Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista begirada feminista eta subiranistatik aztertzen duen urteroko dosierra osatzen ari da jada Talaia Feministak.
Egitasmoak duela bizpahiru urte abiatu zuen bidea, eta 2023ko dosierra izan zen lehen emaitza eta duela egun batzuk Durango Azokan aurkeztu zituzten hango edukiak. Iazko dosierrean aztertutako sei gertakarietako lau izan zituzten hizpide bertan: eguraldia eta krisi ekologikoa; bizitza garestitzea; euskararen aurkako oldarraldia; eta Rubiales, Mario Lopez, Patrick Poivre d'Arvor eta indarkeria matxista.
Horrekin batera, azterketaren ondorioak eta 2023. urteak emakumeongan eta jendarte feminista eraikitzeko bidean izandako inpaktua ere jorratu zituzten. Ondorio horietatik abiatuta, euskal jendarteari, erakundeei eta eragile sozialei zuzendu zizkieten gomendioak ere. Izan ere, Talaia Feministak, analisi feminista egiteaz gain, eragiteko helburua ere badu; zehazki, Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko akuilu izan nahi du.
Koiuntura, politika publikoak eta osasun mentala
Iazko urtearen analisia partekatzeaz gain, 2024korako zenbait kontu iragarri dituzte: batetik, koiuntura aztertzeaz gain, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoei, eta osasun mentalari erreparatuko diote.
Bestetik, Talaia Feminista Uneak badu data eta tokia: otsailaren 1ean egingo dute Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatean, bertako Ekonomia Aplikatua sailarekin lankidetzan antolatuta.
Urtarrilean emango dute eduki nagusien berri, eta ondoren, otsailaren 1ean, Talaia Feminista Unea egingo dute. Iaz Oreretan egin bezala, aurten ere hainbat esparrutako dozenaka emakume feminista eta subiranista bilduko dira. Eta ariketa kolektibo zabal horrek emandakoarekin osatuko dituzte dosierra, ondorioak eta gomendioak.