Ezkurdia-Rezusta eta Etxeberria-Martija bikoteen arteko lehiak bi zati izan ditu. Lehenengoan bikote nafarra izan da nagusi; bigarrenean, berriz, Arbizuko aurrelariak eta Bergarako atzelariak markagailua iraultzea lortu dute. Atzetik aurrera egin dute Ezkurdiak eta Rezustak. Hasieran ezinean aritu dira, Etxeberriaren joko biziari ezin tankera hartuta.
Pilota gastatzen joan den heinean, baina, pixkanaka-pixkanaka markagailura gerturatzen hasi dira, pilota motelagoa ere atera dute, eta berriro ere partida bikaina jokatu dute Binakako Txapelketan bigarren puntua lortzeko.
Lehendabiziko jardunaldian Elordi eta Zabaleta duela bi urteko txapeldunak menderatu zituzten. Sailkapenaren gorenean dira. Etxeberria eta Martija bikoteak, aldiz, ez du oraindik punturik bildu. Txapelketako lehen partidan ezin izan zuten Altuna III-Aranguren bikotea azpiratu.
Bizi-bizi jokatzen hasi dira nafarrak. Zenotzeko aurrelaria ohikoa duen joko azkarra eta bizia egiten hasi da, eta gorriak ezinean aritu dira. Zenoztarra ez ezik, Martija ere pilota gozatzen ari zen; 0-2koan zartada ederra eman dio pilotari, errebotean utzita.
Etxeberria-Martija 3-7 zihoazen aurretik markagailuan, eta orduan iritsi da gorrien erreakzioa. 8-1eko partziala egin dute Ezkurdia-Rezustak. Pilota motelagoa atera dute, eta 10-9 aurretik jarri dira markagailuan.
Orduan, Ezkurdiak huts egin du pare bat tantotan, eta urdinak aurretik jarri dira markagailuan berriro ere (11-13). Baina hortik aurrera, Ezkurdiak eta Rezustak tanto bat bestearen atzetik egin dute, 21-13 tantora iritsi diren arte. Airezko jokoa baliatu du Arbizuko aurrelariak aurkariei min egiteko. Bergarako atzelaria ere ez da atzean geratu. 17-13 tantoa ikusgarria izan da. Bosgarren koadrotik horma-biko dotorea egin du Rezustak lehenik ezker pareta joaz.
Urdinak zertxobait suspertu badira ere, beste bi tanto eginda (21-15), azken tantoan Martijak huts egin du, eta gorriak izan dira nagusi.
Rezusta: «Erreakzioa nahiko azkarra»
Partida amaitu berritan, Rezustak adierazi du hasieran gauzak ez direla ondo hasi, baina ondorengo erreakzioa «nahiko azkarra» izan dela: «Hasieran tanto azkarrak izan dira. Ezin genuen guk nahi genuen erritmoa ezarri. Peiok sekulako erritmoa jarri du saketik hasita. Ezin genion piloteoari bueltarik eman. Hala ere, erreakzioa nahiko azkarra izan da. Gero partida gogortu egin da, eta bigarren zatian uste dut guk hobeto eutsi diogula».
Binakako Txapelketari bikain ekin diote Rezustak eta Ezkurdiak. Bergarako atzelariaren hitzetan, «hobeto» ezin ziren hasi: «Bitik bi. Sentsazio aldetik ondo. Garrantzitsua da horrelako momentuetan elkarrekin egotea eta gogor lan egitea. Buelta ematen jakitea garrantzitsua da».
Datorren asteburuan Altuna III-Aranguren bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak Bartzelonan. Hasiera honek «lasaitasuna» ematen diela adierazi du: «Bartzelonara bi partidak galduta edo bi punturekin joatearen artean aldea dago. Partida diferentea izango da. Urruti samar, baina gogotsu gaude».
Martija: «Pilotak asko geratu dira»
Rezusta pozik eta Martija triste, nahiz eta partida hasieran sentsazio «oso onak» izan dituen: «Uste dut oso ongi hasi garela. Nik, behintzat, sentsazio oso onak nituen, gustura nengoen. Gero uste dut pilotak asko geratu direla, eta ezin genuen minik egin. Beñat eroso zegoen, eta nik ezin nion pilotarik kendu. Josebak bolearekin min handia egin du».
Pilota geldoek eragina izan duten galdetuta, Etxeberriko atzelariak adierazi du hasieran «min» egiten zutela, baina gero beste pilotarekin ez dutela asmatu: «Beraiek lasai eta eroso zeuden».
Ez dute oraindik punturik bildu. Horren inguruan, Aspeko atzelariak adierazi du puntuak «lehenbailehen» lortu behar dituztela: «Puntu bakoitza oso garesti dago. Datorren astean aukera polita dugu. Badakigu Zabaletak zenbat jokatzen duen. Bikote gogorra da, eta ea zorte hobea dugun». Elordi-Zabaleta bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
PARTIDAKO FITXA
Ezkurdia-Rezusta: 22
Etxeberria-Martija: 15
Pilotakadak: 616. Iraupena: 66.46. Markagailua: 0-3, 1-3,2-3, 2-4, 2-7, 3-7, 3-8, 7-8, 7-9, 10-9, 10-10, 10-11,11-11, 11-13, 21-13, 21-14, 21-15 eta 22-15. Sakez egindako tantoak: Ezkurdiak bat bera ere ez, eta Etxeberriak egindako bat. Jokoan egindako tantoak: Ezkurdiak 11, Rezustak 5, Etxeberriak 7 eta Martijak 2. Galdutakoak: Ezkurdiak 6, Rezustak 0, Etxeberriak 4 eta Martijak 2. Gertakariak: Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Sakea gorriena izan da.
Laso-Iztueta garaile, Jaka-Imaz bikotearen aurka
Ezkurdiak eta Rezustak ez ezik, Lasok eta Iztuetak ere bigarren puntua eskuratu dute Binakako Txapelketan. Jaka eta Imaz azpiratu dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan (18-22). Hauek ere partida gogorra jokatu dute, eta azkenerako, Tolosako atzelaria eta Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria garaile. Ezkurdia eta Rezustarekin berdinduta, Baikoko bikotea sailkapenaren gorengo koskan dago bi punturekin.