NAIZ

Azken bi urteetan taldez talde ibili ondoren, Laura Cornelius IDK Euskotren taldera itzuli da

Herbehereetako antolatzaileak Donostian jokatu zuen 2021/22 denboraldian eta ostean Girona, Çukurova eta Perfumerias Avenida taldeetan izan da. 2020/21 sasoian Lointek Gernika Bizkaiarekin ere jokatu zuen. Talde gipuzkoarra «merkatua arakatzen» ari zen lesioen erruz taldea motz geratzen ari zelako.

Laura Cornelius IDK Euskotreneko elastikoarekin, 2021/22 denboraldian.
Laura Cornelius IDK Euskotreneko elastikoarekin, 2021/22 denboraldian. (Jon URBE | FOKU)

Laura Cornelius IDK Euskotreneko jokalari berriak 28 urte baino ez ditu, baina munduari bira eman dio dagoeneko, taldez talde. Hala, 2024/25 denboraldia Salamancako Perfumerias Avenida taldearekin hasi du, baina Donostiara itzuli da eta gauzak ondo, bertan amaituko du sasoia. Herbehereetako Groninga hirian jaiotako antolatzaileak 2021/22 denboraldian ere Ibaeta Basketen elastikoa jantzi zuen.

Izan ere, munduan zehar bidaiatzea zer den ederki daki Laura Corneliusek. Herbehereetako selekzioko kapitain izateaz gain, Amerikako Estatu Batuetan osatu zuen unibertsitateko zikloa: Gonzagako unibertsitate ospetsuan hasteko eta Miamin azkenik. Ikasketa zikloa amaitu ostean Emakumeen Endesa Ligara egin zuen jauzi eta Zamarat taldean debuta egin ostean, Euskal Herrira jauzi egin zuen: 2020/21 denboraldian Lointek Gernika Bizkaia taldearekin Emakumeen Endesa Liga eta Emakumeen Eurocupa ere jokatu zituen eta handik urtebetera, berriz, trena hartu eta IDK Euskotreneko antolatzaile lanetan jardun zuen.

Donostian denboraldi bat osatu ostean 2022/23 sasoian Gironarekin hasi zuen, baina Turkiako Mersin Çukurova taldeak fitxatu zuen 2023ko urtarrilean, Roberto Iñiguez de Heredia entrenatzaileak hala eskatuta. Turkiako taldearekin Emakumeen Euroligan jokatzeko aukera ez ezik, Lauko Finalera birritan iristea ere lortu du, nahiz eta ezin izan duen azken garaipena erdietsi.

Aurten, berriz, Salamancako Perfumerias Avenida taldearekin ekin dio denboraldiari, baina ez du nahiko zukeen garrantzirik ukan eta Anna Montañana entrenatzaileak Silvia Dominguez beteranoa eta Iyana Martin gaztea nahiako izan ditu antolatzaile lanetarako. Hala, Emakumeen Ligan 2,8 puntu eta 1,6 errebote pilatu ditu batez beste eta Euroligan, berriz, 1,8 puntu eta 1,8 errebote.

Merkatuko altxorra

Nolanahi, ez litzateke arraroa izango Azu Muguruzak igandean bertan Ensinoren aurka minutuak eta aginte makila emango balizkio Laura Corneliusi. Hasteko, IDK Euskotren Emakumeen Endesa Ligan azken-aurreko postuan doa eta Ensino, berriz, azken. Ondorioz, nahitaez aurrera atera beharreko dema da Azu Muguruza eta enparauentzat. Horrez gain, Delicia Washington –agian igandean jokatzeko prest egon liteke, baina ez da aurreikuspen garbia– eta Iris Mbulito orkatilan min hartuta daude eta, bada, taldea motz geratzen ari zaio entrenatzaile donostiarrari.

Pasa den astelehenean nahiko ezkor mintzo zen Azu Muguruza, edonola. «Fitxatze hutsagatik ez dugu inor ere ekarriko. Begira dihardugu, baina jakina da garai hauetan merkatuan ez dagoela gauza on askorik», esan bazuen ere, ez du askorik behar izan Laura Cornelius Donostiara bueltan ekartzeko.

Hotzean begiratuta, Corneliusek Salamancan ez zuen nahi adina jokatzen eta IDK Euskotreni kanpoko jokoa osatzeko errotazio bat ongi letorkioke, nahiz eta agian Alba Prietok antolatzaile lanak albo batera laga eta eskolta lanetan hasi beharko duen ziurrenik, nahiz eta Cornelius bera ere baden gai eskola postuan jokatzeko. Gauzak ondo, tratu hau osatu duten alde guztientzat mesedegarri beharko luke fitxaketa honek.