Moriarti Produkzioak ekoiztetxea osatzen duten Jon Garañok, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak jasoko dute urtarrilaren 20an Donostiako Urrezko Danborra, hala jakinarazi du Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak.
2001ean Donostian sortu zuten produkzio-etxe zinematogradikoa, eta orduz geroztik film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat ekoitzi ditu. ‘Handia’, ‘Loreak’ edo ‘La trinchera infinita’ bezazlako film ezagunak egin ditu, baita ‘Cristobal Balenciaga’ telesail ospetsua edo ‘Lucio’ dokumental entzutetsua.
Donostiako Zinemaldia hitzordu garrantzitsua izan omen da beti moriartitarretzat, eta urtarrilean donostiarrentzat hain berezia den beste zita bat ere izango dute agendan: Urrezko Danborra jasotzeko ekitaldia.
Garañori Ingalaterran harrapatu dio Urrezko Danborra jasoko dutenaren albisteak Radio Euskadin azaldu duenez. Bera ardurartu da gainerakoei berri ona emateaz, Goenaga eta Arregi filmaketa batean mugikorrik gabe daudenez, beraingana iristea «apur bat gehiago» kostatu zaiola onartu du. «Taldeko guztiak harritu eta hunkitu gaitu», aitortu du Garañok, eta are gehiago 98 hautagai egon eta beraiek hautatzeak.
«Harrituta»
2024a moriartitarrentzat oso berezia izaten ari dela kontatu du, Balenciagaren telesailaren estreinua, ‘Marco’ filmarena, «eta orain hau, nork esango zigun 2023an!». Donostia eguna ilusio bereziarekin bizitzen duela kontatu du, beraiek izateaz donostiarrak ez izanagatik, duela 24 urte bertan finkatu zutela ekoiztetxea eta oso gertu sentitzen dutela hiria aipatu du.
Urte luzeetako bidea txalotu du Donostiako Udalak, ohar batean adierazi bezala: «Egindako ibilbide luze eta laudatuagatik, euskal zinema estatuko eta nazioarteko zinemaren erreferente gisa jarriz». Moriarti Ekoiztetxea saritzea «aho batez» hartutako erabakia izan dela gaineratu du; orotara 98 hautagai zeuden.
Venezian aurkeztu ostean, Donostiako Zinemalditik igaro eta egun zinema aretoetan dago beraien azken luzemetraia, ‘Marco’. Pertsona iruzurgile baten istorioaz harago, filma «egia eta gezurraren arteko hausnarketa egiten duen thriler geriatrikoa» dela azaldu zioten Naiz Irratiari.
‘Handia’ filmak 2018ko otsailaren 4ean 10 Goya eskuratu zituen, Etorkizunerako Artefaktuan efemeride hori baliatuz, atzera begira ez ezik, aurrera begira ere jarri ziren Garaño eta Arregi, eta euskal zinema «momentu onean» dagoela hausnartu zuten, orain dela urte batzuk pentsaezinak ziren lanak egiten ari direlako.
Beste hainbat sari
Urte gutxian sari asko bildu dituzte moriartitarrek, eta arrakastatsua izan da beraien ibilbidea, lehiaketetan zein zinema aretoetan. Orotara, 12 Goya sari eta 31 izendapen jaso dituzte; Espainia Oscar sarietan ordezkatzeko bi hautagaitza; Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baita zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria eta FIPRESCI saria ere; film onenaren Forque saria; EFA sari bat; Platino sari bat; eta film onenaren Sant Jordi saria.
‘La trinchera infinita’ filmarekin euskal zinemaren Irizar saria, gidoi onenaren saria, eta zuzendaritza onenaren saria eskuratu zuten 2019ko Donostiako Zinemaldian. Eta 2018an, berriz, ‘Handia’ luzemetraiarekin hamar Goya eskuratu zituzten.
[EGUNERATUKO DA]