Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak hiru antologia aurkeztu ditu: batetik, hamargarren urteurrena eta 50. kaieraren langa igaro izana ospatzeko prestatutako ‘Biziei ere omen’, hainbat itzultzailek euskarara ekarritako poeta bizien poemak jasotzen dituena; bertzetik, Manuel Vazquez Montalban eta Jacques Preverten antologiak, Koldo Izagirrek eta Jon Alonsok itzuliak, hurrenez hurren.
Maialen Berasategi editoreak oroitu duenez, 2014tik 50 poetaren lana eman du ezagutzera bilduma honek, eta efemeride honetan ohi ez duten bezala jokatu dute, biziei omen eginez. Izan ere, poeta batek bertan kaier bat izateko, hilda egon behar du. Oraingoan, ordea, 50 kaieretan bidaide izan dituzten itzultzaileei bizien poesia itzultzeko aukera eskaini diete, haiek aukeratutako poema bana.
‘Biziei ere omen’ da ariketa horren emaitza: 39 poeta, 39 poema, 39 itzultzaile. 12 hizkuntzatatik itzuli dituzte poemak. Italian hasi eta Nigerian bukatu, geografia urrun zein hurbiletan aritu dira bila: Iranetik Eskoziara, Asturiasetik Libanora, Haititik Vietnamera...
Paperean eta sarean dago eskuragarri kaier bizi hau, gainontzeko guztiekin batera. Esker oneko opari gisa ere sortua da, eta Susaren eta Formol laborategiaren elkarlanari esker, kaier hau oinarri hartuta saio berezi bat osatuko du Formolek oholtzan.
Prevert
Udazkeneko bi kaier ofizialak, idazle ezagunenak izanagatik, beren lehen antologiak dira euskaraz.
Jacques Prevertena da lehena (Frantzia, 1900-1977). Koldo Izagirrek itzuli du frantsesetik, sen zorrotz eta jostalariz. Itzultzaileak kontatu duenez, Prevert surrealisten artean ibili zen gaztetan, anaia bat zuen zinemagilea, gidoiak egin zituen berarentzat eta horrek eragin handia izan zuen bere poesiaren egituran. Gerraren aurkako poemak egin zituen eta ia bere poemen erdiak kantagintzan erabili dira. «Umeak eta eskola oso gai inportantea zen berarentzat, umeak eta amodioa ere bai, eta natura», adierazi du Altzakoak.
Poema batzuk irakurri ditu ondotik, adibidez ‘Barbara’. Hona zati bat: «Oroit izan Barbara, atertu gabe egun hartan Bresten/ eta hi han hindoan irritsu/ arrai pozirik euri malko, euripean/ oroit izan Barbara, atertu gabe Bresten gainean/ eta nik gurutzatu hindunan Siam karrikan/ hi irritsu, ni ere irritsu/ hi ezagutzen ez hindudala hik ezagutzen ez nindunala/ oroit izan egun hura bederen/ ez utz oroitetik».
Montalban
Manuel Vazquez Montalbanen antologia da bigarrena (1939-2003). Jon Alonsok itzuli du euskarara gaztelaniatik, autorearen obraren ezagutza xehe eta sakon batetik. «Maileguan hartu nion bere pertsonaiarik ezagunena, Carvalho, nobela bat egiteko, eta zor hori kitatzeko modua da hau», aitortu du.
Montalban hagitz ezaguna da literatura espainiarrean, denetarik idatzi zuen, baina jendeak ez daki sarri poeta ere bazela. Berak bere poeta izaera aldarrikatu du beti «Ni poeta naiz, poeta nintzen eta poeta izango naiz», erran zuen. «Poeta ona edo txarra naizen, hori oraindik ez dago jakiterik».
Memoria, atzean uzten goazen hori, eta desioa, aurrera bultzatzen gaituena, bi polo horien artean kokatzen da bere poesia. 36ko gerra galdu zutenen memoria du, bera horren parte sentitzen zelako.
Poema baten puska hau da horren erakusgarri: «Ihesean zihoan armadaren atzealdean jaio nintzen/ zentinelaren argitan geratu nintzen eta aire eta ura maileguan eskatu nizkizuen sobera zenituzten auzoetan».
Iruindarrak agertu du bere poesiaren ezaugarri bat dela nahiko poeta bakana, berezia dela bere garaian, poesia sozialarekin apurtzen duelako, eszeptikoa delako ahalmen eraldatzaile horrekin, baina era berean poesia kultuarekin apurtzen du; alderantziz, herriaren aldeko elementuak txertatzen ditu, eman dezagun kopla, pop musika, zinemako erreferentzia asko, publizitatea... denekin collageak sortuz. Gainera, bere poesiaren eta narrazioaren artean etengabekoak dira zubiak.