Euskaltzaindiak eta UZEIrentzat ‘klima-aldaketa’ da 2024ko hitza. Urte honetan sortutako kontzeptua ez bada ere, azkenaldian komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan zein sare sozialetan «gero eta maiztasun handiagoz» erabili dela jarri dute balioan.
Hiztegian adibide gisa lehenagotik jasota egon arren, klima-aldaketa esamoldea 2022ko urtarrilaz geroztik dago azpisarrera gisa Euskaltzaindiaren Hiztegian. «Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa» adierarekin eta meteorologiaren arloko terminoa dela adierazten duen markarekin jaso du Euskaltzaindiak.
«Aurten, gero eta ohikoagoak diren muturreko zenbait gertakari meteorologikok -hala nola lehorteak, uholdeek, poloetako izotz-geruza urtzeak edo batez besteko tenperaturaren gorakadak- areagotu egin dute klima-aldaketaren inguruko kezka. Besteak beste, aurtengoa inoiz izandako urterik beroena izango dela iragarri dute. Eta, horrenbestez, albiste horietako askoren harira, protagonismo berezia eta etengabekoa izan du aurten hedabideetan eta bestelakoetan klima-aldaketa esamoldeak», ekarri dute gogora.
Gainera, pareko beste esamolde batzuekin alderatuta erabilera zabalena duen terminoa dela aipatu dute. «Corpusetako datuek erakusten dutenez, sinonimo gisa erabiltzen den aldaketa klimatiko ez dago hain zabaldua. Horregatik, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso; oraingoz klimatiko adjektiboa jaso ez den bezala», azaldu dute.
Bestalde, sinonimoa izan gabe, bada klimatologiaren eta ingurumenaren arloko beste termino bat, kontzeptu horrekin zuzenean lotua dagoena: klima-larrialdia. «Gorago aipatutako albisteez hitz egiteko guztiz egokia izan daitekeen arren (‘klima aldaketak ekar dezakeen egoera larria’ adiera duela dio hiztegiak), oraingoz hedabide orokor askok nagusiki klima-aldaketa erabiltzearen alde egin dute, antza denez», adierazi dute.
Horregatik guztiagatik, klima-aldaketa hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitz.
Lourdes Auzmendi, UZEIko lehendakari berria
Bestalde, abenduaren 12an egindako Batzar Nagusian UZEIko lehendakari berria Lourdes Auzmendi izango dela erabaki zen. Auzmendik itzulpengintzan eta interprete-lanetan garatu du bere ibilbide profesionala.
1987an, EIZIEren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) sortzaileetako bat izan zen, eta elkarte horretako lehendakari ere bai aldi batez. 2001etik 2017ra bitartean, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritu zen itzulpengintzako ikasketetan.
Lakuako Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuten 2009an, eta geroago Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako sailburuorde.
Jon Etxaberen lekukoa hartuko du Auzmendik.