Hilaren 6an indar handiz hasi zen Mendi Film Jaialdiaren makineriaren motorrak gaur geldituko dira. Hain zuzen ere, Euskalduna Jauregian, 17.00etatik aurrera, hamazazpigarren ekitaldiaren sari banaketa ekitaldia egingo da pelikula irabazleen non stop emanaldiarekin batera.
Egun hauetan guztietan Bilbo mendiko kulturaren aterpea izan da, eta, filmez gain, antolatzaileek egitarau oparoa osatu dute: hitzaldiak, tailerrak, erakusketak… Baina ohi den legez, Sail Ofizialeko ekoizpenek protagonismo nagusia izan dute.
Neurri batean baiezta daiteke irabazlearen izenak ez duela inor ezustean harrapatu. ‘Songs of Earth’ proposamenak epaimahaia txunditu du. Margreth Olin zuzendari norvegiarraren lana erabat osoa da, eta hain zuzen ere hori da epaimahaiak nabarmendu duena: «Argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa eta soinu banda sublimea. Erritmoa pausatu eta entzuteko prest jartzen garenean, jabetzen gara emana zaigun horretaz: Natura deika daukagu».
Oro har, ‘Songs of Erath’ aurtengo ekoizpenen artean faborito nagusietako bat zen. Bilbora aura berezi batekin heldu zen; izan ere, Oscar sarietarako Nazioarteko Film Onenaren Norvegiako hautagai izan da. Film honek hainbat mendi eta gai sozialetako zinemalditan parte hartu du, eta Filmin plataforman ikusgai dago.
Gogoratu behar dugu balio sozialetan oinarritutako dokumentalgintzan ibilbide oparoa duen zuzendaria dela Olin, eta lehenengoz aurkeztu dela Mendi Filmen. 2023an estreinatutako film honetan haren gurasoak bihurtu ditu protagonista, sorterri izan duen Norvegiako Vestland-eko Oldedaleneko paisaia liluragarrietan kokatuz.
Beste hamaika
Gaur arratsaldean oholtzara igoko diren beste protagonista batzuk Marta Gomez eta Paula Iglesias izango dira. Zuzendari onenaren saria jasoko dute ‘Flying Hands’-engatik. Gidoi onenaren saria, berriz, Italiara doa: Marco Zingarettiren ‘L´eta Sperimentale’.
Jerome Tanon frantziarraren ‘Of a Lifetime’ argazkilaritza onenaren sariarekin egin da, eta epaimahaiarena Dominic eta Nadia Gill estatubatuarren ‘Planet Walker’ pelikulak jasoko du.
Soinu banda onena Maja Karlsson estatubatuarraren ‘The last observers’ izan da, eta euskarazko film onena Mikel Lizarralderen ‘Zazpi’. Bilbotik behin baino gehiagotan igaro den Eliza Kurbarska poloniarrak ere aitortza jasoko du ‘The last expedition’-ekin; izan ere, mendiko film onena izan da. Eta eskaladarena munduan zehar sona handia hartu duen Kenji Tsukamoto japoniarraren ‘Ashima’.
Louis Hanquet frantziarraren ‘Un pasteur’ ekoizpenak kultura eta natura film onenaren saria eramango du. Frantziar Estatura ere joango da hurrengo aitortza: Maxime Moulinen ‘Andrea, un unpaved route’ (kirol eta abentura film onena). Eta azkenik, film labur onena Darcy Hennessey kanadarraren ‘Jamie’ izan da.