«Larrialditik indarraldira, Nafarroa osoan hizkuntza eskubideak bermatzeko unea da», defendatu du Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean. 1986ko Euskararen Foru Legearen 38. urteurrenaren atarian, urgentziazko neurrien dekalogoa aurkeztu dute Kontseiluak eta berau osatzen duten Nafarroako eragileek: Nafarroako Ikastolen Elkartea, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, Sortzen, Errigora, EMUN, UEU, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.
Urteotan urratsak egin badira ere, ez dute uste aski direnik, «aurreko inertzia batzuek bere horretan» jarraitzen dutelako: «Nafarroan ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzea eta euskara laugarren mailako hizkuntza bihurtzea; euskarazko ereduan matrikulatzeko zailtasunak edota funtzionario elebidunak legez diskriminatzea euskara jakiteagatik».
Salatu dutenez, edozein erabaki hartzean «herritarren arteko kohesioari eragingo liokeen onurari baino, kontrakoen balizko oldarraldiari» begiratzen zaio gehiegitan, «euskaraz bizitzeko eskubidearen gainetik jarriz hirugarren batzuen kexak».
«Bidegabekeria asko» dago oraindik Nafarroan, baieztatu dutenez. Are gehiago, «oraindik herritarrei hizkuntza eskubideak bizi diren tokiaren arabera aitortzen zaizkie».
«Orain da garaia»
Igande honetan, abenduak 15, Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena izanen da, eta ulertezina iruditzen zaie Kontseiluari eta bazkideei «urte luzez euskaldunak zokoratzeko eta herritarren arteko bereizkeria are handiagoa sortzeko» abian jarri ziren hainbat neurri baliogabetu ez izana. Aldarrikatu dutenez, «orain da garaia hurrengo urteetako politikaren oinarriak non kokatuko diren azaltzeko. Orain dagokie alderdiei esatea zein puntutaraino apurtu nahi duten urteetan euskaldunak diskriminatzeko abian jarri zituzten inertziekin».
Horretarako, Nafarroako Gobernuari hamar gakoren gainean determinazioz aritzeko eskaera egin diote, horietan guztietan bidelagun izanen dituela erranez.
Dekalogoa
«Arkitektura juridikoa aldatzea» planteatzen da lehenik. «Euskarak Lege berri bat behar-beharrezkoa du, nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena».
Bigarren puntuak dio Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen Dekretua behar dela eta horretarako departamentuetako hizkuntza planak martxan jarriko direla.
Hirugarrenik, euskararen aurrekontua handitzea proposatzen da. Aurrekontu osoaren %2 izanen da gutxienez. Honekin batera, hizkuntza politika gobernuaren politiken zehar-lerro bihurtuko da.
Hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jarri behar duela dio laugarren puntuak, eta helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartu behar dela bosgarrenak.
Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak hartzea; euskarazko hedabideak babestea; aisialdiaren euskalduntzea sustatzea; arnasguneak babestea; eta erabilera soziala eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak sustatzea dira dekalogoaren hurrengo puntuak.
‘Larrialditik indarraldira’ adierazpena
Iragan azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Eguna iristear zela, Kontseiluak ‘Larrialditik indarraldira’ adierazpena plazaratu zuen. Bertan azaldu zuen euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak daudela azken urteetan. Nafarroan, adibidez, hamar ikasletik seik ez dute inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, eta eremu euskaldunenetan ere erabilera soziala ahultzen ari da.
Bestalde, iazko azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren nabarmendu bezala, euskararen normalizazioa berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean berretsi, eta iragarri zuten 2025a urte garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat. 2025eko abendurako mobilizazio sozial handi baterako deia egingo dute.