Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Nafar instituzioei aitortza eskatu diete Karmele Solagurenen heriotzaren 20. urteurrenean

250 bat pertsonek Karmele Solaguren gogoratu eta aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte eguerdian Barañainen. Manifestazio batek Barañaingo kaleak zeharkatu ditu eta, amaieran, ekitaldi batek nafar instituzioei eskatu die dispertsioaren biktima bezaka aitortu dezaten.

Hurbildutakoak krabelin gorriak utzi dituzte Karmele Solagurenen omenezko eskulturan.
Hurbildutakoak krabelin gorriak utzi dituzte Karmele Solagurenen omenezko eskulturan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Duela 20 urte, Alcala-Mecon (Madril) preso zegoen Ekain Gerra semea bisitatzera zihoanean, Karmele Solaguren barañaindarra hil zen Sorian auto istripu baten ondorioz. Gaur, 20. urteurrenean, Karmele Gogoan kolektiboak manifestazioa eta ekitaldia antolatu ditu Karmele oroitu eta aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea aldarrikatzeko.

Manifestazioa Barañaingo Udal plazan 12.00tan deitua zegoen, eta hamar minutuko atzerapenarekin abiatu da. 250 bat pertsonek "Karmele, gogoan zaitugu", "Herriak ez du barkatuko" eta beste batzuk aldarrikatu dituzte ibilbidean zehar. Parte hartzaileen artean presoen senideak eta preso ohiak zeuden, baita Ana Fernandez, dispertsioaren ondorioz hildako Sara Fernandezen ahizpa, eta Imanol Berrueta, Angel Berruetaren semea ere. Manifestazioak Kirol etorbidea igaro eta Erdiko etorbidetik jarraitu du, San Esteban kalea pasata Iruñeko etorbidean Karmele gogoratzen duen eskulturan amaitu arte.

Ekitaldia

Eskulturaren aurrean, Karmele Gogoan kolektiboak ekitaldia egin du. Txalaparta hotsek, Ainara Ieregiren bertsoek eta Kantuz Barañain koroaren abestiek hasiera eman diote. Egiari Zor Fundazioaren izenean, Ainara Gorostiagak gogoratu du «dispertsio politikaren ondorioz 16 pertsonek bizitza galdu zutela Estatu espainiarraren puntu ezberdinetan», eta «heriotz hauek ekidin zitezkeela», eta biktima guztiak aitortuak eta erreparatuak izan behar direla adieraztearekin batera, dispertsioaren ondorioz hildako Sara Fernandez eta Karmele Solaguren Nafarroa mailan aitortza legala jaso dezaten aldarrikatu du.

Jarraian, Karmele Gogoan kolektiboko Raul Osakain eta Zuhara Zaratiegik gogoratu dute duela 20 urte, Karmele Solagurenen heriotzaren ostean poliziak hilerrira hurbildu zirenen kontra kargatu zuela, eta «Barañaingo Udala, gertaturikoa ez aitortzeaz gain, milaka pertsonak Herriko plazan Karmeleri egin nahi genion omenaldia eragozten saiatu» zela. Era berean, gogoratu dute 14 urte pasa behar izan zirela Udalak Karmele Solaguren dispertsioaren biktima gisa onartzeko. Ainara Gorostiagak egin bezala, nafar instituzioei dispertsioaren biktima bezala aitortzeko eskatu diete.

Amaitzeko, eskulturaren aurrean dantzari talde batek aurreskua dantzatu du eta dantzariek eta hurbildutakoek krabelin gorriak utzi dituzte Karmele Solagureren omenezko eskulturan.

Probokazioa

Karmele Gogoan kolektiboko kideen hitzartzean, ekitalditik hurbil pasa den gizon bat ekitaldira joandakoak iraintzen hasi da, tentsio egoera bat eraginez.