Libe Mimenza EHUko irakasle eta Behategiko kideak eta Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanarteako ordezkariak eman dituzte zehaztasuna gaur Durangoko Azokako Talaian egindako deialdiaren bitartez.
Ikerketa horrek, 2023ko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra Euskal Herriko hedabideetan euskarazko kulturgintzak izan duen presentzia neurtzea izan du helburu. Horretarako, hamaika hedabideetako (tartean, NAIZ) laginak hartu dira eta adimen artifizialaren laguntza baliatu da datuen metaketa eta ondorengo azterketa egiteko. Helburuetako bat, «euskal kulturgileak detektatzea, euskal kulturgileeen presentzia nolakoa den detektatzea», Mimenzak berak zehaztu duenez.
Ikerketaren ondorioen artean aipatu du kategoria minorizatuena behar denean ezagutzea, prozesu automatikoak bakarrik ez direla nahikoak eta euskal kulturgileen datu base handiena sortu dutela, lagungarri etorkizuneko azterketetan lagungarrri izan daitekeena.
Halaber, esku artean dituen datuen arabera, panorama desberdina marraztu du euskarazko hedabideen eta hedabide elebidunen artean. «Euskaraz argitaratzen diren edukiak dira euskarazko kulturgileen ikusgarritasuna gehien lantzen dutenak», baieztatu du eta haiek dira ere, bere hitzetan, euskarazko kulturgile gehiago agertzen dituztenak, diziplina guztietan.
Kuoten meloia
Iragan urriaren 26an Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak jardunaldia antolatu zen eta bertan eman ziren ondorioez gain, gaurkoan aurrera begirako proposamen bat egitea izan dute xede, euskal kulturgintzaren presentzia hedabideetan are gehiago bermatze aldera.
Zentzu horretan, Amagoia Gurrutxagak hartu du hitza, Lanartearen izenean. Kulturgileen egoerara jo du zuzenean eta Administrazioari egin dio erreferentzia: Euskarazko kultura babestu eta sustatzeko politikak egon badaude, eta hori betearazteko ardura duten erakundeak ere bai, «baino ikusten duguna da sektoreko kulturgileak merkatuaren eskuetan oso utziak daudela, eta merkatuak ez du salbatzen txikia. Eta hori ez da soilik kulturgintzan gertatzen, galde diezaietela bestela baserritarrei», ohartarazi du. Gurrutxagak logika hori apurtu behar ote litzatekeen galdetu du, txikien aldeko politika aktibo bat gauzatuz.
Hartara, euskarazko kulturari lekua bermatu behar zaiola azpimarratu du, «fokoaren parte bat utzi behar da beretzat, ze ez bada horrela ezartzen, fokoa jaten du nagusi denak, erdarek». Kuoten gaiari heldu dio, «meloi handi bat» eta hura zabaltzearen aldeko hautua agertu du, «esku artean usteltzen utzi aurretik». «Gure ustez ireki behar da kuotak ezartzeari buruzko eztabaida, beti ere gutxitua dagoen hizkuntzaren alde, gero eta ez gutxituagoa izan dadin. Hori omen da gure helburua, goazen bada neurriak hartzera», esan du.
Hedabide helebidunei egin die erreferentzia –«Azokari begiratzen diote euskal kulturari bizkar ematen dioten hedabideek ere»– eta eztabaida zabaltzeko atea zabaldu du. «Ea denok lortzen dugun euskal kulturaren arnasgune izatea».