Astelehenean Donostian jardunaldi berezia antolatu zuen TM eLABek, etxebizitza larrialdiari buruzko hausnarketa egiteko, konponbideak lehenetsiz. Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinetan garatzen diren politikak aztertu zituzten, gizarte eragileek parte hartu zuten beste solasaldi batean eta zenbait adituren ekarpenak ere entzun ziren, Alejandro Inurrietarena bereziki interesgarria. Horrekin guztiarekin dekalogoa osatu du TM eLABek, arazo konplexu honen irtenbidea nola lor liteke marraztuz.
Azkeneko bi ondorioak nabarmendu daitezke. Batetik, «beharrezkoa da balioen aldaketa gauzatzea: dogma neoliberalak baztertu eta merkatuen esku hartzea ahalbidetzen duten politikak badira horretarako tresna. Baita etxeen jabetzaz dugun ikuspegia aldatu eta alokairuaren kultura sustatzea ere, Europa iparraldeko zenbait Estatutan bezala». Eta bestetik, «burujabetza behar dugu. Inbertsio funtsekiko menpekotasunarekin amaitu behar da. Eta eskumen ahalik eta gehien behar ditugu, behar bezalako etxebizitza politika publikoa garatzeko. Baditugu etxebizitza politikei buruzko zenbait eskumen».
Dekalogo honen lehen puntutik hasita, «etxebizitza larrialdia politika neoliberalen ondorio da –laburbiltzen du TM eLABek–. Espainiar eta frantziar Estatuetan etxebizitza inbertsiorako baliabide gisa ezaugarritu da azken hamarkadetan. Horrek espekulaziorako eta negoziorako tresna bilakatu du. Ez da egon etxebizitza politikarik, higiezinen politika baizik. Gaur egun, atzerriko inbertsio funtsen eta kapitalen kolonizazioa gertatzen ari da, prezioen gorakada zorabiagarriak eraginez».
Horren aurrean, «herri gisako diagnostikoa eta estrategiak exigitzen ditu egoerak. Epe motzean, politika neoliberalak alboratu eta etxebizitza merkatuan esku hartu behar da. Prezioak mugatu behar dira erakunde publikoen esku hartze zuzenaren bidez. Horretarako Legeak eskaintzen dituen baliabide guztiak erabili behar dira: tentsio eremuen izendapena eta alokairuen topeak ezartzea besteak beste. Lurraren gaineko espekulazioa ekiditeko neurriak hartu behar dira. Etxegabetzeak gelditzeko mekanismoak behar dira».
«Hamarkadetako prozesua izango da behar bezalako parke publikoa osatzea eta, aldiz, urjentziazko neurriak behar dira. Ezin da itxoin»
Ildo honetan sakonduz, ohartarazpen bat: «Ameskeria da pentsatzea etxebizitza berriak eraikitzearekin soilik konponduko denik larrialdi egoera hau. Hamarkadetako prozesua izango da behar bezalako parke publikoa osatzea eta, aldiz, urjentziazko neurriak behar dira. Ezin da itxoin».
Epe ertain luzera begira, «etxebizitza parke publikoa biderkatu egin behar da, merkatuaren prezioak baldintzatzeko gai izan arte, Europa iparraldeko zenbait Estatutan gertatzen den bezala. Parke publiko hori osatzeko estrategia ezberdinak erabili beharko dira: etxebizitza zaharren birgaitzeak, hutsik geratzen diren etxeen erosketak, desjabetzeak zein alokairurako etxebizitza publiko berrien eraikuntza. Egun ditugun legeek hau dena egitea ahalbidetzen dute. Era berean, eraikuntzari dagokionez, prozesuak azkartu eta merketuko dituzten material eta eredu berriak aplikatu behar dira, kalitatea hobetuz, eta hurrengo hamarkadetan izango ditugun erronka ekologiko zein sozialetara egokituz. Lurzoru publikoa alokairurako etxebizitza publikoak eraikitzeko erabili behar da».
Fiskalitatetik eragin
Laugarren ondorioa hauxe da: «Etxebizitza justizia sozialerako oinarrizko eskubidea da. Fiskalitate justua ezinbestekoa da larrialdiari erantzun ahal izateko. Parke publikoaren osaketa ahalbidetuko duen diru bilketa egin behar da, jabe handiak (bost etxebizitzatik gora) gehiago zergapetuz, lurzoruaren gaineko espekulazioa baztertuz eta alokairua bultzatzen duten hobariak aplikatuz. Zentzu horretan, erabat zentzugabea da eta akatsa da EAEn etxebizitza erosteagatik dagoen hobaria mantentzea, epe luzera merkatua berotzeko efektua eragiten duelako eta behar denaren kontrako pedagogia egiten duelako».
Udalgintza ezinbesteko tresna gisa hartzea da TM eLABen beste ondorietako bat: «Udalak posibilistak izan behar dira etxebizitza beharrei aurre egiteko orduan. Eskura dituzten tresna guztiak baliatu behar dituzte espekulazioaren aurka eta eskubidea bermatzearen alde: lurra antolatzen duten araudiak edo hirigintza planak, lurzoru publikoaren erosketak eta erabilera egokia, epe motzeko alokairuak mugatzeko tresnak, etxe hutsen gaineko zergak zein kanonak eta muturreko kasuetan, desjabetzeak».
«Etxe hutsak mobilizatzea izan behar da beste helburua. Ipar Euskal Herrian esaten dute, norbaitek bi etxe izateko eskubidearen gainetik, denok etxe bat izateko eskubidea dagoela»
Jardunaldi hauetan nabarmendutako beste irakaspen bat: «Iruzurrak baztertzeko eta etxebizitza parke publikoaren kudeaketarako egitura publiko berriak behar dira; etxebizitza parkearen ikuskaritza eta higiezinen enpresa publikoa. Horien funtzioa izango da alokairuko kontratuak behar bezala egiten direla bermatzea, maizterren eskubideak bermatzea, kontratuen amaieran irregulartasunak alboratzea, prestazioagatik alokairu prezioaren igoera saihestea, parke publikoaren kudeaketa eta abar. Prestazio sozialak, epe motzeko soluzioa izan daitezke, baina merkatuko prezioetan esku hartzearekin batera joan behar dira, bestela merkatua berotzeko efektua eragiten dutelako».
Etxebizitza turistikoak eta aldi baterako alokairuak
«Bestetik, etxebizitza turistikoen eta aldi baterako alokairuen auziari heldu behar zaio –dio TM eLABek–. Helburua, epe motzeko alokairuak oztopatu eta etxebizitzak epe luzeko alokairuaren merkatura bideratzea izan behar da. Jabeentzat ihesbideak ekidin behar dira, etxebizitza turistikoei buruzko araudiak egokituz. Etxe hutsak mobilizatzea izan behar da beste helburua. Ipar Euskal Herrian esaten dute, norbaitek bi etxe izateko eskubidearen gainetik, denok etxe bat izateko eskubidea dago. Higiezinen gaineko zerga jada aplikatzen den tresna da. Etxe hutsen gaineko kanona da legeak ahalbidetzen duen beste tresna».
Honekin lotzen da gizarte zibilaren papera. Jardunaldien antolatzaileen aburuz, «etxebizitza larrialdiak agerian utzi du gizarte zibilaren bultzada ezinbestekoa dela gobernuak bestelako politikak egitera behartzeko. Hau ez da eragile bakarrak erantzun diezaioken arazoa. Herri erronka da eta ezinbestekoa izango da eragile ezberdinen artikulazioa».