Eroso, behartu gabe, garaipenarekin eta, hasiera batean, minik sentitu gabe. Halakoxea izan da Iñaki Artolaren itzulera kantxetara. Atzean oso nagusi izan den Jon Mariezkurrenarekin batera, bigarren garaipena batu dute Binakako Txapelketan Jaka-Imazi Urretxun 14-22 irabazita.
Urriaren 25ean lesionatu zen Iñaki Artola, Lau eta Erdiko txapelketan, Zubizarretaren aurkako partidaren azken zatian. Ezker hankako iskiotibialetan gihar haustura bat sufritu zuen alegiarrak eta honek kaiolako finalerdietara sailkatzea galarazi zion, ezin izan baitzuen Jakaren aurka lehiatu. Ez hori bakarrik; esku pilotak atsedenik ez duen kirol bat izanik, lesio horrek Binakakoaren lehen bi jardunaldietan egotea galarazi zion baita ere.
Gaur arte. Urretxuko Santa Lutzi egunaz lagunduta, gipuzkoarra bueltatu egin da kantxetara, Jon Mariezkurrenarekin bikoa osatzeko. Txapelketa hasieran txapela lortzeko faboritoen artean zeuden biak. Hori bai, lehen partidan, Larrazabal ordezkoarekin, atzelariak jipoi galanta jaso zuen Lau eta Erdiko txapeldun Unai Laso eta Lehen Mailako Binakakoan debuta egin zuen Martxel Iztuetaren aurka (22-9). Bigarrenean, ordea, emozioz beteriko partida batean, 0-4ko azken partzial bati esker markagailua irauli zuten Peña II.a-Albisuren aurka (21-22).
Gaur, eroso
Ostiral honetako partidan, gauzak erosoago joan zaizkie. Gehiegi behartu gabe, Artolak pisu guztia utzi dio Mariezkurrenari atzeko koadroetan. Nafarrak oso atzean mantendu du Imaz, eta Jakak lau eta erditik atzera jokatu behar izan du partidako momentu askotan.
Hala, nahiz eta 3ko bedinketarekin joan diren, 4-12ra ihes egin dute urdinek lehen atsedenaldia baino lehen. Azken tanto honetan Mariezkurrenak Ederrena pilotalekuko erreboteraino bidali du pilota.
Polemikarako tartea ere egon da 7-14koan. Urdinek buelta eskatu dute Jakak traba egin diolako Artolari. Harmailetako zale bat atseden setera joan da protestatzera, baina zorionez gauza ez da gehiagora joan.
Mariezkurrenak atzean oso nagusi izaten eta Artolak arrisku gutxi hartzen jarraitu dute. Jaka, aldiz, oso behartuta ibili da eta pilota dezente galdu ditu. Gainera, Imazek aldageletera joan behar izan du bost eta erdian pilota batera airez sartu eta hatzean kolpe handia hartu duenean.
Zorionez, Oiartzungo atzelaria segituan bueltatu da kantxara, baina gorriek ezin izan dute aldea murriztu bigarren atsedenaldian (10-18). Mariezkurrenak pilota batzuk ere galdu ditu, baina atzean sendo jarraitu du eta 4-4ko partzial batekin eman zaio amaiera Urretxuko partidari.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka-Imaz: 14
Artola-Mariezkurrena II.a: 22
Pilotakadak: 490. Iraupena: 61 minutu. Markagailua: 3-0, 3-8, 4-8, 4-13, 5-13, 5-14, 8-14, 8-15, 10-15, 10-20, 14-20 eta 14-22. Sakez egindako tantoak: 2 Jakak eta 1 Artolak. Jokoan egindako tantoak: 4 Jakak, 2 Imazek, 5 Artolak eta 4 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 6 Jakak, 6 Imazek, 1 Artolak eta 5 Mariezkurrena II.ak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Santa Lutzi egunean, Binakako hirugarren jardunaldiko partida jarraitzeko.