Jule Goikoetxea, idazlea

Hiltzen banaiz

Jule Goikoetxea, Angela Davis eta Vandana Shiva.
Jule Goikoetxea, Angela Davis eta Vandana Shiva. (NAIZ)

Bartzelonako liburu erradikalen azokak hamar urte bete ditu aurten. Ospatzeko, kategoriako hizlariak ekarri zituzten maiatzean, eta niri Angela Davisen elkarrizketatzaile eta bizkartzain izatea egokitu zitzaidan. Lehen egunean, azokan geundelarik, bizitzear nengoenarekin liburu bat idaztea proposatu zidaten pare bat argitaletxek. «Bai, zera! Beste liburu baten entrega dut udazkenean, eta udaran hauteskunde-ikuskaritza Venezuelan». Nola pasa gara hortik, «Bea, Venezuelan hiltzen banaiz, karpeta honetan duzu liburuaren zirriborro bastarta» honetara? Vandana Shivaren hitzaldira joan ginelako igandean, Davisen ekitaldi nagusia eta hurrengo egunean, eta hala hasi zuen hitzaldia: «Nor ziren sorginak? Bederatzi milioi pertsona erail zituzten, gehienak emakumeak, beren garaian sendatzen, landareak ezagutzen, erditze segurua ematen adituak ziren emakumeak. Hor Francis Bacon zegoen tartean, zientzia modernoaren aita deitzen duten hori, baina egin zuen guztia denboraren jaiotza maskulinoari buruzko liburu bat idaztea izan zen, natura zure esklabo nola egin irakasten zuena. Momentu horretan, kanalaren beste aldean, Descartes izeneko ero bat dago, gorputzik gabeko gauza pentsatzaile bat dela dioena, bizidunei buruz makinak balira bezala hitz egiten zuena. Eta gero, ekonomia modernoaren aita daukagu, Adam Smith... Gizon horiek guztiak irakurri ditut nire zahartzaroan, eta ezin dut ulertu nola bihurtu zen idatzi zuten zaborra...».

Eta orduan bai, liburua egingo dugu, esan zuten nire jainkosek, kolonialismoaren eta modernitate kapitalistaren kritika politiko eta filosofikoa egin dezakegulako Shivaren eskutik, azken 80 urteetako esperientzia politiko, sozial eta ekonomikoen inguruko hausnarketak Davisen eskutik, borroka sozial guztiak lortzen dituen marko berri baten zantzuak biribildu Ahmed, Haraway, Spivaken eskutik, konplexutasunaren garrasia anplifikatu garbitzaile eta zerbitzariekin, gautik eta beharretik jaiotako Moirekin eta, Venezuelatik pasa eta gero, gerrilla bolibartarrak bezala armatuak jaiotzen diren Buladekin, jainkosen eta gizakien alabak direnak Akiles marikita bezalaxe. Transespezieak.

Azken hauek lotura berezia izango dute Errealitateko jainkosekin, alegia, Angela eta biok gauden hoteleko gelak garbitzen dituzten Ana Maria eta Mariñarekin, zeinak Etorkizunaren jainkosa, Davis, ezagutzen duten, of course. Lau egun horietan nire eginkizuna Etorkizunaren jainkosaren bizitza erraztea izango da, baina politeistak gara, gure eginkizunak eta helburuak beti dira anitzak, maitasuna eta gerra politikoak bezalaxe. Eta azoka amaitzean eginkizun pila izango ditugu Angelak eta biok. Hark, honoris kausa doktoretza jasotzea Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Generalitateko lehendakariarekin eta ministroekin biltzea. Nire eginkizuna, bere atzealdeari itsatsita egoteaz gain, Katalanen seny ilustratua argiztatzea izango da, Euskal Herrian dugun ilustratuen eta anarkisten absentzia azaleratu eta Alemanen tolerantzia genozida herri ingelesen arkitektura suizidarekin alderatzea, eta, zergatik ez, britaniarrekin alderatuta, yankiek gastronomia dutenaren ideia zapuztea. Frantzia Angelarena izango da, bertako arrazismoa ezaugarritzea bere esku geratuko baita, gurearen oso parekoa denez, arrazismoa, geure demokrazia deliberatibo zuriek dituzten arazoez hausnartuko dugu ere, publikoki eta taxiek sortzen duten intimitatean, Davisen irakasle izan baitzen Habermas, zeina Israelek aurrera daraman genozidioaren alde agertu baita.

‘Politeismo bastarta’ liburuaren azaleko margoa. (Laura ESTEVE)

Lau egunotan gertatutakoek bizitzaren dimentsio zientifiko eta filosofikoak esplotazioarekin eta desjabetzearekin uztartzeko balio behar zuten, eta jainkotzat hartzen diren horien joera genozida, arrazista eta misoginoa –ui, hau sorpresa!– ilustratzeko. Joera politikoa, ez biologikoa. Politikoa. Politikotasuna zabaltzea da artefaktu honen helburuetako bat. Beldurra murriztea. Bizitza txikitik handira doa, Big Banetik zelulara, zelulatik gibelera, gibeletik diskurtsora, gure bizarrek zazpi milioi urte dituzte, eta zeru-hauts jaio baina lirika bilakatu zen kontakizun honek milioika gehiago. Aldaketa politikoa ikusteko ezinbestekoa baita perspektiba historikoa eta denborazkotasun dibergenteak espazio-eskala desberdinetan txertatzea. Atsoak jakitun dira. Komun zuloko Buladek eta komunak garbitzen dituztenek ere ondo dakite, gorotza da gure lehen hazia, hori bai dela makroekonomia. Kosmobisio nagusiek errealitate fisiko kimiko zehatzetan baino ezin dute existitu, errealitate material horiek sortu eta birsortzen dituztelarik, subjektu zehatz batzuk taxutuz edo deseginez: langileak, zuriak, emakumeak, migratuak, putak, senarrak, jainkoak, gizon serio ilustratuak.

Jainkoa eta merkatu librea fikzioak dira baina merkatu libreaz hitz egiten daramaten ideologo guztiek zientzia esaten diote fikzio horren inguruko hausnarketei eta jainkoa den fikzio horren ingurukoei, teologia, ez diete “nobela edo fikzio” esaten haien tratatu solemne, serio, monoteistei. Eta monoteismoa bizitzaz nekatua dagoen jendearentzat da, bizitzari beldurra izatetik sortzen baita, bizitzaren aniztasunari izua izatetik, horregatik murriztu behar du den-dena bakar batera, beste jainko guztiak hiltzen ditu, eta fase historiko bakoitzerako gaizto bakarra aurkitu, lehenik Satanas, gero erregea, gero estatua, gero dirua. Ongiaren kausak ere bakarra izan behar du: arima, arrazoia, legea edo ekonomia; subjektu salbatzaile bakarra, egiazko maitasun bakarra eta moral unibertsal bakarra. Pixka bat hazkatuz gero beti agertzen da jaun burusoil berbera atzean. Eta guk, politeistok, ez dugu astirik ezagutza gisa zertifikatutako depresio honetarako. Herrixka osoak ditugu lagunez beteak eta etxe osoak etsaiez lepo. Europa bera elizaz eta jende tristez betetako herria da, gure alde doktrinatzeko prest. Eta horretarako ari dira antolatzen Buladak. Uruako mendekoak dira, baina ez begiratu Wikipedian, ez dituzue Buladak hor aurkituko, oraindik. Nireak dira, eta hemendik aurrera zuenak ere izango dira.

Fikzioa/ez fikzioa dikotomia existentzia diziplinatzeko irizpide gisa erabiltzen dugu eta errealitatearen ulerkera hegemonikoa eta statu quoa mantentzeko. Marxek zioen bezala, oso erreala baita merkantzia eta aldiz fikzioa. Egun ditugun fikzio erreal horiek etorkizunik gabe uzten gaituzte, eta etorkizuna berriro ikusi nahi badugu mikrofisika ahozikin bat asmatu beharko dugu, espezieak beren hizkuntzan irainduko dituena eta beren burua jainkotzat duten leloei koplaz erantzungo diena. Erleak produzitu beharko ditugu senarren ordez, eta transmutazioaz eztabaidatu mikrobionteekin, likena ez baita inoiz bere buruaren berdin-berdina izan, baina beti izan du arrazoiak baino jakituria handiagoa, eta horregatik daude laku gaziak eta gatzik gabeko itsasoak, mundua artikulatzen zuten ziurtasunek jada ezin dutelako mundua azaldu.

Oraina faxismoz egina da, etorkizuna aldiz Buladez eta holobionteez baina etorkizunaren eraikuntza materiala errelatoa kolektiboki aldatzetik hasten da ezinbestean, horregatik, zaindu dezagun zentzua biharamuna balitz bezala. Biharamuna materia semiotikoa delako, zeuen lepoetan gauza bururaezinak xuxurlatuko dizkizuen materia, eta ez da berriro ezer pasatuko sekula gurea izan ez den Nitik, ezer ez beti haiena izan den Zeratik, ezta beti menderakuntza izan den SuperNitik ere. Kontakizuna zaindu behar da. Zentzuan egon baita beti krudeltasuna.

Eta liburuan argi erakutsi nahi nuen, zentzua eta esanahia ez direla ideia edo arima erratu gisa hegan egiten duten esentziak, bat-batean, danba, materiarekin topo egiten dutenak. Ez. Zer jaten duzun, hala pentsatzen duzulako. Eta zure posta kodearen arabera gauza bat edo bestea jaten duzu. Materialismoa. Ez duzu gauza bera pentsatzen otarrainxkak jaten hazten bazara edo mcdonaldsak. Eta seguruenik ez duzu ezertxo ere pentsatuko entsalada misto baten, bakailao-nahaski baten eta urdaiazpiko kroketa batzuen ondoren txuleta bat patatekin jaten baduzu. Horregatik dute haiek Familia Santua eta guk Sanferminak.

Eta ez naizenez Venezuelan hil, Durangoko Azokan ikusiko dugu elkar, artefaktu bastart honen aurkezpenean.