Serio itxura hartu du Kopako hurrengo kanporaketak, Reala zein Osasunarentzat hirugarrena eta Athleticentzat lehena izango denak, azken hau Superkoparako sailkaturik dagoelako. Lehian geratzen diren hiru euskal taldeek beren aurkariak zeintzuk diren jakin dute astelehen honetan. Urtarrilaren 4an jokatuko dute Tenerifek eta Osasunak (15.30) eta 5ean izango dira Ponferradina-Reala (15.30) eta UD Logroñes-Athletic (21.00). Gero jada 16 talde baino ez dira geratuko, finala jokatzea helburu.
Aurretik jakina zenez, RFEFeko Bigarren Mailako aurkari bat egokitu zaio Athletici: U.D. Logroñes. Albiste ona bilbotarrentzat, beraz, bidaia motza egin beharko dutelako Saudi Arabiarako hegazkina hartu aurretik.
Las Gaunas mitikoan jokatzen du 2009an sortutako talde honek eta euskal jokalari ugari ditu. Denboraldi ona ari da osatzen; Ligako sailkapenean hirugarren dago, Getxo Arenas eta Eibar Bren atzetik.
Potenteagoak izango dira Realak eta Osasunak aurrean izango dituzten taldeak: Ponferradina eta Tenerife. Gogoratu behar da kinka larrian ibili zirela jada txuri-urdinak eta gorritxoak aurreko kanporaketan, Conquense eta Ceuta, hurrenez hurren, mendean hartzeko.
Ponferradina RFEFeko Lehenengo Mailan ari da orain, zenbait denboralditan Bigarren Mailan jokatu ostean. Seigarren postuan da une honetan Ligan; Sansek baino hiru puntu gutxiago batu ditu, multzo berean.
Leongo klubak pozez hartu du zozketaren emaitza, eta Realak inoiz ez duela Toralin estadioa zapaldu nabarmendu du sare sozialetan.
Bigarrengo bat Osasunarentzat
Bigarren mailako talde bati egin beharko dio aurre Osasunak, bere aldetik: sailkapenean oso makal dabilen Teneriferi, momentuz aulkian Pepe Mel (Osasunako jokalari ohia) eserita duena. Kirol arloan ez da albiste txarra agian, baina bai tokiari dagokionean. Izan ere, orain arteko bi kanporaketak ere urruti gainditu behar izan ditu Iruñeko taldeak, Chiclanan eta Ceutan, horrek dakarren zailtasunarekin.
2019. urtean jokatu zuen Osasunak azkenekoz Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan. Bigarren mailan izan zen. Partida ikusgarria egin zuten Jagoba Arrasateren mutilek, markagailuan 0-2 aurreratuz, Rober Ibañez eta Brandonen golei esker. Azkeneko minutuetan, ordea, etxekoek irauli egin zuten norgehiagoka, 3-2 irabaziz. Lehen Mailarako bidean, Osasunak bigarren itzulian galdu zuen partida bakarra izan zen hura.
Partida bakarrera jokatuko da erronda berri hau. San Mamesen, Anoetan eta Sadarren, beraz, ez da norgehiagokarik egongo oraindik. Finalerdietara heldu arte ez da joan-etorriko sistema indarrean sartzen.
Hauek dira gainerako kanporaketak: Barbastro-Bartzelona, Pontevedra-Mallorca, Deportiva Minera (Alavesen borreroa izan zena)-Real Madril, Marbella-Atletico Madril, Ourense-Valladolid, Granada-Getafe, Huesca-Betis, Santanderreko Racing-Celta, Ferroleko Racing-Rayo, Almeria-Sevilla, Eldense-Valentzia, Cartagena-Leganes eta Elx-Las Palmas. Pozarik handiena Barbastron eta Cartagenan hartu dute, duda izpirik gabe.