NAIZ
Durango

Azokaren bekaren ondotik, animaziozko telesail bat ekoitzi du Marramiau sorkuntza taldeak

‘Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz’ izeneko telsaila aurkeztu dute gaur goizean Saguganbaran Marramiau taldeko kideek. Aurtengo sormen bekaren irabazlea igandean emango da ezagutzera.

Marramiau sorkuntza taldeak Saguganbaran aurkeztu zuen telesail berria.
Marramiau sorkuntza taldeak Saguganbaran aurkeztu zuen telesail berria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urterik urte, Durangoko Azokak sormen beka bat esleitzen dio proiektu bati. Iaz, 2023an, Marramiau sorkuntza taldeak eskuratu zuen eta gaur eman da ezagutzera urtebeteko lanaren ondotik lortutako emaitza. ‘Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz’ du izena, sei kapitulotan banatuta, haurrei eskainitako animaziozko telesaila.

Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbidek osatzen dute Marramiau kolektiboa. Haurrez lepo zegoen aretoan egin dute aurkezpena eta, egia zor, eguraldi kaskarrari lagungarri zaion aretoa ikusle txikiz bete da.

Hamar minutu inguruko sei kapitulu ditu telesailak, eta banaka zein jarraian ikus daitezke. Izenak ondo dioen bezala, bi munduren arteko zubia eraiki dute telesailean. Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutuko ditu Izeik, urteetan itxita egon den argi-zubi bat irekiko baitute, bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duena.

Marramiau sorkuntza taldea gainerako egunetan ere presente egongo da Durangoko Azokan. Izan ere, Landako Guneko erakusmahai batean, euren lanean oinarritutako laminak eta bestelako produktuak eskainiko dituzte.

Aurtengo beka

Iazko bekaren ondotik sortutako lanaren amaitza aurkeztuta, 2024koa nori egokituko zaion jakitea falta da orain. Aurtengo Sormen Beka, Durangoko Azokak eta Durangoko Udalak ematen dutena, igandean emango da ezagutzera, Museoan egingo den agerraldi batean. Azokan erakutsi ahal izateko esku-hartze artistiko bat izango da saritua.