Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Kapitalari eremu guztiak lehiatzeko beharra azpimarratu du LABek Delegatuen Batzar Nazionalean

1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lanastea, zerbitzu publikoak indartzea (zaintza, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza) eta hemen erabakitzea aldarrikatu du LAB sindikatuak Delegatuen Batzar Nazionalean. 1.500 ordezkari batu dira Bilbon.

LABen Delegatuen Batzar Nazionala, Miribillako Bizkaia Frontoian.
LABen Delegatuen Batzar Nazionala, Miribillako Bizkaia Frontoian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

LABek Delegatuen Batzar Nazionala egin du gaur Bilbon, Miribillako Bizkaia Frontoian, 1.500 delegatu ingururen parte-hartzearekin. Zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitu ditu sindikatuak eta gutxieneko soldata «hemen eta orain» ezartzeko deia egin du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak horretarako «baldintza berriak» sortu direla nabarmenduz.

Sindikatu abertzaleko bi koordinatzaile orokorrek hitz egin dute bertan. Igor Arroyok, ekitaldi hasieran, sindikatuaren 50 urteko ibilbidea goraipatu du. «Euskal sindikalismoaren koordenadak errotik aldatzea lortu dugu. Kontraboterea, independentismoa, euskaltzaletasuna, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa. Guk altxatutako banderak, guk garatutako eredu sindikala nagusitu da, nagusitzen ari da Euskal Herrian».

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eskutik etorri da hitzartze nagusia. Presoen etxeratzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu ondoren, kapitalismoaren egungo fasea ezaugarritu du, ultraeskuinaren gorakadaren aurrean «Euskal Herria irla bat ez dela» azpimarratuz. «Gurean ere, feminismoa urrunegi joan dela eta jarrera neomatxistak indartzen, justifikatzen dira. Segurtasun eza migrazioarekin lotu eta arrazismoa bultzatzen da, larrialdi klimatikoa ukatu eta trantsizio ekosoziala eragozten da», gogoratu du.

«Eredu sindikala etengabe birpentsatzeko, egokitzeko gaitasuna izan behar dugu»

Testuinguru ilunaren aurrean, azpimarratu du LABek baduela alternatiba: «Kapitalari eremu guztiak lehiatzea lantokiak, kaleak, instituzioak eta baita baloreak ere».

«Langile klasea zatitu eta lausotzen duen sistemari aurre egiteko, langileok bat egin, antolatu, ahaldundu eta borrokatu egin behar dugu. Jendartearen bilakaerari parez pare begiratuta egin behar dugu. Eredu sindikala etengabe birpentsatzeko, egokitzeko gaitasuna izan behar dugu», gehitu du LABeko koordinatzaile orokorrak.

Aldarrikapenak

Jarraian, LABek irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenek izan dute euren lekua, 1.600 euroko gutxieneko soldatak, 30 orduko lan asteak eta zerbitzu publikoek.

«Hemen eta orain» ezartzeko momentuaren garrantzia azpimarratu du Aranburuk, adieraziz «sindikatu guztiak» daudela ados patronalari akordio interprofesional baten negoziazioa eskatzean. «Sindikatu subiranistok Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezartzeko eskumena izatea eskatzen dugu, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baterantz jotzeko egiturazko neurri bat» eta gehiago zehaztuz, «Eusko Jaurlaritzak akordio interprofesional bat negoziatzeko eskatu behar dio Confesbaski, gure errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko».

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra ekitaldian.

Fiskalitatearen inguruan, salatu du patronalak erabakitzen duela zerga politika. «Aldian-aldian eztabaida pizten da, ia ezer ez aldatzeko. Horretarako daude patronaleko kideak, Petronor, Iberdrola eta konpainiako lotsagabeak, ahoa irekitzen dute eta EAJk obeditu egiten du. Hemen ez dago aldaketarik, Urkullu eta Pradales gauza bera dira funtsean».

«Ez dago bizi proiektu duinik etxebizitza eskubiderik gabe»

Etxebizitzaren egoera larria ere hizpide izan dute ekitaldian. Horrela, Madrilgo Sindicato de Inquilinas Etxebizitza Sindikatuko kide batek hartu du parte, bideoz, baita Abiatu LABeko Ekintza Sozialeko komunitateko kideek ere. «Alokairu eta etxebizitzen prezioak gora eta gora doaz. Ez dago bizi proiektu duinik etxebizitza eskubiderik gabe», azpimarratu du Aranburuk LABek etxebizitzaren gaiarekin urrats berriak emango dituela aurreratuz.

LABen ibilbide antirrazista balioan jarriz, Euskal Herria harrera herria dela azpimarratu dute hurrengo hitzartzeek, Txefi Roco idazkari antirrazistaren eta Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko militanteen eskutik. Azken biak epaitu egingo dituzte migranteei Bidasoaren alde bietan pasabide segurua izaten laguntzeagatik eta ‘J’Accuse’ autoinkulpazio dinamika hauspotzeko eta urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean egingo den mobilizazioaren deialdia zabaltzeko baliatu dute euren hitzartzea.

2024an hildako 61 langileak ere gogoan izan dituzte ekitaldian, minutu bateko isilunea eginez.

Ekitaldia amaitzearekin batera bertaratutakoek manifestazioa egin dute Arriagaraino.

Manifestazioa egin dute LABeko ordezkariek ekitaldia eta gero.