2023ko azaroaren 11n Donostiako bi herritarrek kexa bat aurkeztu zuten Arartekoaren bulegoan, Ertzaintzako patruila batek tratu desegokia eman ziela salatzeko. Ez hori bakarrik, 602 euroko zehapen-proposamen bat ere jaso zuten, ertzainei behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren izandako istilu batean.
Salaketan azaldu zutenez, identifikatuak izan ziren delitu zantzua azaldu gabe. Gainera Ertzaintzaren furgoneta bat bertaratu zen eta bost ertzain jaitsi ziren bertatik, «harresi» bat osatuz.
Urte luze bat igaro ondoren, eta Segurtasun sailari informazioa eskatu ondoren, Arartekok ondorioztatu du ertzainen jarrera eta egindako gorputz-arakatzea tratu iraingarritzat hartu ahal izan zirela, eta, hortaz, ez dagoela zehapen-proposamenerako legezko oinarririk, herritar horiek euren burua identifikatzeari uko egiteagatik.
Lakuari zuzendutako gomendioan, Arartekoak herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekotzat jotzen du, eta, era berean, administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra duela gogorarazten du, bereziki testuinguru publikoetan.
Zentzu honetan, erakunde horrek, halaber, polizia-arloko hizkuntza-trebakuntza indartzeko eskatzen du, eskubide-berdintasuna sendotzeko.
Amaitzeko, kexagileei barkamena eskatzeko eskaera instituzionala bidaltzeko aukera proposatzen du, Arartekoak administrazio publikoen eta herritarren arteko jardunean sustatzen duen ikuspegi errestauratiboa betez.