Infantilizazioaren koala
Lau eta Erdiko txapelketaren finaleko sari banaketan, peluxezko koala bana banatu zitzaien Goiuri Zabaleta irabazleari eta Amaia Aldai txapeldunordeari.
Lau eta Erdiko txapeldunari eta txapeldunordeari, Zabaletari eta Aldairi, peluxezko koala bat ematea infantilizazioaren ikur da. Zenbaitek esango dute Tourrean lehoia ematen zaiela bai gizonei eta bai emakumeei, eta ea zein arazo egon daitekeen atzo Sestaoko frontoian emandakoarekin. Bada, kontu nagusia da gizonezko txapeldunei ez zaizkiela peluxeak ematen, are gutxiago arrosa eta more kolorekoak.
Lehen bistadizoan harrigarria iruditu zitzaidan, pilotalekuaren atzealdeko horman bi koala ikustea: handia eta txikia, bata txapeldunarentzat eta bestea txapeldunordearentzat. Nire buruari sinetsarazi nion ez zela finalisten oroigarria izango. Bai zera! Nola da posible? Bada, bai, izan zen. Ez zuen harrabots handirik sortu, eta egia esan, munduan dauden arazo potoloen aurrean, hau ñimiñoa baino ñimiñoagoa da. Baina, hotzean hausnartuz, gizonen eta emakumeen arteko bereizgarriak horrelako detaile txikietatik ere hazten dira; gauza txikienak bere bilakaera izan eta gizartean errotuta dagoen bereizgarri bilakatzeraino. Inori bururatuko litzaioke Lasori eta Altunari horrelako panpina bat oparitzea? Sari banaketak adosteko bileretan mahai gainera ekarri ere egiten ez direla ziur naiz.
Izan daiteke asmo onez egindakoa, txapelketari bere zigilua jartzeko erabilitako zerbait –Emakume Master Cup logoa zeukaten itsatsita–, baina hain infantilizatua izan behar du? Bizitza honetan gauza gutxi dira kasualitatea, eta hain justu emakumeen kirola infantilizatu egiten da sarri. Askotan asmo onez egindako detaileekin, baina guztietan paternalismo kutsu handiarekin.
Oroitu naiz bat-batean, Binakako txapelketan, Arrasaten jokatutako finalean, aurten, irabazleei txapel morea jarri zietela. Une horretan Olatz Arrizabalaga txapeldunak –Itxaso Erasun bizkartzain zuela irabazi zuen txapelketa– keinu arraroa egin zuen saria jasotzean. Ez dakit txapelaren koloreagatik izan zen, edo txikiagoa zelako, edo argi eta garbi ikusi zuelako diskriminazioaren zantzua –itaun egiteko gogoz geratu nintzen–. Zergatik izan behar zuen more kolorekoa? Emakumeak zirelako? Uarkape pilotalekuaren hormak kolore horretakoak zirelako? Galdera asko dira. Eztabaidatu daiteke zilegitasunaz, baina kasualitatez edo kausalitatez, desberdintasuna beti emakumeekin egiten da. Inoiz ez ditugu ikusi Altuna, Laso, Etxeberria, Elordi, Zabaleta beltza ez den txapel bat jasotzen txapelketa ofizial batean, ez eta more edo arrosa koloreko koala bat ere.