Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egiaren ‘Guardasol gorria’ eta Fuchsen ‘Lurrez estali’ kaleratu ditu Ganbilak

Ganbila antzerki bildumak bi nobedade ditu: Lutxo Egiaren ‘Guardasol gorria’ eta Ximun Fuchs eta Axut! Kolektiboaren ‘Lurrez estali’. Umore absurdoa ardatz duten hiru antzezlanek eta performance batek osatzen dute lehena, eta euskal kulturaren fokua Izuran kokatzea lortu duen antzerkia da bigarrena.

Lutxo Egia eta Ximun Fuchs, beren liburuak aurkezten, Donostian.
Lutxo Egia eta Ximun Fuchs, beren liburuak aurkezten, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Susa eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen artean plazaratutako proiektuak, Ganbilak, bi liburu berri plazaratu ditu: Lutxo Egiaren ‘Guardasol gorria’ eta Ximun Fuchs eta Axut! Kolektiboaren ‘Lurrez estali’. Ostegun honetan aurkeztu dituzte, Donostian.

Oier Guillan editoreak egin dio sarrera ‘Guardasol gorria’ liburuari. Hiru antzezlan eta performance bat biltzen ditu. Umore absurdoak ardazten dituen antzezlanak dira. Errealitatea islatzen duen ispilu ganbila da teatro mota hau, ahalduntzen gaituen bide bat. Testu horietatik bi taularatzen ari dira egun umore mota honetan adituak eta arituak diren antzerkilari batzuk: Mikel Martinez batetik (‘Hamalau’ obra) eta Ane Zabalak eta Galder Perezek osatzen duten Giltxikaro taldea bestetik (‘Identitarteak’)».

Euskaraz eta batez ere euskaratik pentsatua gutxitan ikusi dugun esperientzia bat ematen du, berriz, performanceak. Literaturari estuki loturik sortu den proiektu honetan, dokumentazioa eta esperientziaren kontakizuna gakoa da, hala bilakatzen baita irakurlea publiko.

Kritika soziala eta galdera filosofikoak

Lutxo Egiak (1961, Santander-Bilbo) adierazi du antzerkia irakurtzeko ere badela eta hiru antzezlan hauek horretarako idatzi dituela. ‘Identitarteak’ Igor Elortzak asmatutako hitz batetik dator. Bidaia bat kontatzen du, mundu itxi, aldaezin eta esentzialistatik egun identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara. Jolas ero bat da, ezuste askorekin, identitatea hitza behin ere aipatu gabe.

‘Hamalau’ antzezlanean, notario bat ageri da eraikin bateko hamalaugarren pisuan. Bezero baten suizidioa egiaztatzera joana da. Ez da ohiko lana, baina nor da notarioa juzku moralik egiteko?

Hirugarren antzezlana ‘Free Tour’ da. Free tour bateko gidaria auzo historiko batean barrena abiatu da. Portaera ezohiko bat agertuko du eta gauza ezohikoak gertatuko dira.

‘Free Tour’ eta ‘Hamalau’ bakarrizketak dira.

Azkenik, ‘Haren da nire’ performancea Bartzelonan egin zuen. «Harkaitz Canori eskatu nion bizitza bat idazteko, nik bizi eta biziarazi behar nuena, eta horretarako casting bat egin nuen egiaztatzaile bat aukeratzeko eta Ana Galarraga aukeratu nuen. Egiaztatzaile ona izan zen».

Erran duenez, umorea da lan guztien ardatza eta bereizgarria. Umore ezberdina: «Batzuetan fina, delikatua, ironian oinarritua; bestetan eroa, katarkikoa. Absurdoan kokatzen da gehienbat».

Denean dago kritika soziala, eta galdera filosofiko batzuk.

Fokua Izuran

Gaizka Sarasola editoreak aurkeztu zuen ‘Lurrez estali’, aurten euskal antzerkian egon den fenomeno bitxi bat, oihartzun handia izan duena. Axut! kolektibokoei erronkak gustatzen zaizkie, eta lortu dute hilabete batez euskal kulturaren fokua Izura bezalako herri batean kokatzea. Hori posible egin duen testua da Ganbilara ekarri dutena.

Axut!-en helburua euskarazko antzerki herrikoia eta garaikidea egitea da. «Nahitaezkoa izaten dute horretarako sareak zabaltzea, ehizatu nahian zeintzuk diren komunitateak dituen beharrak. Bizi nahi horrek ekartzen du antzerki herrikoia. Bizirauteko nahi horretatik sortzen dira errituak ere eta ez da alferrik inauteriak eta antzerkiak hain loturik egotea. Hori islatzen da beren antzerkia egiteko moduan», deskribatu du lesakarrak.

Laborantzaren egoera larria azaltzen da antzerki honetan. Arazo eta zailtasunak, zauriak eta minak, eta batez ere etxalde baten gainbehera. Hori azaltzeko erabiltzen den testua klasikoa da, XX. mendeko Lapurdi eta Baxe Nafarroako antzerkitik edaten duena eta denboran irauten duena.

Egiazkotasuna

«Idazleari zuzendaria gailentzen zaio, garbi izan du eszenak nola joan behar ziren, non zen pausaldia, non bizitasuna», agertu du Sarasolak. Herri antzerkiaren kodeak eta oinarriak baliatuta, nortasun handiko pertsonaia batzuk eraiki ditu. Horiek segituan identifikatzen dituzte herritarrek eta euren jolasarekin errazagoa da trama segitzea.

«Umore aunitzekin erabiltzen ditu, hunkipenarekin ere bai, momentu dramatikoagoak sortzen ditu, barrea eta negarra sorrarazten dizkigu, baina idazleak ez du kanpotik begiratzen baizik eta bera barrenean dago, badaki marrazten dituen pertsonaia horietako bat dela, horrek egiten du beraiekin barre egitea eta ez beraiekin, eta beraiekin negar egitea baina ez sentitzea halako erruki faltsu edo miserikordiosorik. Horrek egiten du antzerkia hain egiazko», nabarmendu du editoreak.

Hitzen artetik sentitzen dugun kezka

Ximun Fuchsek (Larzabale, 1974) adierazi duenez, antzerkia artisautza lan bat da, biziki arkaikoa arte bezala, demokrazia eta filosofiarekin bat sortua, leku jakin batean. «Uste dut ez dela kasualitate bat eta guk hortik jarduten dugula. Saiatzen naiz kontatzen airearen zaporea, hots, zer da hitzen artetik sentitzen dugun kezka. Nire kirol handienetakoa da kafe baten hartzea terraza batean eta begiratzea jendeak nola bizi duen egungo eguna», aitortu du.

Laborantza kontatzen dute obran. Oroitu duenez, Irulegiko Eskutik hasi zen. «Mozkorraldi horretan, denak erotu ginen, tixertak eta garagardoak egiten, sartu gabe hainbat funtsezko gaitan. ‘Lurrez estali’ trilogia baten lehen atala da. Esku hori lurrean aurkitu zen. Lurra zaintzen, egokitzen eta moldatzen duten eskuak behar ziren aipatu, laborariak, etxaldea».

Landan hezia da bera eta hainbat lagun laborari ditu. Kultura horretatik edan du. «Bada mito bat euskararen etxea dela laborariena, eta biak oso gaizki zainduak eta askotan martirizatuak dira, horren lekuko laborari askok bere buruaz beste egitea. Uda honetan beste bik egin dute Izuratik hurbil, eta berdin du, munduak segitzen du aurrera, hau da gure kulturaren gaztelua eta horren zaindariak hiltzen dira».

Sekula existitu ez denaren nostalgia

Horretaz mintzo da antzerkia. Etxalde batek maldan behera egiten du poliki-poliki, familia gehiena hirira joan da eta udan etortzen da, bio-eko guztiarekin konektatzera. Sekulan existitu ez den mundu baten nostalgia bat da eta topo egiten du bertako errealitatearekin.

Erronka bat izan da: «Zerbait eskaini behar zen handia, eta hamairu aktore, lau zaldi, traktore bat eta gaztelu bat, denak biltzen gara obran. Hastapenean pentsatzen genuen bizpahiru asteburuz ematea eta bost asteburu pasa eman genuen, jendea etorri zen Euskal Herri osotik. Euskal komunitatea prest da ere erronkak hartzeko eta atearen gibelean dagoena begiratzeko», baloratu du.

Mamuen baitan sartuz

Sekulakoa izan da haientzat. Hiru belaunaldi baziren antzezten, gazteenak 16 urte zituen eta adintsuena Ramon Agirre zen. Euskal Herri osokoak, profesionalak, amateurrak, laborariak eta laborantzan ez jakinak, denak batera aritu dira istorio hau kontatzen, erritual bat eginez. «Antzerkiak koadro bat ematen du sartzeko gure mamuen baitan, izan desirakoak edo heriotzekoak».

«Alimaleko aurrekontua zen eta oso defizitarioa izan da», onartu du. Eta aunitzek erran arren, ‘ze pena ez leku gehiagotan ematea’, ez dute aurkitu norekin zabaldu. «Laborantzan ere horrekin topatzen dira. Gure kulturaren gotorleku horrek badu zer konta. Izurako gaztelu horretan egin dugu obra, erdi hondatua dago, baina oraindik bizi da, gure egoeraren errealitatearen ispilu argi bat da», deskribatu du.