Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Alaia Martin Etxebeste
Gipuzkoako bertsolari txapelduna

«Sentitu nuen: ‘bale, hemendik nahi nuen eta hemendik ari naiz’»

Pozik. Bidegorrian dabilen emakume batek «enhorabuena» eta hurrengoak «ze harro gauden Oiartzunen». Txapelaren itzal elebiduna. Illunben nahi zuen tokitik egin zuen bertsotan Alaia Martinek eta gozatu egin zuen; beregatik, kantukideengatik eta plazarengatik.

Audio_placeholder

«Sentitu nuen: ‘bale, hemendik nahi nuen eta hemendik ari naiz’»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Alaia Martin pozik, Oiartzunen, finalaren biharamunean.
Alaia Martin pozik, Oiartzunen, finalaren biharamunean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oraindik lainoan, saioko sentsazioak azalean, lauzpabost ordu lo eginda. Final eder baten parte izan dela jakitun da Alaia Martin.

Zorionak. Nolako biharamuna?

Esango nuke pozik nagoela, oraindik ere digeritzen ari naizela, bizitakoa barneratzen. Oraindik barru perspektiba batetik, saioa kanpotik ikusi gabe. Lehenengo geruzan nago.

Librean hasi zenuten saioa. Eneritz Artetxe eta biak egokitu zineten BEZaren inguruko gai baten inguruan. «A zer gaia» pentsatu genuen, eta zuk gaiari distira atera.

Gaia entzuten dudanean saiatzen naiz ez pentsatzen, ez ona den edo ez txarra den, askotan gaiak berak sorpresak ematen ditu eta. Askotan jarrerak berak baldintzatzen du bertsoaldia. Nire posizioa ez zen etikoki zuzena, baina oso ohikoa zen eta, aldi berean, sinesgarria. Bide hori hartu nuen, errealitatearekin lotzen zuten zantzu horiek hartu eta pixka bat hiperbolerantz eraman, denok ezagutzen ditugun esaldi, mezu, argudio, aitzakia horiek ekarri nahian.

Lehen ariketak balioko du seguruen plazan nola zauden sentitzeko. «Nik nahi dudana egin behar dut, berorrek hala egin beza», amaitu zenuen ariketa. Buelta eta txiribuelta.

Ofizio horrek asko lagundu zidan. Ideiak etorri egiten zitzaizkidan, nahi nuen erregistro hori etorri egiten zen. Ez hainbeste zorroztasun hori, batzuetan txapelketan kontrolera eta estu errimatzera jotzen baitugu, baina igual esatearen kaltetan. Etortzen zitzaidana gehiago zen esateko, estu errimatzeko baino. Horrekin sentsazioa izan nuen: ‘bale, hemendik nahi nuen eta hemendik ari naiz’. Gero, esakeraren batean ez nintzen gustura geratu; betelanean espresio bat nuen buruan eta beste bat esan nuen. Eseri nintzenean, gustura geratu nintzen elkarrizketa horrekin eta argudioekin. Baina nire buruari esan nion: ‘e!, fin, betelanean ere adi; ideiak datozenean bilatu zehaztasun hori barruan’. Hasieran bost minutuz deserosotasun bat izan nuen, baina hortik aurrera deskartatu eta esan nuen: pintzel fina barruan ere.    

Zortziko txikian, Beñat Gaztelumendirekin. Plazan igarri egiten da elkarrekin aurretik egin duzuen errodajea.

Hasteko esan behar da Beñatekin kantatzea beti dela erraza, aberasgarria eta konfiantza iturri. Beñatek beti dauka begirada fina eta eskuzabaltasuna ondoan daukanarekiko. Hori abiapuntuz eta edozein bertsolarirekiko dauka berak. Eta, gero, horrez gain, lagunak gara, asko maite dut Beñat, asko miresten dut eta asko ezagutzen dut. Horrek ere lasaitasuna eman zidan eta ilusioa egin zidan, zer gerta ere, Beñatekin ofizio bat partekatu ahal izateak Illunbeko plaza handi horretan. Prestaketaren ehuneko handi bat egin dugu elkarrekin. Oso eskertuta nago askotan hurbildu delako Oiartzunera prestatzera, bidea erraztu dit. Zozketak ondoan kokatu gintuenean, sekulako poza hartu nuen.

Gero, berriz atmosfera berezia. Hamarreko txikian, Ane Labakarekin.

Bai. Aurten gutxiago, baina aurreko txapelketak elkarrekin prestatu izan ditugu. Hor badago miresmen bat eta maitasun bat, eta banuen konfiantza saiatuko ginela elkarrizketa bat kokatzen. Gogoz eta ilusioz altxatu nintzen. Askotan hori da gakoa.

Lehen ere aipatu duzu jarrerak zer nolako garrantzia daukan. Zu gozatzen sumatu zintugun finaleko oholtzan.

Jarrera beti da garrantzitsua eta ni saioetan saiatzen naiz hori zaintzen. Illunberen kasuan, kostatu egiten da iristea, ez dakizu inoiz berriz iritsiko zaren horrelako final batera eta badakizu horren atzean zer bide dagoen, zer ilusio, zer ahalegin eta zer beldur. Behin han egonda, ilusio handia nuen saio borobil bat egiteko. Hori tokatu egin behar zaizu; eguna, kideak, gaiak, loa... gauza asko batera tokatu behar zaizkizu, eta tokatu zitezen gogo eta ilusio handia neukan. Grina hori baneukan, agian bestetan modu horretan izan ez nuena. Finala bizi egin nahi nuela sentitzen nuen.

Ganbarako gaian kazetariaren tokitik, oilo ipurdia sortu zizun gai baten aurrean. Publikoan norbaitek xuxurlatu zuen, «torturari buruz». Zuk torturari buruz kantatu zenuen, eta sentipena izan zen plazak behar zuela.

Agian, bai. Egia esango dizut, aurretik ez nuen inolaz ere pentsatuko Illunben torturaz kantatuko nuenik, ez zegoen nire sentsazioetan. Gauden garaietan gaudelako, ni azken garaiotan beste borroka batzuek asko astindu nautelako eta gorputza horietan izan dudalako... Baina hain zuzen egunerokoan haragi bizitan ez ditugun gauzak direlako, gorde egin dizkigutelako, zalantza egin nuenean, erabaki nuen torturari lekua eman behar niola. Ez zen izan lehen aukera, eta ni normalean lehen aukerarekin geratzen naiz. Gehiago etortzen zaizkit, baina lehenengora bueltatzen naiz. Kasu honetan ez zen izan lehenengo aukera, baina une horretan horrek mugitu ninduen. Beldurra eman zidan gaiari eusteak ere, baina pentsatu nuen plaza hori erabili zitekeela horretarako. Sentsazio horretatik egin nuen, eta, egia esan, ni ere mugitu egin ninduen horri buruz kantatzeak.

Buruz buruko kinieletan zure izenarekin ez zen zalantzarik. Ez dakit zein sentsazio zenituen.

Norberaren sentsazioak ez dira fidagarriak izaten. Ez bazara oso ondo ari, ezin diozu zure buruari ozen esan, bestela ondorengo ariketa guztietan ez zara arituko. Ni saiatzen naiz auto-epairik ez egiten. Eroso ari nintzen. Kide batzuek bai esan zidaten eusteko. Oihana Iguaranek asko zaindu ninduen, adibidez.

Arantzazu Loidik txapela jantzi zion unea. Jon URBE | FOKU

Buruz burukoa, Beñat Gaztelumendirekin. Ez dakit zerbait berpizten ote den, zerotik hasten ote zareten...

Ezer ez da zerotik hasten. Denok daukagu historia bat, memoria bat, iruditeria bat, bizipen batzuk eta ilusioak. Baina bi pertsona desberdin gara 2015ekoak eta orain garen hauek. Garaiak ere izugarri aldatu dira. Niri pertsonalki izugarrizko ilusioa egiten zidan Beñatekin kantatzeak, laguna delako, miresten dudalako, bertsolari puska bat delako, merezi duelako... Niretzat, buruz burukoa berritzea polita izan zen, baina beste berritasun bat balitz ere, ekarpena izango litzateke eta poztuko nintzateke. Beñatekin pasatzeak konfiantza eta lasaitasuna eman zidan, bera ohituta dagoelako buruz burukoetara. Sentsazio oso etxekoa edo oso goxoa izan zen bidearen azken zati hori Beñatekin egitea.

Gauza asko gertatu ziren finalean, bai oholtza gainean eta bai oholtzatik behera. Berezia izan zen finala.

Niretzat bai, eta bene-benetan liluratuta nengoen kideen gaitasunarekin, esaten ari zirenarekin, gorpuzten ari zirenarekin, beraien indarrarekin, elkarrekiko geunden moduarekin... Benetan zegoen giro ona, elkarri zeozer ona opa genion eta benetan elkarri laguntzen ari ginen. Sentsazioa daukat denek utzi zutela sinadura propioko zerbait. Final hori bizitzea izugarrizko zortea zela sentitzen nuen momentuan bertan. Uste dut ezinbestekoak izan zirela oholtzan zeuden pertsona guztien ekarpenak.

Txapela, laguntasunari.

Aurretik pentsatu nuen. Edozein postutan, horixe kantatu nahi nuela pentsatu nuen. Ni oraintxe lotuta bizi naiz zaintzari, aurtengo urtea izan da erabat zaintza eta tarteka bertsoa. Eta bertsoa sekulako arnasgunea eta oparia izan da, zaintza izan den bezala. Etxeko sarea ezinbestekoa izan da hau posible izan zedin, aurten eta orain. Baina pentsatzen jarrita, hamabi urte nituenetik honaino iristeko zerbait funtsezkoa izan bada nire bizitzan, lagunak izan dira. Eta nahiko nuke izaten jarraitzea. Batzuetan gertatzen da inertziak –adin batetik aurrera batez ere– eramaten gaituela nukleo gero eta txikiagoetara eta familiarragoetara, familia zentzu tradizionalean esanda. Eta hautu kontziente bat egin ezean beste norabide batean, irentsi egiten gaitu eta hor geratzen gara gure hiruzpalau lagun gaizki zainduekin. Nahi nuen agurra kantatu nuen, nire inguruari eta nire buruari opa diodana, urte askoan kalitatezko harremanak izatea lagunekin. Aitortza egin nahi nien lagunei. Sare horiek aukeratu egin behar dira, kontzienteagoak dira, eta gaur egun afektu horiek asko telematizatu ditugu; besarkadak letrekin ematen dira eta emotikonoak, gifak eta hartuko ditugun kafeen promesa eterno horiek daude hor. Haragizko harremanen alde egin nahi nuen, auzoaren alde. Egunerokoan sare hori elikatzearen alde.

Zaintza aipatu duzu. Aitatasunaz galdetzea ez da ohikoena. Amatasunaz galdetuko dizut, akaso ez nukeela galdetu behar jakinda. Aurten ama izan zara bigarrenez. Finalean txikiari bularra ematera jaitsi zinen oholtzatik. Burua beste toki batzuetan ere bazenuen.

Batez ere gorputza daukat beste norbaitentzat, beste birentzat. Urte hasieran izan nintzen berriz ama, eta nire egunerokoaren %98 konpainian da. Horrela erabaki nuen aurrera egitea, baina beste erritmo batean, askoz gehiago paseatuz, irakurriz eta egunerokoak jartzen dizkizun zapata horietan, bere alde onekin eta txarrekin. Ez zatekeen posible izango ez bagenu etxean horren aldeko apustua egin, ez banitu lagun zoragarriak eta bertsokide zoragarriak. Ez zatekeen posible Miren desberdinek gaiak bidali ez balizkidate; Oihana ez balitz nirekin paseatzera etorri; Julio etorri ez balitz kafe bat hartzera... Asko lagundu didate bertsokide eta lagunek, eta hori funtsezkoa izan da. Hori onartu duten etxekoak ere ezinbestekoak izan dira, ilusioz bizi izan dugulako, ahal zenaren eskalan eta autoexijentzia zigortzailea saihestuz. Horretan ahalegin kontziente bat egin dut, ez zedin autosuntsitzailea izan ez niretzat ez ingurukoentzat, ilusiotik transmititu nahi nielako gertatzen ari zena.

Eta, gero, garrantzitsua da esatea Bertsozale Elkarteak ere ahalbidetu duela. Nik konfiantza neukan une batean atzera egiteko beharra sentitzen banuen, hori egiteko modua izango nuela. Urte askotan egin den lanagatik eta dagoen sentiberatasunagatik hori posible izan da. Eskertu nahi ditut izan ditudan sorbalda, beso eta begi horiek laguntzeko prest egon direnak eta oholtzatik jaisterako aulkitxo bat jarri didatenak, berogailuaren ondoan bularra emateko txikienari.

Alaia Martin Gipuzkoako bere lehen txapelarekin. Gorka RUBIO | FOKU

Finalean hiru ama zineten kantuan. Aitak diren bertsolariak betidanik existitu dira eta ez dugu fokua horiengan jarri.

Aitei ez diegu hainbeste exijitzen, ez ditugulako hainbeste epaitzen eta baloratzen. Ez dut ezer berria esango, askotan aitak txalotu egiten dira beraien ardura hartzen dutenean eta kuestionatu egiten dira amak beraien ardura partekatzen dutenean. Jendartean egin behar dugun begirada aldaketaren erakusgarri bat gehiago da. Horrela egingo da bidea, ikusiz posible dela modu askotara eta ez dagoela bide bat bestea baino hobea edo txalogarriagoa.

Eta, orain, zer?

Orain lo egin, jan, egon eta egunak eskatzen duena. Abiadura jaitsi, datozen plazak gozatu, txikiekin paseatu eta jolastu. Eta lagunekin ospatu, hori ere asmo serioa da. Bisita batzuk egin nahi dizkiet lagun batzuei. Orain atseden hartu. Garrantzitsua da gauza bakoitzari bere denbora ematea. Eta gero bidean segitu, egun bakoitza ebazten nahiko lan eta emozio izaten dugu.