NAIZ

PSEk Harkaitz Millan Gipuzkoako diputatu ohia proposatu du Etxepare Instituturako

Autoritatearen aurkako atentatua egotzita 2022an atxilotutako eta geroago absolbitua izan zen Harkaitz Millan Gipuzkoako foru diputatu ohia izendatu du PSEk Etxepare Instituturako Legebiltzarreko ordezkari gisa. Alderdiak dioenez, kargurako «egokiena» zelako aukeratu dute Millan.

Harkaitz Millan, artxiboko irudi batean.
Harkaitz Millan, artxiboko irudi batean. (Maialen ANDRES | FOKU)

PSEk Harkaitz Millan proposatu du Gasteizko Legebiltzarraren ordezkari gisa Etxepare Institutuan. Duela bi urte dimisioa eman zuen Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu gisa, Ertzaintzak atxilotu ostean, Donostiako ostalaritzako lokal batean autoritatearen aurkako atentatua egotzita.

Hauteskundeak Gasteizko Legebiltzarreko Kultura Batzordean egin ziren, eta Millanekin batera Maria Jesus Guerra izendatu zuten, EAJk proposatuta, Alberto Barandiaran EH Bildukoa, eta Rafael Olaizola PPkoa. Izendapen guztuek lau taldeen babesa izan dute.

PSEko iturriek Eferi azaldu diotenez, Millanen hautagaitza aurkeztea erabaki zuten, kargu horretarako «egokiena» zelako, eta aipatu kasuan errugabe atera zela gogorarazi dute.

Millanek dimisioa eman zuen 2022ko azaroan, Ertzaintzak atxilotu ondoren, Gipuzkoako hiriburuko establezimendu batean autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Dimisioaren ostean, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak esan zuen «beste aukerarik» ez zegoela.

Etxepare Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, Kultura Sailari atxikia, eta euskara eta euskal kultura munduan zabaltzea eta sustatzea du helburu.