Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Maixux Zugarramurdi
‘Hileta kantu nafarra’ abestiko protagonista

«Nire belaunaldiko emakumeei omenaldi bat da, beti kantuan ibili baina itzalean egondakoei»

Irratian Benito Lertxundi edota Xabier Lete aditzea du gogoan Maixux Zugarramurdik, baina baserrietako sukalde zein ganbaratan emakumeak sumatu izan ditu kantari. Horiei guztiei ahotsa emateko, ZETAK taldearekin batera ‘Hileta kanta Nafarra’  abestu du, eta Mitoaroan izango da urtarrilean.

Maixux Zugarramurdi, ‘Hil kantu Nafarra’ kantuko abeslaria.
Maixux Zugarramurdi, ‘Hil kantu Nafarra’ kantuko abeslaria. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘Hileta kanta Nafarra’ abestia plazaratu berri du Zetak taldeak eta badu protagonista berezi bat: Maixux Zugarramurdi (Goizueta, 1957). Bideoklipean Pello Reparazen ondoan ageri da kantari, ez zuen halakorik espero hontara ezkero: «Badago esaera bat ongi esana, ez nuen hiltzea baino gehiago pentsatuko garai honetan nik disko batean parte hartu behar nuenik». Oso eskertuta dago bizi izandakoarekin: «Grabaketara izututa joan nintzen, ez nekielako mundu hau zer zen, gazte pila batekin elkartu nintzen eta beraien amona banintz bezala tratatu ninduten, super harro eta super eskertuta atera nintzen bertatik».

«Sua piztuta al daukak?» galdetzen omen dio Zugarramurdik anaiari bisitan joan aurretik, eta berak ere hala hartu gaitu Aranoko baserri ederrean, Beltsoko-Bordako sukaldean, sua piztuta eta kafesnea prest madalenekin, «beroan sartzeko». Ondoan ditu hiru alabak ere, Ainhoa, Arantxa eta Maider Ansa, Mitoaroan ere ondoan izango ditu, eta «mari saltserak» deitzen badie ere sumatzen da asko estimatzen dituela.

Txikitatik izan du kantua presente Maixux Zugarramurdik, baina proposamena nola iritsi zitzaion galdetuta oraindik harrituta kontatzen du: «Kanturen bat bai, baina ZETAK taldea ez nuen ezagutzen, eta egun batean alaba etorri zitzaidan eta esan zidan: ‘Ama, Pellok deitu dit eta kantu baterako emakume heldu bat behar du, zu behar omen zaitu’, nik segituan esan nion, ‘joan zu!’. Hasieran ezetz esan nion, ez nintzela gai ikusten, hurrengoan pentsatuko nuela, eta azkenean baietz, eta hementxe nago».



Abestian parte hartzearen ideia ideia Beltsoko-Bordako sukaldean ibili zen, eta Zugarramurdik kontatzen du bilobak zeudela harrituen: «‘Uau Amona, ZETAKekin grabatuko duzu kantu bat?’ esaten zidaten, eta begira, beraiei gutxienez hori ere geratuko zaie». Sukalde inguruan dabiltza biloba batzuk ere, eta elkarrizketaren amaieran gogoratu diote: «Amona, ostiral honetan aterako da kanta e!», ikusmina du inguruak.

Senarra hil berria zuen proposamena heldu zitzaionean, izenburuak zuzenean konektatu zuen berekin «eta letra entzundakoan negarraldi on bat egin nuen» kontatzen du. 20 urterekin ezkondu eta 15 urtean Ozenki abesbatzako kide izan da, eta alabekin batera ‘Artantxuriketan’ emanaldia egin zuen, artoa txuritu bitartean baserriko kantuak eta kontuak uztartuz. Pandemia eta senarraren gaixotasuna zein heriotza tarteko albo batera utzita zuen publikoki abestea, bere esanetan, inoiz abeslaria izan ez bada ere, eta ‘Hil kanta nafarra’ «ixteko brotxe ederra» izan, bere bizitzan ahaztuko ez duena.

Arbizura joan zen Reparazen estudiora grabaketara «grabatzeko plaka handi horren aurrean jarri eta ufa» esaten du berak, eta musika elektronikoaren inguruan galdetuta beste bide bat deskubritu zuela azaltzen du: «Horrenbeste zarata, horrenbeste soinu… Gero Pellori entzun eta zentzua bilatzen diozu, baina  esplikaziorik gabe, ni pixka bat galduta ibili nintzen, izugarriko pazientzia eduki zuten nirekin». Ezagututako soinu berriak gustuko dituen galdetuta ere argia da, «gustatzen zait, e!» ohartarazten du.

Beti kantuan, betidanik

Hamar senidetan zaharrena da Zugarramurdi, «neska gainera» zehazten du berak eta ondorioz bere eginkizuna baserrian umeak zaintzea izan zela kontatzen du. «Orduan ez zegoen ez mugikorrik, ez telebista edo irratirik, orduan umeak besotan hartu eta lo hartzeko kantatu egin behar zen, kantari sumatu dut beti nire burua», kontatzen du irribarrez.

«Gure garaian emakumea bazinen egin behar zen ezkondu, umeak izan eta etxeko lanak; eta gutxi gehiago. Zenbat emakume geratu diren kantugintzarako balio zutenak eta biderik egin gabe, nik uste omenaldi txiki bat dela abesti hau, ni ez naute aukeratu profesionala nintzelako, baina bai beti kantuan ibili naizelako batekin edo bestearekin, eta hau emakume guztientzako omenaldia izango da, beti kantuan baina itzalean egondakoentzat», kontatzen du.

Kantari ona izateaz gain, kontulari ona da Zugarramurdi eta hunkituta gogoratzen ditu gurasoen eskutik jasotako kantu eta bertsoak: «Aita Oiartzungo Okillegi baserrikoa zen oso kantuzale eta bertsozalea, aitzakia txikienarekin hasten zen kantuan, ume bat besotan hartzea nahikoa zuen bertsotan hasteko. Amak ere kantu mordoxka bat bazekizkien, eta gogoratzen naiz artoa zuritu bitatean Markesaren alabaren bertsoak nola kantatzen genituen, bertso guztiak buruz, goitik behera».

Trasmisioaren garrantzia

Bere arbasoek baserri inguruko kantuak eta kontuak hurrengo belaunaldiei helarazteko gaitasuna miresten du Zugarramurdik: «Lehen bazuten memoria, orain dena mugikorrean apuntatu behar dugu. Lehen landu egiten zen, edozein garai zen ona kantukantari ibiltzeko, elurra egiten zuenean, etxetik atera ezin zenean… Baina badakit orain oso zaila dela, hala ere, transmisioa oso garrantzitsua iruditzen zait, eta euskaldunen artean oraindik ere garrantzitsuagoa».

«Maiderrek [Ansak] behin esan zuen esaldi bat gustatu zitzaidan eta askotan erabiltzen dut: Zuk transmititzen ez duzun hori, zurekin joaten bada hilobira, liburutegi bat erretzea bezalakoa da, hura ja ezin da errekuperatu, dakizuna erakutsi egin behar duzu».

«Agur/ Asko nuen esateko/ Asko zuri emateko/ Agur/ Arakiletik dator Herio/ Behar baino lehenago», esaten du abestiak, eta bideokliparen amaieran Reparazek erlauntza bati «kax kax» jotzen dio, Ansatarrek azaldu zidaten zergaitia: etxekoren bat hiltzean erleei abisatzen omen zaie, argizari gehiago egiteko hildakoari bidean laguntzeko. Kantuak, berriz, sukaldeetan geratu direnei goxatuko die bidea.