Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

McKenzie Wark: «Zer da politika? Nire trans komunitatean, bizirik mantentzea»

Espero genuen arren, Irene Vallejo idazle eta hizkuntzalari espainiarra ez da Durangora etorri, Mexikoko FIL literatura azokan baitago, zenbait euskal idazle legez. Baina Durangok beste bisitari ezagun bat jaso du Azokaren lehen egunean: McKenzie Wark ikertzaile australiar-estatubatuarra.

Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazlea, MacKenzie Wark eta Jokin Azpiazu soziologoa, Durangon.
Danele Sarriugarte itzultzaile eta idazlea, MacKenzie Wark eta Jokin Azpiazu soziologoa, Durangon. (Marisol Ramírez | FOKU)

Nazioarte mailan izen handia du McKenzie Wark (Newcastle, 1961) ikertzaile eta idazle australiar-estatubatuarrak. Hedabideak eta kulturak teknologiarekin nola uztartzen diren landu du batez ere, ikuspuntu marxista batetik abiatuta. Orain sei urte emakume trans bezala armairutik atera eta ordutik genitalitatearen nagusitasuna salatu du.

Durangoko Museoan ostegun arratsaldea iragarrita zuen aurkezpena lepo aurkitu dugu. McKenzie Warken lana euskarara lehen aldiz ekarri baitu Danele Sarriugarte idazleak. Izenburua: ‘Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza’ (Katakrak).

McKenzie Warkek Euskal Herrian egingo duen aurkezpen bira txikiaren lehenengo hitzordua da Durangokoa. Hilaren 7an Donostiako Tabakaleran izango da (18.30ean), eta Uxue Diez-Guiral (Kuir artxibo bizia) eta Kay Subijana izango ditu aldamenean. Abenduak 9an Iruñean izango da Katakraken (19.00). Badalab Laborategiak, Jakinek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Teks elkarteak elkarrekin antolatutako bira da.

 

Sei urteren buruan

Doktoretza egin eta bi dozena liburu baino gehiago argitaratu ditu McKenzie Warkek 1994tik. Egun, Internazional Situazionistaren aditurik handienetako bat da, eta  ‘A Hacker Manifesto’-k (2004) eta ‘Gamer Theory’-k (2007) liburuek egin zuten ezagun. Situazionismoaz, bideo-jokoez, raveez eta kapitalismoaz idatzi izan du, saiakera betiere.

Ibilbide arrakastatsu baten eta hogei urteko ezkonaldi baten ostean, bi seme-alabekin, McKenzie Warkek bizitzaren erdialdean krisi sakon bat izan zuen: emakume trans moduan armairutik atera zen. 2017an agertu zen transgenero gisa –hain justu, orain dela egun batzuk ospatu du bere Instagrameko profilean urteurren hori–, eta ondoren autofikziozko hiru lan argitaratu zituen. The New School unibertsitatean hedabide eta kultur ikasketen irakaslea da.

Haren liburuen artean dago ‘Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza’ (Katakrak). Gutun trukaketa izango balitz bezala egituratuta, autobiografia bat baino, bere buruaren aurkikuntzaren isla da liburua; eta hemen bildu du bere ahots pertsonalena.

«Beti izan den zerbait da trans kultura»

«Trans kultura beti izan da, baina forma desberdinak izan ditu. Grezia, adibidez, eredu izan da komunitatearentzat», aipatu du Warkek.

Transexualitateari lotuta dagoen diskurtso nagusia deseraikitzen du ikertzaile honek. Izan ere, transexuala txikitatik, bere egoeraren jakitun den pentsamendu hegemonikoarekin apurtu nahi izan du: «Oso berandu atera nintzen trans emakume bezala. Arraroa izaten da hain berandu ateratzea. Baina genero disforia hori txikitatik nuen. Nire lehenengo trantsizioa migrazioa izan zen, New Yorkera joan nintzenean. Baina nire burua trantsizionatu behar izan dut arlo askotan. Hormonak hartzen hasi nintzenean, nire memoria aldatzen hasi zen eta amaren oroitzapenak etorri zitzaizkidan, 6 urte nituenean hil zitzaidalako, eta berehala hasi nintzen emozio horiek aztertzen».

Erabat kritikoa izan da medikuntzarekin, trans komunitateari buruzko diskurtso bakar bat onartzen dutelako: hormonak hartzea al da, adibidez, aukera bakarra? «Baina ba ote dago beste aukerarik gure gorputza izateko? –galdetu du–. Nik erabaki nuen ez nuela trantsizioaren narratiba bat egingo. Pentsatu nuen: zer dakigu guk trantsizioaren inguruan? Beharbada ikuspuntu desberdinak egon daitezke».

Politika, musika, teknologia berriak... arlo ugari ikertu ditu emakume honek.
«Queer jendeari buruz esan ohi da bizitza friboloa daramatela. Baina zer da politika egitea nire komunitatean? Bizirik mantentzea eta elkarrekin bizirik jarraitzen mantentzea, nire komunitatean suizidioaren tasa %40koa baita», aipatu du.

Eta musikak? Zein garrantzi du kulturak gizarte berri bat eraikitzean? «Nik genero disforia sentitzen nuenean, nire ‘trans amarekin’ hitz egiten nuen, eta esaten zidan: ‘Etorriko zara rave-ra. Behar duzu, trantsizioan zauden honetan, gorputza dantzatzen askatu eta bestearekiko beharra asetu. Musikaren erritmo ozen horiek beharrezkoak izaten dira, niretzat. Nik 63 urte ditut, oso goiz joaten naiz ohera, 10.00etan, eta goizeko 4etan jaiki eta festaren azken zatira iristen naiz, zeren ordu horietan bakarrik gelditzen gara dena emateko gogoa dugun frikiak. Gizon zis batzuei ondo etorriko litzaieke!».

Teknika hori, ‘dena ematearena’, ez zitzaien gaizki etorriko gizon cis-ei, aipatu du. Bera, bederen, une batean atera da Urte Berriko rave-rako sarrerak ateratzera. Bizitzan, barrenak askatu behar direlako aske izateko.