Joan zen igandean, Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan ezker eskuko hatz nagian pitzadura jasan zuen aitor Aranguren Aginako atzelariak, Jokin Altunaren bizkartzain Ezkurdia eta Rezustaren aurka jokatzen ari zela. Bergarako atzelariaren ezkerkada bat errebotetik eramaten saiatu zen Aranguren eta kolpe txarra jaso ostean, neurketa 11-22 galtzeaz gain asteburu honetara begira zalantzan jarri zen igandean Arrasateko Uarkape frontoian Artola eta Mariezkurrenaren aurka parte hartzerik izango ote zuen ala ez.
Astean zehar, nolanahi, baikor mintzatu da atzelari gipuzkoarra eta ostiral honetan egin duen probarekin gustura geratu delarik, berak jarraituko du Jokin Altunaren bizkartzain lanetan berriz ere. Bartzelonan maila txukuna ematen ari zen zorigaiztoko jokaldi hark erasanda utzi zuen arte eta astean zehar bere egoerak eta sasoiak ere gorantz egin du nonbait, ostiral honetako proba gainditzea erdietsi arte.
Iganderako prest dagoen ala ez arabaki ahal izateko, hatz punta babestu dion ferula bat erabili du Arangurenek eta proba amaitu ostean jokatzeko dagoela aditzera eman die Aspe enpresako arduradunei. Gogoan izan behar da Baiko enpresak «utzita» diharduela Binakako Txapelketa Nagusian eta Eibarko enpresak ordezkoren bat bilatu beharko zukeela plantillako atzelarien artean Jokin Altunaren atzelari lanetan kantxaratzeko.
Hiru jardunaldiren ostean Altuna eta Aranguren sailkapen nagusiko seigarren postuan dira, garaipen bakarra lortuta. Artolak eta Mariezkurrena II.ak, berriz, bi garaipen eta porrot bat pilatu dute eta laugarren postuan daude, nahiz eta ez den ahaztu behar txapelketako aurreneko bi partidetan Iker Larrazabalek bete zuela Iñaki Artolaren lekua.