Aurrez ere jakina zen prekarizazioa eta ezegonkortatuna direla eguneroko ogia Hego Euskal Herrian kulturgintzan ari direnen artean. Datuetara ekarri du bizi duten errealitatea Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Euskal artisten lan eta bizi baldintzei buruzko inkestaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte. Inkesta diziplina-artekoa eta, hizkuntza zehar-lerro gisa erabiliz diseinatu ostean, irailean egin dena.
Amagoia Gurrutxagak eta Koldo Izagirrek hartu dute hitza ostegun honetan egindako prentsa agerraldian. Inkestaren galdetegiaren prestakuntzan alboan izan dituzte Patxi Azpillaga (EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasle ohia, NOR ikerketa taldeko kidea), Edorta Arana (Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, EHUko irakaslea, NOR ikerketa taldeko kidea), Asier Basurto (soziologoa, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria), Amaia Elizagarate (soziologoa, Jaurlaritzako Prospekzio Soziologiko Kabineteko kidea) eta Harkaitz Zubiri (soziologoa, EHUko irakaslea, kultur politiketan eta ohituretan aditua).
Euskal artisten lan eta baldintzen inkesta kuantitiboaren emaitzak partekatu ditu Lanarteak, sindikatu bokazioa duenak. Azterketa diziplinartekoa da, euskaraz eta euskaratik kultura egiten duten sortzaileen eta interpreteen lan eta bizi baldintzak hobetzeko sortua da. «Prekarizatua dagoen sektorea biziberritu eta ondorioz gutxituta dagoen kultur sistema auspotzea du helburu», esan du Gurrutxagak.
Makina bat datu eskaintzen ditu inkestak. Horietatik asko, hausnartzera gonbidatzen dutenak. Emaitzen artean aipagarria da jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenen irabazi garbiak 12.330 eurokoak izan zirela iaz, hilean 1.027,5 euro kobratu zituzten, alegia.
Diru-sarrerei erreparatuta, inkesta bete dutenek, batez beste, 27.879 euroko diru-sarrera gordinak izan zituzten iaz. Irabazi horien %43,3 (12.073 euro, alegia) jarduera artistikoen ondorioz.
Batez besteko diru-sarrerak eta gastu gordinak kontuan hartuta, artistek 6.375 euroko irabazi garbiak izan zituzten iaz, batez beste, beren jarduera artistikoagatik. Hizkuntzari erreparatuz, 12.073 euroko irabazi garbien batez besteko horrek beste dimentsio bat hartzen du. Euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbiak 2023an, bataz beste: 4.717 euro. Euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbiak 2023an, batez beste: 9.672 euro.
«Jarduera artistikoa ogibide nagusi dutenen artean, irabazi gordinen iazko batez bestekoa 24.286 eurora igotzen da, baina kopuru horrek ezkutatu ezineko datua da: artista multzo horretako %30,7k 15.000 euro edo gutxiagoko diru-sarrera gordinak izan zituzten iaz, hau da, batez besteko 27.870 euroetatik oso urruti eta Hegoaldeko lanbidearteko gutxieneko soldataren azpitik eta Iparraldekoaren oso azpitik», nabarmendu dute.
Datu argigarriak bezain kezkagarriak eman ditu Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin egindako galdeketak. Inkestan parte hartu duten kulturgileen herena ez da iristen gutxieneko soldata jasotzera. «Horretara dator estatus propioaren eskaria, gutxieneko soldata segurtatzeko. Estrategikotzat hartzen diren beste gauza batzuetarako diru-poltsa jartzen den bezala jar dezatela gutxieneko soldatara iristen ez direnei bideratuta. Modu horretan jarrai dezaten euren onena ematen», azpimarratu du Gurrutxagak.
Jendartearen pertzepzioa oso bestelakoa da bere esanetan. «Guk bagenekien ez zela horrela, baina daturik ez geneukan», zehaztu du.
Diziplina bat baino gehiago lantzen dituztenen batez bestekoa, berriz, diziplina bakarra lantzen dutenen ia bikoitza da (14.846 eta 7.839 euro, hurrenez hurren), eta, sormen hizkuntzaren arabera ere, aldeak handiak dira.
Jarduera uzteko ideia
Bizi duten egoeraren ondorioz inkestatuen %40ak pentsatu izan du kultur jarduera uztea. Arrazoi nagusia nekea da. «Nazkatu naiz pobrea izateaz». Hauxe inkestan parte hartu duen artista baten esaldi esanguratsua. «Funtzionario edo zeladore bezala hasten dira lanean, ekonomikoki segurtasuna emango dieten lanbideak aukeratzen dituzte. Maite dute sorkuntza baina nahiago dute estresa alboratzeko beste bide bat hartzea», dio Gurrutxagak.
«Nola biziberrituko dugu kultur sistema bat lehengaia saltzen dutenak horrelako baldintzatan ari badira? Non ikusi da hau?», bota du galdera Lanarteako kideak.
Izagirrek argitu duenez, galdetegia erantzun duten %49,8k bere kontura egiten du lana. Horietatik ia bi heren jarduera artistikoren batean alta emanda daude, autonomo gisa; %14,3 kooperatiba bateko kide dira; %8,4 auto-enpresari gisa alta emanda daude.
%45,7 besteren kontura ari dira lanean. %25 funtzionari dira eta %63,6 langile erregimen orokorrean daude alta emanda. Lanartearen inkesta bete duten artisten %40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi-iturri bakar edo nagusi. Beste muturrean, %52,2ri beren urteko diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik.
Hizkuntzari dagokionean, inkestatuen %67,8k (166 pertsona) euskaraz soilik egiten ditu hitzezko beren sormen eta interpretazio lanak. Laurden batek, berriz, euskaraz eta erdaraz egiten ditu, baina euskaraz gehien. Azkenik, %4,9k egiten dute lana euskaraz eta gazteleraz neurri berean edo gazteleraz gehien (%3,3k eta %1,6k, hurrenez hurren).
Entsegu/sortze prozesu kolektiboetan euskara hutsezko jarduna jaitsi egiten da (%67,8tik %58,6ra) eta entseguetan gehien erderaz egiten dutenen multzoak egiten du gora batez ere (%1,6tik %4,9ra).
«Aski da»
«Honaino ekarri gaituzte euskarazko kulturaren alde beren-beregi egingo duten kultur politikak indarrean ez jartzeko bateko eta besteko erabaki politikoek. Aski da. Ezin da betikotu, normalizatu, sektore bat hain baldintza kaskarretan bizitzea. Ezin diogu hau opa etorkizun diren euskal kulturgileei. Administrazio publikoari zer eskatuko liekeen galdetuta, inkestatu batek hau erantzun du, hitzez hitz: ‘Inbertsioa, plangintza serioa, laguntza, zaintza, erantzukizuna, neutraltasuna’. Egoera hobetu behar da eta hobetu daiteke. Baditugu tresnak horretan hasteko», azpimarratu du Gurrutxagak.
Lanarteak hainbat proposamen jarri nahi ditu mahai gainean, dagoeneko erakunde publikoei aurkeztu dizkienak. Batetik, euskaraz sortutako kulturaren legearen beharra nabarmendu du, babes ekonomiko eta juridiko guztiekin. «Legearen diseinuan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dute parte», zehaztu du. «Sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jarri behar direla esan dugu, eta eransten dugu hizkuntza zehar-lerro gisa erabili behar dela politikak egiterakoan».
EiTBk euskal kulturaren alde hartuko dituen neurrien eztabaida hasi beharra ere planteatu dute. «EAEko kultura sailaren sosen erdiak pasa berak hartzen ditu eta euskararen eta euskal kulturaren alde erantzukizunez eta ekimenez eragitea zor dio gizarte honi». Honako eskakizunak ditu Lanarteak eztabaidara eramateko: «Kultur programazioa emendatzea ETBn, euskarazko musika aireratzeko kuota ezartzea, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea, EiTBko eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea, besteak beste».
Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan, eta erakunde publikoek diruz lagundutako hedabide, kultur jaialdi eta ekitaldietan euskarazko kulturaren alde gutxieneko kuotak ezarri behar direlakoan daude. «Bateko eta besteko kuoten kontrol egitura sortu behar da», diote.
Etxebarru Institutuaren sorrera ere jarri dute mahai gainean. «Erakunde autonomoa, euskarazko kultura EHn bertan ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko dituena».
«Artistentzako praktika onen giden ondoan, artistekiko harremanetan erakunde publikoek beraiek izan beharreko gutxieneko praktika onak adostu behar dira», gaineratu dute.
Dei egin die herritarrei «kulturaren alde para daitezen». Eta dei egin die erakunde publikoei «sektorearekin elkarlanean sektorearen aldeko politikak diseinatu eta gauzatu ditzan».
Denboran atzera egin dute. «Elkartea sortu zenetik agerikoa egin zitzaigun zenbat, non, nola... ginen ebazteko beharra. Hainbat diziplinatako langileei buruzko inkestatan begiratu genuen baina hizkuntzaren aldagaia erdigunen jartzen zuenik ez genuen topatu ia, harrigarriki. Hamaika txosten eta kultur plan ofizial irakurri dugu, eta harrigarriki hau ere, artistak oso tantaka agertzen gara. Txosten horiei esker asko ikasi dugu sektoreko patronalaren egoeraz, geure buruaz apenas. Bitxia da, etsigarri ez esatearren, kultur sistema osoaren lehengai lehena sortzen dugula kontuan izanda. Badirudi gu ez garela langileak, bagara, baina. Hainbestetan aipatzen duten kultur industrietako oinarrizko langileak gara. Batzuk, gutxi batzuk, kontratupean ala intermitentzian. Besteak autonomo edota auto-enpresari. Gehienak jarduera artistikoarekin zerikusi handirik ez duten eginbideetan, ordu libreak sorkuntzari eskainiz. Prekaritateak bizi gaitu denok, salbuespena diren gutako gutxi batzuk kenduta. Badakigu ez garela batere originalak, beste kultura guztietan ere gertatzen dela, horrek ez du gure prekarietatea arintzen. Badakigu, gainera, hizkuntza subordinatu bat dugula lanabes, ondorioz, gure kultur sistema ere subordinatua dagoela. Faktore hau erdigunean jartzen ez duen kultur plan, programazio, laguntza sistema, eta ekimen orok bazterrera bidaltzen gaitu beraz. Gure bazterrak kartografiatzea ezinbestekoa zaigu ondorioz. Elkarri galdetuz eta sektoreko hainbat elkarte eta eragilerekin kezkak eta ametsak partekatuz hasi genuen lana duela lau urte».
Bilerak
Horri Administrazioren aldetik eskatzen zaien etengabeko betekizunak gehitzen zaizkio Lanartearen esanetan. Alor honetan kulturgintzako hainbat erakunderekin elkarlanean ari da Lanartea, idazleen eta itzultzaileen elkarteekin, besteak beste. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ogasun sailekin harremanetan jarri dira. «Artistek arazo handia daukate fakturatzeko orduan. Asko ez dira autonomo, beste lan batzuetan aritzen dira, eta indarrean dauden tarifekin ez die konpentsatzen, dirua galtzen ateratzen dira», esan du. Batzuek uko egina zioten. «Euren kultur kapitala galtzen ari ginen herritarrok kultur sisteman», salatu du.
Hiru Diputazioetako arduradunek onartu diote Lanarteari sektorearen ezagutza gabezia handia. Bertsolarien kasua berezia da. Ez dute epigrafe propiorik. Espainiar Estatuko kultur sisteman ez dira existitzen. «Euskal Herriko Bertsolari Elkartearekin adostuta eskatu dugu bertsolariak idazleen epigrafean azpi-oharra sortzea ahozko literaturaren egile bezala. Hiru aldundiek onartu dute».
«Estatuak aldatuko du estatuko kultur sistemaren arabera. Bertsolaritza ez da existitzen. Inor ez da gogoratu esateaz estatuari bertsolariak badirela gurean; hau ere aluzinantea da», egin du gogoeta.
Horrez gain, gutxieneko langa gainditzen ez dutenei, eskatu dute ez aplikatzea autonomoen legea. «Gipuzkoan onartu dute neurri batean, eta lagunduko diete artistei ordain-agirien bitartez faktura beharrik gabe beraien lanaren ordaina jasotzen», zehaztu du Gurrutxagak.
Zer gertatzen da autonomoekin? «Multzo inportantea da. Ezaugarri bereziak dituzten beste sektore batzurekin egiten den bezala, adibidez arrantzaleak edo nekazariak, ezaugarri propioak dituen trataera ematea eskatu dugu. Oraindik ez da onartu, orain datoz erreformak hiru herrialdeetan. Ikusteke dago zer gertatuko den».
Bidea arnas luzekoa da. «Oso motel joaten da sistema eta bidean bada erre egiten denik, baina hau da egoera», adierazi du. «Guk ez dauzkagu milioika hartzaile potentzial, garena gara. Ederra da, baina elikatu egin behar da», esanez amaitu du Gurrutxagak.