NAIZ
BILBO

Jon Uriartek salaketa jarri du irain eta mehatxuengatik

«Herri Harmailarekin sartzeagatik» ondorioak izan ditzakeela ohartarazi ostean jarri du salaketa. Athleticek esan du mehatxuek ahantzi ezin den «marra gorria» gainditzen dutela, baina Herri Harmailari ez diola inolaz ere halakorik egin izana egozten gainetatu du.

Jon Uriarte duela denbora gutxi egindako argazki batean.
Jon Uriarte duela denbora gutxi egindako argazki batean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Athletic-eko presidente Jon Uriartek salaketa jarri du Ertzaintzan, abenduaren 4an Bilbon Real Madrilen aurkako partidaren ostean «herri harmailarekin sartzearen» ondorioez ohartarazi zutenean jasan zituen «irain eta mehatxuengatik», Bilboko klubak berak esan duenez.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, abenduaren 4an salaketa bat jarri zuten Bilboko ertzain-etxe batean, Indautxu auzoan gertatutako «irain eta mehatxuengatik».

Ohar baten bidez, klubak baieztatu du Jon Uriarte mehatxatu egin zutela San Mameseko irteeran, Real Madrilen aurkako partidaren ostean.

Adierazi duenez, hainbat irainez gain, presidentea beldurtu n nahi izan zuten, «Herri Harmailarekin ‘sartzeak’ izango lituzkeen ondorioez» ohartaraziz.

Klubak berak, batzorde betearazlean bilduta, «entitatea egituratzen duten balioen defentsan» salaketa jartzeko eskatu zion presidenteari.

«Athletic Clubek modu demokratikoan aukeratzen ditu bere presidenteak bazkideen artean, eta mehatxuek ezin ahaztu daitekeen marra gorria gainditzen dute. Izan ere, izenaz eta pertsonaz harago, presidenteak Athletic Club ordezkatzen du, gure Estatutu Sozialetan jasota dagoen bezala, eta bere karguaren arabera jasotzen dituen laidoek erakundea iraintzen dute ", ziurtatu du.

Athletic Clubek zehaztu duenez, mehatxua ez dio inolaz ere Herri Harmailari egozten, horko «gehiengoa, gainerako zale zuri-gorriek bezala, kiroltasunaren, elkarbizitzaren, gizalegearen eta errespetuaren eredu baita».