«Askotan ez da gai batzuk nora eramaten ditugun, bistara ekartze hutsa baizik»
Hirugarren Gipuzkoako finala izango da larunbatekoa Oihana Iguaran Barandiaranentzat (Villabona-Amasa, 1991) gogotsu dago oholtzara igotzeko, eta 2019ko arantzatxoa kendu nahi du, aurtengoan bere buruaren, gorputzaten eta egoeraren jabe sentitu nahi du.
Azken finalerdia kantatu zenuen Arrasaten, nola bizi izan zenuen eta aurrera begira zer moduz zaude?
Orain arteko bidea polita izan da, gogoz egon naiz noiz kantatuko, bertso eskolako kideak ni baino lehen hasi ziren txapelketako saioetan eta pixka bat zain egon naiz, sartzeko gogoz. Irunen oso gustura aritu nintzen, eta gero pixka bat luze egin zait itxaronaldia, beste hilabete eta gehiago pasa dudalako zain finalerdirako. Arrasatera tentsio horrekin joan nintzen, gauza batzuetan asmatu genuen, beste batzuetan ez horrenbeste, eta orain, gauzak hobeto egiteko gogoz nago.
Fase batetik bestera ariketak aldatu ziren, azken finalerdietako ariketak zorrotzak ziren?
Eraiki beharra eskatzen zuten ariketa berriek. Gainera, ez zen ofizio bat bakarrik, bat baino gehiago ziren berezitasun hori zutenak, zehaztea bertsolariengan uzten zutenak, eta hor erabaki onak eta txarrak denok hartzen ditugu. Nik ez nuen sufrimendutik bizi izan, baina saio aurretik bazenekien hor bazela gako bat eta agian momenturen batean beharko zela bertso bat sakrifikatu, zehaztu beharreko hori ondo zedarritzeko edo esplizitatzeko.
Adibidez, zortziko txikian launa bertso izan genituen, eta hori asko eskertzen den gauza bat da; plazako jardunean askotan, batik bat elkarrizketak bidea aurkitzen badu edo gustura ari bagara, ematen du aukera garatzeko eta ñabardura ezberdinak atera ahal izateko. Zentzu horretan, polita izan zen launa bertso edukitzea, gai normala izan balitz ere, hau da, rolak izan ez balira ere; finala ere neurri libreko ariketarekin hasiko da, eta nik, behintzat, eskertzen dut.
Plazako jardunera hurbiltzen diren ariketak izatea eskertzen duzu?
Bai, baina batez ere iraupenagatik nion. Pentsatzen dut txapelketak bertso kopuru mugatua behar duela neurtu ahal izateko; plazan guk malgutasun hori izaten dugu, zenbat bertso, neurria eta doinua. Finalean ere erabakitzeko aukera emango zaigu, eta nahiz eta hurrengoak erabakita egoteak baldintzatzen duen, nire ustez interesgarria da, margen bat ematen duelako gaiarekiko erabaki zehatzagoak hartu ahal izateko.
Hausnarketari eta aktualitateari bide eman ohi diezu zure bertsokeran.
Batetik, bizi garen munduan joera batzuk eta kezka batzuk baditugu, bai guk baita publikoko jende askok ere. Mikrofono bat aurrean daukagun momentutik bada modu bat eragiteko edo aukera bat behintzat, eta nik zentzu horretan ardura bat sentitzen dut. Ez dut uste nire hausnarketa maila gorago dagoenik entzule askorena baino, alderantziz. Baina guk badugu mikrofono bat, badugu bide batzuk ateratzeko aukera, askotan ez da gai batzuk nora eraman, baizik eta bistara ekartze hutsa, eta nik beste bertsolariei hori eskertzen diet asko, orduan, ahalegintzen naiz ni ere ekarpen bat egiten.
Doinu berria plazaratu zenuen Arrasaten, baita 2022ko Txapelketa Nagusian ere, gustuko duzu doinuen jolas hori?
Txapelketa garaian eta bakarkakoetan nahiko molde irekiak izaten dira, baditu ezaugarri batzuk istorio bat garatzea eskatzen dizutenak, eta uste dut hor bertsolari asko eta asko ibiltzen garela gure neurriko soinekoaren bila, gure estiloari edo momentu horretan daukagun joerari ondoen zein doinu emango zaion pentsatzen. Niri pertsonalki gustatzen zait doinuren bat buruan dabilkidan boladan horrekin zerbait probatzea, lantzea. Bakarkako ariketa lantzeko nire modua batzuetan bada emozionatzen nauen doinu bat hartu eta horri buelta bat ematea, interesgarria egiten zait hori, motibagarria.
Benito Lertxundik kantagintza utziko zuela iragarri zuen astean ekarri zenuen bere abesti batean oinarritutako doinua, kasualitatea?
Neurri batean bai, Benitok gure bizitzako soinu banda handi bat utzi du, eta bere doinu gustuko asko dauzkat, bertsotan asko dira ezagunak. Baina Arrasaten kantatutako doinua aspalditik nuen buruan, ez da kasualitatea bertso saioen aurretik girotzeko behin baino gehiagotan jarri izana, asko hunkitzen nau. Pertsonalki, saioetako sarrera giro goxoarekin lotzen dut, eta bertsogintzatik asko gozatzen dudan eremu batera eramaten nau. Doinu horri zein neurri emango niokeen pentsatzen hasi nintzen, bertso eskolan probatzen, eta gero, kasualitatea izan zen aste horretan bertan Benitok agurtzeko erabakiaren berri eman zuela, nahiko omenaldi itxuran geratu zen.
2019ko finaleko azken agurrean bertso eskolei begira jarri zinen: «...Zabiltzatenei bertso eskoletan/ segi bultzaka/ lehengo modetan/ hari tira ta zabaltzen/ Zail da askoren txingurri lana/egun batean azaltzen/ itzalpekoa ez zaigulako/ hau bukatzean itzaltzen/ iraun zuena bizitu dedin/gehiagorentzat bizigarri egin/ segi dezagun osatzen/ ta batez ere gozatzen». Txapelketa honetan, presentzia berezia hartu dute bertso eskolek. Zein funtzio betetzen dute bertsoaren ekosisteman zure ustez?
Nik uste dut beti egon direla oso presente eta txapelketa denetan bistaratzen den ezkutuko lan bat dela bertso eskolena; bai gure eskerretan bai aipamenetan beti-beti-beti agertzen dira bertso eskolak, ez da kasualitatea, hortik sortzen gara.
Nik uste dut bertso eskolei, eta kasu honetan sorrerako horiei, gauza asko zor dizkiegula; batetik, jardun honen iraupena, zabalkundea eta esparru zein jende berriarengana iritsi ahal izatea. Horrek dakar jende desberdinaren ahotsak bertso eskoletara eta plazara ekartzea, oraindik bide luzea dugu egiteko, oraindik jende asko falta da.
Gaur egungo guztia aitzindari izan ziren horiei zor diegu, apustu bat ikusi eta sinetsi zutenei; gogoratu behar dugu garai horretan deseraikuntza bat suposatu zuela, halako jenio kutsu batetik zetorren bertsolaritza deseraiki eta demokratizatzea. Sekulako ausardia eta lana da, talde horiek guztion bizitzetan duten erreferentzialtasuna izugarria iruditzen zait, bertsotik urrunago zaudenean ere badira bueltatzeko espazio, ardatz bihurtzen direnak, hori izugarria da, bertsoaren ekosistemaren oinarri garrantzitsua.
Ekosistema horren lehenengo lanketa umeekiko begira behintzat hezkuntza arautuan hasten da, ezagutza ematen zaie eta hor sekulako zabalkundea egiten da, bertako talde murritz bat iristen da bertso eskoletara. Eta gero hortik aisialdira, izan Ahostegunak, izan bertso udalekuak. Hasteko eta behin, euskararen bueltan zedarrituak dira, eta bestetik, hizkuntzaren lanketarekin batera zehar lerroan hausnarketa eta gogoeta sustatzen du, jolasaren bueltan betiere, baina nik uste badela jardun bat gogoetara bultzatzen gaituena.
Niretzat sekulakoa da pentsatzea hainbeste gaztetxo hizkuntza landu ahala ari direla jartzen agian sekula pentsatu ez dituzten roletan, urrun sentitu dituzten errealitate batzuetan. Nik hain gaztetatik begiak zabaldu izana bertsolaritzari zor diot, bertso eskolak horretarako eremu bat izatea izugarria iruditzen zait.
Zein gorputzaldirekin edo asmorekin iritsi nahiko zenuke larunbateko saiora?
Izugarrizko gogoa dut, izugarrizko saioa egin nahi dut. Izan ditut sentsazio hobeak, okerragoak ere bai, bertsoaldi guztiak ez dira izan nik nahi nuen bezalakoak. Inoiz ez dut egin final bat “uau ederra” esateko bezalakoa, eta gogo handia dut hori egiteko, baita finala kontzienteago bizitzeko ere. Lehenengoa pixka bat ilusiotik eta ezin sinetsitik bizi nuen, duela bost urte ez nintzen iritsi nire baldintza onenetan pertsonalki, eta aurten, nire buruari zor diot kontziente eta egoeraren jabe sentitzea, eta izugarrizko gogoa dut bertso saio oso ona egiteko.