Zarauzko hondartzak 2.100 metroko luzera du eta euskal kostaldeko hondartzarik zabalenetakoa da. Klima aldaketa eragiten ari den itsas mailaren igoeraren ondorioz, erronka handi bati egin beharko dio aurre, izan ere, bertan ez jarduteak 2050erako azaleraren %30 (21.000 m2 inguru) galtzea ekarriko bailuke, adituen arabera. Gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomenoek, besteak beste 2014ko denboraleak, malekoian kalte larriak eragin zituen.
Horri aurre egiteko proiektu bat jarri dute abian, Life IP Urban Klima 2050 egitasmoaren baitan, olatuen eragina murrizteko, hondartzarako sarbideak hobetzeko eta itsas pasealekua babesteko helburuarekin. 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek, eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da.
Ostegun honetan eman dituzte xehetasunak Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Mikel Jauregi Lakuako Gobernuko Industria eta Jasangarritasun sailburuak, jarduerak aurreikusten diren eremura egin duten bisitan. Ekintza klimatikoari dagokionea EAEko proiekturik handiena dela nabarmendu dute.
Lanak Narros-Munoaren aurrealdean hasiko da, hain zuzen ere ostalaritzako eta jarduera ekonomikoetako hainbat lokal kokatzen diren gunean. Lehenengo fasean, mendebaldeko hondartzarako sarbideak birmoldatzea planteatzen da, Munoa plazatik jaitsi eta hondartza lehorrean sartzen diren eskailerak eraitsiz, baita itsas pasealekuaren gaineko hegala ere. Bestetik, itsas pasealekua altxatuko da, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta uholdeak eta egiturazko kalteak saihesteko.
Lehendik dauden eskailerak eta hegalkina eraisteaz gain, jardueretako bat izango da hondartzarako lehen sarbidea (eskailerak eta arrapala) kentzea. Itsas pasealekuaren barruan beste sarbide bat egingo da arrapalan, eta pasealekuaren kota 0,50 metro igoko da, 158 metrotan zehar. Gainera, pasealekua olatuetatik babestuko da botaola-horma baten bidez. Birmoldaketa horren helburua da kostaldeko erresilientzia eta herritarren segurtasuna hobetzea klima aldaketaren ondorioen aurrean.
Jauregi sailburuak ohartarazi duenez, «2050erako, komunitate zientifikoak itsas mailaren 26 cm-ko igoera aurreikusten du, eta 2100erako igoera 51 cm-tik metro batera bitartekoa izango da Euskadin». Gogorarazi duenez, «euskal biztanleriaren %60 inguru Zarautz bezalako kostaldeko eremuetan bizi da, eta 10 pertsonatik 6 erasan ditzakete itsasertzeko inpaktuek».
Xabier Txurruka alkateak azpimarratu duenez, «premiazkoa da Zarauzko kostaldea babesten lagunduko duten honelako neurriak martxan jartzea urte osoan zehar hainbeste jarduera duen gune bizi honetan».
21.000 m2 galduko lituzke 2050erako
Euskal itsasertzeko kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko Kostaegoki proiektuak jasotako datuen arabera, eremu horretan ez jarduteak, termino absolutuetan, Zarauzko hondartzak 21.000 m2 inguru galtzea ekarriko luke 2050ean, eta 40.000 eta 57.000 m2 artean 2100era arte.
Termino erlatiboetan, kaltetutako lehen 10 hondartzen artean egongo litzateke, eta 2050erako azaleraren %30 gal lezake, eta %65 eta %90 artean 2100ean. Aldi berean, aurreikusitako klima egoeren arabera, 2050ean bizitegi-lurzoruko 4 hektarea kaltetu daitezke, eta eragin azalera hori handitu egingo litzateke 2100. urtean, 5-7 hektareara iritsi arte, hau da, bizitegi azalera osoaren %2, %3 eta %4, hurrenez hurren.
Kostaegokiren arabera, klima aldaketaren ondorioz hareatzak izan duen bilakaerak inpaktu ekonomiko potentzialak izan ditzake, aisiarako erabilera faltagatik, baina, «garrantzitsuena, atzera egiteak kostaldeko zerrenda horretako egiturak eta eraikinak babesik gabe uztea ekarri du». Hala, hondartza okupatzen duten azpiegiturak kentzeak «aukera emango du hondarra modu naturalagoan banatzeko esku hartutako eremuetan, eta, horrela, hondartzako lehen lerroan eraikitako elementuak gehiago babestea lortuko da».
Proiektua erakunde arteko koordinazio mahai baten laguntzarekin diseinatu da. Mahai horretan Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak, Zarauzko Udalak, Ihobek eta beste erakunde batzuek parte hartu dute, tartean AZTIk eta EAEko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak.