«Buruz burukoan abestea gustatuko litzaidake, finala ahalik gehien luzatzea»
2015eko eta 2019ko Gipuzkoako txapelduna eta Euskal Herriko finalista azken hiru hitzordutan. Bosgarren finala du aurtengoa. 20 urte zituela jokatu zuen lehena, 2007an. Txapeldunorde izan zen. Poltsikoetan bidea eta eskarmentua daramatza Beñat Gaztelumendik (Añorga, 1987).
2007an finalista berria izatetik, azken txapelduna eta beteranoen taldekoa izatera. Aldatu egin zaizu tokia.
Bai, erabat. 2007an sorpresaz eta 20 urterekin sartu nintzen. Orduan bazeuden bertsolari oso kontsakratuak finalean –Maia, Mendiluze, Irazu...–, Jon Martin ere bigarren eginda zegoen eta berriak ginen Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia eta ni. Hori zen orduko argazkia, eta begira aurtengoa nola geratu den. Aldatu da nire kokapena, aldatu da finala bera ere, bertsokerak ere izugarri aldatu dira... Niri poz handia ematen dit bosgarren aldiz egoteak finalean eta bertsogintzak izan duen garapen hori guztia oholtzatik bizitu ahal izateak. Egia esan erosoago nago orain finalean duela 17 urte nengoena baino.
Orduan ‘txahala’ izan zinen. Aurten zortzikoari eustea egokituko zaizu?
Ez dut horrelakorik sentitzen. 2011-2015 bueltan, justu gure aurreko belaunaldiak Gipuzkoako txapelketa utzi zuenean, gure belaunaldiari ardura bat geratu zitzaion eta pixka bat eustea egokitu zitzaigun. Baina justu aurten finalera sartu diren bertsolari gehienak plazan bide bat egin dutenak dira, beren proposamena oso garbi dutenak, eta ez dut sentitzen pertsonalki bosgarrena dudalako finalari eutsi behar diodanik. Plazan bada sekulako ekarpena egiten ari den jendea, tiraka ari dena eta bertsogintza iraultzen ari dena, eta alde horretatik bat gehiago sentitzen naiz. Eta oso eroso nago bat gehiago izanda.
Zein final polita geratu den, ezta?
Bai, oso polita. Tratuan ere oso jende atsegina da eta horrek eragiten du finalaren garapenean. Iruditzen zait denok iritsi garela finalera gure momentu onenetik oso gertu, eta horrek ere ematen dio beste baikortasun bat. Eta nik sentitzen dut kantukide izango ditudanak denak direla oso pertsona interesgarriak eta bakoitza oso leku desberdinean kokatua dagoela. Interesgarria izango da jende horrekin gai desberdinen inguruko elkarrizketak izatea bertso formara eramanda.
Txapelketan gozatzen ikusi zaitugu, irriño batekin kantuan.
Egia esan oso momentu politean nago. 2019ko Gipuzkoakoan ardura dezente neukala gogoratzen dut, eta ez nuen hainbeste gozatzen bertsotan. Beti sentitzen nuen eman behar bat. Justu pandemiak behartu gintuen isilik egotera eta hilabete batzuetan plazan ez ibiltzera. Geroztik, sentitzen dut bertsolaritzan pauso batzuk azkartu egin direla, jende batek beste ardura bat hartu duela eta nik aukera izan dudala lasaiago ibiltzeko eta beste leku batzuk bilatzeko. Oraintxe txapelketan ez daukat 2019an neukan karga hori, ez dut ezer demostratu beharra sentitzen, eta egia esan oso ondo pasatzen dut, bai entrenatzen eta bai txapelketako une batzuetan, dezente gozatu dut. Saiatzen naiz ariketa bakoitzari gorputzaldi bat ekartzen, eta asko gozatzen dut horrekin. Bai, une ederrean iritsiko naiz finalera.
Txapela ez da inoiz helburua. Eta helburua bada ere, ez duzue inoiz aitortzen. Zein izango da zure asmoa, gogoa?
Hasteko, final on bat egin nahiko nuke. Txapelarena nahiko erridikulua geratzen da, galdetzean denok esaten baitugu ez dugula txapelik bilatzen. Nire kasuan, sentitzen dut nik onena emanda ere badagoela jende bat ni baino gehiago eman dezakeena. Alde horretatik, gustatuko litzaidake buruz burukoan abestea. Horrek esan nahiko luke Illunben kantatu daitezkeen bertsoaldi guztietan parte hartu dudala, eta hori gustatuko litzaidake, finala ahalik gehien luzatzea. Hortik aurrera, ariketa bakoitzak ematen duen aukera baliatu nahiko nuke, ahal den tonu diferenteeneko saioak egin eta bereziki bakarkako on bat egitea gustatuko litzaidake.
Bakarkakoa da gehien gustatzen zaizun ariketa?
Beti bakarkakoa gustatu izan zait, eta pandemiaz geroztik Txapelketa Nagusian ofiziotan gehiago gozatu nuen bakarka baino. Lan berezi bat egin dut txapelketa honetan bakarkakoa lantzeko, doinuan ere uste dut asmatu dudala aukeraketan, eta une honetan bakarka ari naiz asko gozatzen. Beti saiatu izan naiz bakarkakoa dezente egituratzen eta kantuan hasi aurretik hezurdura asko pentsatzen. Justu txapelketa honetan kontrako ariketa egin dut, bukaerak pentsatu ditut. Baina doinuak berak asko laguntzen dit momentuan sortzen, doinuak berak eramaten nau eta jolas hori asko gustatzen zait, momentuan sortzea; ez jakitea oso ondo nora zoazen, baina sinestea doinuak berak eramango zaituela nahiko zenukeen tokietara. Bai, asko gozatzen ari naiz bakarka.
Doinuak garrantzia dauka beraz.
Bai. Nerea Ibarzabali entzun nion Bizkaikoan eta aurretik Maddi Ane Txoperenak ere erabili zuen. Gozatzen ari naiz doinuarekin. Azkenean, doinu bat etxe bat da; askotan gertatzen da doinu bat aukeratzea ustez oso ondo doakizuna, baina ulertzen ez dituzun arrazoiengatik pixka bat arrotza egitea, zure neurrikoa ez den jantzi bat bezala sentitzen duzu soinean. Nik sentitzen dut doinu hau nire neurri-neurrikoa dela eta gauza politak ekartzen dizkidala sentsazio eta ideia aldetik.
Haurtzaroak garrantzi handia dauka pertsonen bizitzan. Zu oso ondo kokatzen zara izan zinen haur hartan. Zein pisu dauka haurtzaroak zuregan?
Batzuetan nahita saiatzen naiz gai hori ez ateratzen bakarka, iruditzen zaidalako askotan atera dudala, eta beti saiatzen naiz leku berrietara joaten. Baina, aldi berean, etengabe etortzen zait. Uste dut denoi gertatzen zaigun zerbait dela, haurtzaroak denok markatzen gaitu. Nire kasuan haurtzaroa da justu bertsotan hasi nintzen garaia eta bertsoarekin harreman zehatz bat eraiki nuen garaia. Umetako gaixoaldi batean hasi nintzen bertsoekin obsesionatzen. Bakoitzak bere gabeziak eta indarguneak izaten ditu, nire kasuan komunikatzea eta jendearekin harremanak izatea ez da izan sekula erosoen aurkitu naizen lekua. Baina bertsotan bai sentitu naiz eroso eta asmatu izan dut sentitzen dudan hori kontatzen. Umetatik gertatu zait hori, eta segur aski bertsotan hasten naizenean umetako sentsazio horrekin konektatzen dut. Nahi gabe etortzen zaizkit garai hartako sentsazioak eta irudiak. Iruditzen zait ume baten begiak oso leku ona direla munduari begiratzeko, ez daudelako gaur egun ditugun iritzi eta aurreiritziekin kutsatuta.
Elkarrizketa bukatu eta entrenatzera zoaz Alaia Martinekin. Bertsolaritzak hori dauka, lehiakideek elkarrekin entrenatzen dute.
Bai, tira, denek ez dugu denekin entrenatzen, bizitzak batzuengandik gertuago eta besteengandik urrunago jartzen gaitu. Alaia eta bion kasuan, eskolartekotik beti aritu gara lehian. Gaztetan ere gertu ibili ginen, eta gero ni Oiartzun aldera joan nintzen entrenatzera. Zorte bat izan da, plazan eta txapelketan elkarrekin aritu gara askotan, momentu asko partekatu ditugu, elkar ondo ezagutzen dugu eta, aldi berean, estilo aldetik oso desberdinak gara, eta horrek ere laguntzen du aberasten. Bertsolaritzan hori da politena, jende desberdinarekin entrenatu eta landu ahal izatea. Finean, bertsotan egitea ez da futbol partida bat jokatzea, ea besteari irabazten diozun. Zure burua etengabe bestela kokatuko ez zenukeen toki batean kokatzea da bertsolaritza. Alaiarekin entrenatu dut, Ane Labakarekin, anaiarekin, Azpirekin, Eli Pagolarekin, Maider Arregirekin, Oihana Aranarekin... Jende pila batekin bildu naiz, eta niretzat hori da politena. Une honetan ez nago bertso eskola batean egituratua, eta ni bezala solte samar dabilenari beti egokitzen zaio entrenatzeko jendearen bila aritu behar izatea.
Aipatu duzun bertsolari zerrendan, askotariko sortzaileak, mundu ikuskerak eta egiteko moduak suma daitezke.
Nik uste dut hori dela bereziki aldatu dena bertsolaritzan. Bertsolari bakoitzak bere hizkuntza oso garatua dauka, bere iruditeria eta mundu propioa dauzka. Uste dut horretan sakontzea izan dela azken urteotan gehienok egin dugun bidea. Lehen aldiz finalera sartu nintzenean duela 17 urte, denok ginen onak elkarrizketan eta dialektika horretan, baina agian oraindik falta zen pertsonaiak sortzeko eta pertsonaiei haragia emateko orain hartu dugun mekanika hau. Beti sinistu izan da bertsolari on bat plaza desberdinetan eta publiko desberdinaren aurrean egokitzen zekien norbait zela, kameleoi bat. Eta gaur egun egiten ari garen bidea kontrakoa dela uste dut, gehiago da norberak bere proposamena egin dezala, norbera izan dadila koherentea bere proposamenarekin. Gero, horrek eramango zaitu publiko zehatz batera eta horrek bertsolaritzara ekarriko du jende bat segur aski bestela etorriko ez zena. Txapelketan ere ikusten da bertsolari bakoitzak zer jende ekartzen duen. Eta hori interesgarria da, publiko desberdinak topa ditzala bere bertsolari erreferentzialak eta hortik ere joan dadila bertsolaritza garatzen.
Illunbeko plaza ezaguna duzu. Hala ere, bertigoa ematen du?
Beti ematen du bertigo pixka bat. Une honetan ez dit ematen, nahiko garbi daukat zer egin nahi dudan eta zer gorputzaldi bilatu nahi dudan Illunben. Gero, hara iritsitakoan, ikusiko da. Plaza beteta eta jendea txaloka ikustean, berotasun horrek beti ateratzen zaitu zure gorputzetik eta zure onetik. Baina gogotsu nago finalerako, sentsazio horiek bizitzeko gogoz nago, nahiz eta badakidan beti dela diferentea. Niretzat Illunbe oso plaza berezia da, jende askok bertan ezagutu ninduen, eta ez dakigu zenbat txapelketa geratzen zaizkigun. Bizitzeko eta gozatzeko asmoa daukat.
Finalista berriaren zapatek inbidiarik ematen al dute?
Niri inbidia ematen didana da pasa diren hiru finalista berri horiek zein ibilbiderekin eta zein kokapenekin iritsi diren finalera. Gogoratzen dut ni nola iritsi nintzen lehen final hartara eta sentitzen dut ez neukala hauek daukaten diskurtsorik, hizkuntzaren kontrolik, bertsoaren kontrolik... inbidia horrek ematen dit. Nire lehendabiziko finala osorik gogoratzen dut, bertsoz bertso. Sentsazio horiek denak gogoan ditut. Ondorengo finalak lausoago dauzkat. Baina nire lehen finala bizitzan errepikatuko ez den zerbait da eta inbidia sentitzen dut pentsatuta beraiek nola bizituko duten, nola geratuko zaien. Ederra da.
Tira, zuk ere kantatzeko toki ona daukazu.
Bai, bai, oso ona.