikakoa bihurtuz.
Bi eta hutseko markagailuan zela berriz ere mugitu du eserlekua Morenok. Areso eta Ruben Garcia sartu dira, Nacho Vidal eta Ruben Peñaren tokian, sakontasuna bilatuz. Garciak aukera nabarmena izan du aldea murrizteko, baina atezaina eta zutoinaren artean ekidin dute gola.
Budimirrek bai. Kroaziarrak lortu du aldea murriztea. Ezkerretik iritsitako erdiraketa buruz atzean ongi uztea lortu du Garcia de Harok eta Budimirrek, patxadaz, sareetara bidali du 83. minutuan. Eta hortxe piztu da Osasuna, Ceuta itzaltzearekin batera.
Gutxi geratzen zen, baina nahikoa partida berdintzeko. 87. minutuan Ruben Garciak erdiraketa bikaina egin du eskuin hankarekin eta, kasu honetan, Garcia de Harok jarri dio errematea.
⚽️ @raulgdh9 #CeutaOsasuna #CopaDelRey pic.twitter.com/z6WQCfF93B
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) December 5, 2024
Luzapenera zihoan kanporaketa baina 93. minutuan zorigaiztoko jokaldia izan da etxeko taldearentzat. Ruben Garciak erdiraketa egin du ezkerretik eta defentsa batek, bularrez, bere atean sartu du gola.
Kolpe gogorrari jarrerarekin erantzun dion arren, Ceutak ezin izan du berriz ere partida berriz berdindu. Aitor Fernandezek lehenbizi, azken geldiketa on batekin eta zutoinak azken jokaldian, iruindarren garaipena bermatu dute.