«Ez dakit 2019an bertsozalea ere ba ote nintzen, ezetz esango nuke»
Lehen aldiz izango da Gipuzkoako finalean. Finalista bezala lehen aldia eta Illunben lehen aldia. 2019an hasi zen lagunartean bertsotan. Lehen txapelketan, finalera. Hizkuntza maite du, hizkuntzarekin jolastea maite du eta orain bertsoa obsesio bihurtu zaio Andoni Rekondori (Hernani, 1999).
2019. urtean hasi zinen bertsotan, justu aurreko Gipuzkoakoan. Non zinen 2019ko finalean?
Lotsa pixka bat ematen dit esateak, baina 2019ko txapelketan ez nuen saio bakar bat jarraitu, ezta finala ere. Ez dakit 2019an bertsozalea ere ba ote nintzen, ezetz esango nuke. Nik duela gutxira arte ez neukan bertsogintzako erreferentziarik. Gaur egun hori nabaritzen dut, besteekin konparatuz gero erreferentzia gutxi ditudala. 2019ko azaroan hasi nintzen Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeko bertso eskolan, lagunartean; bertsotan egin, kopla batzuk bota... Gogoratzen naiz 2019ko finalaren egunean lagunartean nengoela beste plan batean eta aipatu genuela Beñatek irabazi zuela.
Finalista asko eskolartekoetatik ikusi ditugu oholtzan hazten. Zuk, berriz, beste bide bat egin duzu.
Egia esan, harrituta nago ikusita nola iritsi naizen finalera. Lehendik ere harrituta nengoen txapelketan izan ditudan emaitzekin. Nire bilakaera berezia da. Hizkuntzarekin irrika berezi bat izan dut beti, idaztea gustatzen zait, kazetaria naiz... hizkuntzarekin lotura hori beti izan dut, baina lotura hori ez da bertsotan loratu 18-20 urte izan ditudan arte. Eskolan bertsolaritza eman genuen, baina ez dut sentitzen garai hartan interes berezirik sortu zidanik bertsoak. Nahiko erraz egiten nuela bai, baina irrika ez zidan piztu beranduagora arte.
2019ko azaroan lagunartean hasi eta 2020ko urtarrilaren 19an Hernaniko Tabernetako Txapelketa irabazi zenuen.
Ez nekien txapelketa hori egiten zenik ere. Gaztetxean bertsotan hasi eta berehala animatu ninduten txapelketa horretan parte hartzera. Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu ere egin jendaurrean bertsotan egingo nuenik. Tira, atera nintzen lagunarteko txapelketa horretara eta irabazi egin nuen. Nire jendaurreko lehen plaza izan zen. Giro berezia izaten da, parranda giroko plaza bat da. Hasieran urduri nengoen, tentsioarekin, erridikulua egingo ote nuen... baina gero lasaitu eta egia esan gozatu egin nuen.
Baina hortik Gipuzkoako Txapelketara badago koska.
Bai. Tabernetako txapelketa eta gero pandemia etorri zen. Itxialdian pixka bat aritu ginen, Whatsapp bitartez eta... Pandemiatik bueltan berriz bueltatu ginen Kontrakantxara, baina ez zuen denbora asko iraun. Hernaniko bertso eskolako kideak adinkideak eta lagunak ditut; Iker Ormazabal, Andoni Mujika... Behin Ormazabali aipatu nion noizbait zerbait antolatzen bazuten nirekin kontatzeko. 2022ko udan, abuztuan, telefonoz deitu zidan Ormazabalek. Lizardi sariketatik deitu ziotela, bertsolari batek huts egin eta norbait behar zutela. Berak ezin zuen eta ea animatuko ote nintzen. Asteartez deitu zidan, kanpoan nengoen kuadrillakoekin egun batzuk pasatzen, eta Lizardiko saioa ostiral horretan bertan zen. Nik ez nekien Lizardi sariketa zer zen ere. Orain lotsa pixka bat ematen dit hori esateak, baina horrela zen.
Lizardiko saioa indartsu samarra zen, bertsolari ezagunak zeuden. Finalera pasatzea lortu nuen. Finala prestatzeko ardura puntua sartu zitzaidan, eta aste horretan bertan Hernaniko bertso eskolarekin entrenatzen hasi nintzen, 2022ko abuztu amaieran. Eta ordutik talde horrekin berarekin jarraitzen dut.
Plazak egiten dituzu urtean zehar?
Plaza gutxi. Hernanin zortea daukagu, auzo pila bat ditugu eta herriko bertsolariekin kontatu ohi dute libreko saioak egiteko. Plazaren bat edo beste egin dut, gazte sariketaren bat... zirkuitu horretan ibiltzen gara gu, ez zirkuitu orokorrean.
Hartara, zure lehen plaza handiak Gipuzkoako Txapelketakoak izan dira.
Bai, bai, oso handiak, gainera. Pixkanaka igotzen joan naiz, Urretxukoa izan zen nire lehen plaza handia eta Arrasateko finalerdian 1.300 lagunen aurrean kantatu dut. Eta orain Illunbe, agian nire bizitzako plaza handiena. Pixkanaka deskubritzen ari naiz.
Nola sentitu zara plaza horietan?
Egia esan, behin bertsotan hasten naizenean, niri behintzat ez dit eragiten aurrean dagoen jende kopuruak. Hasi aurretik agian bada urduritasuna, pasillo madarikatu horrek ere mugitzen dizu zerbait barruan, baina behin bertsotan hasten zarenean, nahiko antzekoa da 100 izatea Urretxun edo 1.300 Arrasaten, nire kasuan behintzat. Egia da ondo egitea tokatzen zaizunean, erantzuna izugarria dela eta bueltan datorrenak inpresioa egiten duela, barruan lurrikaratxoa sortzen duela. Baina niri sortzeko orduan ikusle kopuruak ez dit gehiegi eragiten.
Txapelketara egitera joan zara, inolako presiorik gabe. Akaso hori da zure sekretua.
Egia esan, txapelketan hasi nintzenean ez neukan batere garbi zein zen nire maila. Gazte sariketetan lehiatu izan dut, baina Gipuzkoako Txapelketa beste kontu bat da. Udaberriko fasea ondo atera zitzaidan. Behin udazkena iritsita, buruan neukan lehen eguna azken eguna ere izan zitekeela, baina Gipuzkoako Txapelketan nengoen, ea gozatzeko aukera nuen. Hori izan da nire mentalitatea. Egia da emaitza oso onak lortu ditudala, ni neure buruarekin ere harrituta nago.
Arrasateko finalerdian, gutxien sufritu zutenen edota gehien gozatu zutenen taldean zinen. Saioaren amaierako kalejira txaloka hartu zenuen, pozik zeunden seinale.
[Barrez] Hori txantxa batetik dator. Bertso eskolan askotan esaten dugu saioetako parte onena bukaerako kalejira hori dela, tentsioa jaisten duelako. Txantxak aparte, Arrasaten gozatu egin nahi nuen, unea bizi eta nora iritsi nintzen kontziente izan. Saioan zehar lortu nuen eta pozik eseri nintzen egindako lanarekin, finalean egon edo ez egon.
Ordurako, finalerdirako, Illunbera iritsiko zinela zioten ahotsak sumatzen ziren.
Bai, nabaritu dut nire inguruan konfiantza puntu bat sortu dela, baina ni Arrasatera joan nintzen pentsatuz finala oso urruti neukala. Nire saioan bertan baziren ni baino hautagai indartsuagoak. Sinesten nuen aukeraren bat banuela, baina oso saio ona eginda ere kanpoan gera nintekeela banekien. Joan eta ahal den ondoena egin, hori izan zen jarrera.
Tira, baina aurretik lana egin duzula igartzen da.
Bai, ordu dezente eskaini dizkiot. Taldean oso ondo pasatzen dugu, baina astean bizpahiru aldiz nahiko bertso eskola luzeak egin ditugu azkenaldian, zenbait konturi arreta jarriz. Orduak sartu ditudala ez dut ukatuko.
Azken urteotan deskubritu duzu bertsogintzaren mundua. Zer topatu duzu?
Niri bertsolaritzak jende pila bat ezagutzeko aukera eman dit, hori da balio handienetakoa. Bestetik, asko hausnartzen duen mundua da, zure pentsaeran sakontzeko bidea ematen dizu, iritziak landu beharra dauzkazu, gai desberdinak landu behar dituzu... gizartean gertatzen diren gauzei buruz adi egotea eskatzen dizu, diskurtso batzuk aztertu eta zure posizioa kokatu. Beste modu batean pentsatuko ez nituzkeen edo ailegatuko ez nintzatekeen gaietara iristeko aukera eman dit. Eta, gero, gozatzeko sekulako aukera eman dit.
Entrenamendurako lagunak mantendu ditut txapelketa osoan zehar, eta eskertu egiten diet bidelagun izatea, ilusioz gainera. Lagunarte hori ere eman dit bertsolaritzak.
Ez dakit zure burua irudikatu ote duzun Illunben.
Egia esan ez, baina irudikatu beharko dut. Ahal den lasaien joaten saiatuko naiz, hango handitasuna lurrera ekartzen, nire hitzek nonbait lur har dezaten.
Zure bertsokeran hori gustatzen zaizu, zure hitzek publikoan lur hartzea.
Bai, niri gustatzen zait saioan bertan dagoen horri kantatzea, ekarpen bat egitea, ulertuko duen zerbait ekartzea. Horrek ez du esan nahi ideia sinpleak izan behar direnik, burura lehenengo etorri zaizun hori bota behar duzunik. Baina formulazio eta ideia aldetik buelta bat ematea gustatzen zait, toki horretan eta unean bertan pertinentzia daukan eta iristeko erraza den mezu bat zabaltzeko. Inoren saiakerari pisua kendu gabe, gai potoloak eta aldarrikapenak beharrezkoak dira eta.
Zure zapatetatik, finalista berriaren zapatetatik.
Lehendik ere helburuak ondo beteta dauzkat eta finalean aritzea sari potoloa da. Guk lortu dugu, beste askok lor zezaketen arren. Galtzeko ezer ez daukat, zortzigarren geratuta ere. Okerrena zortzigarren geratzea bada, pentsa zer-nolako saria den.
Bi txapelen lehian sartzen zara zu, txapel nagusia eta 25 urtez azpiko bertsolari onenarena. Aner Peritz eta zu lehiatuko zarete bigarren horretan.
Polita da bigarren txapel hori ere finalean jokatuko dela. Saltsa bat emango dio. Berak edo nik irabazi, pozik.
Zortzikote ederra finalean.
Egia esan, final interesgarria da, bertso estilo desberdinak izango dira oholtzan eta publikoarentzat erakargarria izango dela uste dut. Hiru aurpegi berri izatea ere ederra da. Eta gainontzeko bosten artean pisuzko bertsolariak daude, aparteko ibilbidea egin dutenak.
Zer diote ingurukoek?
Etxean oraindik flipatzen ari dira. Tabernetako txapelketan parte hartu nuenean, bezperan aipatu nien etxekoei. Oraindik gogoratzen dira une horrekin. Izan dudan bilakaerarekin harrituta daude, pozik ere bai, eta asko laguntzen didate. Ilusioa sumatzen dut etxean, kuadrillan, herrian... Nire lagun onenak ere ez zuen horrelakorik espero. Inguruan poza sortzeak sekulako ilusioa egiten dit.