Jende kopuru polita mugitu zen igandean, egun osoan zehar, Durangoko Azokan. Ez zituzten Landakoko ateak itxi behar izan, aurreko egunetan legez –ostirala izan zen egun jendetsuena–, baina bisitari kopurua espero zena baino handiagoa izan zen, eguraldiak etxetik ateratzeko gogoa pizten ez zuela kontuan izanda.
Azken unera arte erakusleiho honek eskaintzen zuenari zukua atera ondoren, 18.00etan itxi zituen ateak aurtengo edizioak, Benito Lertxundiri esker ona erakusteko egin zen ekitaldi batekin: hainbat musikarik eta sortzailek ‘Oi ama Eskual Herri’ abestia kantatu zuten areto nagusian, baina Landako gune osoan entzun eta kantatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.
Horrela agurtu zuten aurtengo edizioa. Datorren urtekoa, 60.a, abenduaren 5etik 8ra egingo da.
Gerediagak erronka berria jarri du
Pozik agertu zen Gerediaga elkartea arratsaldeko lehen balorazioan: «Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egin diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela. Horrek guztiak pentsatzera garamatza, kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok».
Ez zuen daturik eman, baina jendetsua izan da edizio hau. Esate baterako, aurreneko egunean, Euskal Herri osotik 100 bat autobus gerturatu ziren Durangora eta, horrez gain, guneetako aurkezpenak jendetsuak izan dira. Halere, edukieraren kontrolek ilarak sortu dituzte: «Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan –aipatu zuen Gerediagak–, eta erakutsitako jarreragatik eskerrak eman behar ditugu. Hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko gara».
Benitoren itzala
Benito Lertxundi ez da Azokan izan, baina bere itzal luzea, bai. Seguruenik, gehien saldu direnen artean egongo da ‘Gernika kontzertuan’ (Kantaita Enea), oholtzatik egin duen agurraren isla bihurtu dena. Olatz Zugasti aurkitu genuen erakusmahaian, saldu eta saldu. LPa agortuta zegoen jada. Hainbat talderen standetan ikusi genuen «Dena salduta» kartela. Ziztu bizian saldu zirelako; esate baterako, Zea Maysen ‘Elektrizitatea’.
Denetariko erosleak bertaratu ziren Benito Lertxundiren disko bikoitzaren bila. «Hau gure kontzertuetan ere islatzen da –esan zuen Olatz Zugastik–. Benitok dioen bezala, gure kontzertuetan belaunaldi desberdinak ikusten dira; bestela ez zuen iraungo hainbeste denbora. Eta gure kontzertuetara entzule berriak etorri direlako joan gara irauten. Hemen ere antzematen ari gara berotasun hori, samurtasun hori».
Reparaz, ilusiora kondenatua
Etengabeko ilara baten buruan –sinatzen, argazkietarako posatzen, jendearekin hizketan– ikusi genuen Pello Reparaz Azokan zehar. Zetak taldeko kantariak sei-zazpi ordu inguru eman ditu egunero erakusmahaian, aitortu zigunez. Ilaran, pazientziaz eta euripean itxaroten, familia asko. «Zorionez, guk daukagun pertzepzioa da adin desberdin askotako jendearengana heltzen garela. Gurea, batez ere, 25-30 urte tartean dago, baina denetarik dago, familia osoak azaltzen zaizkigu».
Azokarekin ere, pozik agertu zen: «Itxaropenera kondenatzen nau, Durangok gure euskararen ekosistemari bultzada ematen diolako». Euskalgintzari tenperatura hartzeko baliagarria den hitzordua dela esan bai, baina aitorpen bat ere egin zigun: «Lehenengo egunean [ikasleen egunean] nahiko katastrofista jarri nintzen, niregana zetozen txikitxoetariko askok espainolez egiten zidatelako. Halere, ameskeria moduko bat izan zen, gero ikusi dudalako benetan indartsu gaudela euskalgintzan, kultura arloan behintzat, eta euskara entzun da barra-barra, etenik gabe, eta hori gauza ederra da».
Euskal musikagintzaren suspertze bat ez al da nabaritzen azken garaiotan?, galdetu genion. Izan ere, taldeen kontzertuak iragarri eta sarrerak berehala agortzen dira: «Euskal musikagintza oso babestua izaten ari da azken garaian. Kontzertuekin eta sarrerekin, adibidez, bizitzen ari garena ikaragarria da. Orain dela sei urte, Vendettarekin, nire aurreko proiektuarekin, 6.000 lagun batzeko aukera izan genuen gure despedidan, Iruñean, eta hori historikoa izan zen, erokeria hutsa. Orain, Zetak taldearen bosgarren urteurrenean, 30.000 lagun bilduko ditugu Iruñean [‘Mitoaroa’ kontzertuak Nafarroa Arenan urtarrilaren 3 eta 4an egingo dira]; beraz, hor zerbait gertatu da, eta hori ederra da; gurea bezalako proiektu bati hauspoa ematen dio beste proiektu batzuk egiteko».
Talde txikiak, zaletu bila
Andres Kamio ‘Jitu’ Elkar argitaletxeko musika arduraduna da, beterano bat musikagintzan eta Azokan. Ez ditu datu zehatzik oraindik, baina salmentak ondo direlakoan dago. Halere, hau ez da garrantzitsuena: «Nobedadeak saldu egiten dira, bai, baina guretzat oso inportantea da Azoka, erakusleiho bat delako gure fondoarentzat, Elkarren oso inportanteak dira fondoak». Azokak horretarako ere balio duelako, memoria berreskuratzeko.
Eta Musika Zuzenean zigiluko standean Koldo Otamendi aurkitu dugu. Nola joan zaie Azoka? «Ondo, gurean denetarik dago: batzuk zero kopia saldu dituzte eta beste batzuk, dezente. Talde berriak dira gureak. Gure standean dago Azokaren nobedade erdia –dio umorez–, 66 nobedade daudelako hemen. Guretzat inportanteena da hemen egotea».
Baina musikan aditu gisa, nola ikusi du Otamendik Azoka hau?, bota diogu. «Azokan alderdi desberdinak daude. Badira arrakasta handiak, talde popularrak, Izaro eta abar; eta beste aldetik, bidea egiten ari diren taldeak. Hemen proiektu txiki asko dago bere standarekin. Horientzat, nahiz eta gutxi saldu, erakustoki gisa balio du. Azkenean stand bat badaukazu, guk 66 talde ditugu leku batean, jendea, aurretik pasatzeakoan, taldearen izena ikusten du, logoa.. eta agian ez duzu ezer erosiko, baina izenarekin gera zaitezke.»
«Edizio honek egun bat gutxiago izan duenez –gehitu du–, Ahotseneako kontzertuetan nabaritu da, talde gutxiagok izan dutelako jotzeko aukera. Aurten ez da disko nobedade handi bat; esaterako, ETS iazko diskoarekin dago, Bulegok fanzine bat atera du, Izarok Gabonetako diskoa... Orduan, Ahotseneak egin behar duena da talde berriei jotzeko aukera eman».
Literaturan, lan eta lan
Garazi Arrula Txalapartako editorearena izan zen Azokaren bezperan Landakora egin genuen bisitan ikusi genuen lehen aurpegi ezaguna. Ahotsa nahiko ongi du oraindik, pixka bat urratuta, baina «laugarren eguna izateko, ahots asko izatea da!», diosku.
59. edizio hau ondo joan dela egiaztatu digu. Eta salmenten aldetik? «Liburu batzuk agortu dira –dio–, baina gurean, behintzat, azken urteetan joera argi bat dago: nabarmentzen dira pare bat izen, baina gero nahiko banatuta dago salmenta. Beti saltzen dira funtsan ditugun liburuak, orain dela 20 urtekoak, adibidez, eta hori aberasgarria da, horrelako feria handiak ikusgarritasuna eman beharko lukeelako».
Beraz, merezi al du Durangora etortzea?, bota diogu galdera. «Ezin dugu aukera moduan hartu. Ez da aukera bat etortzea ala ez etortzea, eta ez bakarrik salmentengatik baizik eta ikusgarritasunagatik eta harreman bat ematen delako irakurle eta harpideekin. Durangora etortzea beti da aberasgarri».
Barrenkale kalean, parez pare, Pamielaren erakusmahaiak daude. Nolabait, esan daiteke Iruñeko argitaletxe beteranoaren nobedade baten aurkezpenarekin ‘itxi’ egingo dela 59. edizio hau. 17.30etan egingo da, Ahotsenean, ‘Iurretako berbeta eta literatura: Sator hegalariak’, Xabier Bovedak eta Joseba Sarrionandiak Iurreta herriaren istorioa eta istorioak biltzen duen saiakera liburuaren aurkezpen publikoa.
Lander Majuelo, Pamielako editorea, pozik dago. Espero zitekeen legez, haur literaturak indar handia izan du eta Xamar bezalako ‘klasikoek’ ikuslegoa erakarri diete, ‘Orhipean: gure herria ezagutzen’ argitalpen berritua sinatu eta sinatu ibili da Xamar egun hauetan.
‘Ezuste’ atsegin batzuk izan dituzte, aipatu digu. Adibidez, Jose Angel Irigarayren ‘Ele eta hitz, ahoz eta idatziz’ poesia liburua lehenengo egunean agortu zitzaien. «Nik gure arteko giro ona aipatu nahiko nuke –esaten digu–. Argitaletxeen artean, azken egunean eta, ateak ixten direnean, gure artean azken nobedadeak trukatu ohi egiten ditugulako. Esaterako, guk Susasoekin egiten dugu».