NAIZ

Autobus eta maiztasun gehiago lortuta, bertan behera Ekialdebusen greba, ez ordea Avanzakoa

LABek jakinarazi duenez, larunbat honetatik aurrera Ekialdebusen zerbitzuan deitua zegoen greba bertan behera utzia izan da. Hobekuntza batzuk lortu izanaren ondorioa da erabakia. Avanzako (Pesa) langileek, aldiz, lanuzteekin jarraituko dute.

Oarsoaldea eta Bidasoaldea Donostiarekin lotzen du Ekialdebusek.
Oarsoaldea eta Bidasoaldea Donostiarekin lotzen du Ekialdebusek. (Gorka Rubio | Foku)

Azken egunotan Ekialdebus enpresarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin izandako bileren ostean, langileen ordezkariek luzatutako zenbait eskaera onartu dira eta ondorioz larunbat honetatik aurrera Gabon garaian deitutako greba bertan behera utzia izan da. Honela jakinarazi du LAB sindikatuak.

«Besteak beste, ibilbideetarako denbora luzatzea lortu dugu; autobus gehiago eta maiztasun gehiago lortu dugu; errefortzuak lortu ditugu eta horrek lan karga arinduko duela uste dugu», zerrendatu dute.

Horregatik, abenduaren 21ean, 22an, 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1erako deituta ziren greba egunak «bertan behera uztea erabaki dugu».

«Lortutakoarekin pozik gaude baina, oraindik asko dugu hobetzeko eta horretan jarraitzeko prestutasun osoa dugu, gure osasunean eraginik izan ez dezaten baldintza guztiak bermatzen direla ziurtatuz eta erabiltzaileek kalitatezko zerbitzu bat izan dezaten», erantsi du LABek.

Erabiltzaileen kopurua %50 igo da

Donostia Oarsoaldearekin zein Bidasoaldearekin lotzen duen konpainia da Ekialdebus. Greba deialdia egiterakoan langileek nabarmendu zutenez, «ez da zerbitzu ona ematen ari», izan ere, «nahiz eta autobus erabiltzaileen kopurua %50 handitu den, 2011ko urteko 4 milioitik 2024ko 10 milioira (zifra errekorra) ez da autobusen kopurua handitu eskaera altu horri aurre egiteko, are okerrago, murriztu egin dira».

Diotenez, «lan karga handia dugu ezarritako ordutegiak ezin ditugulako bete eta atzerapenekin lan egiteak estres handia» sortzen die. Hala, egoera hori langileei «osasunean arazoak» sortzen hasi zaie.

«Hamar urte daramatzagu autobus kopuru eta ordutegi bera izaten ibilbideetan, nahiz eta abiadura muga murriztu egin den ibilbidearen zati handi batean; hori gutxi ez eta zifra errekorretan gaude bidaiarietan. Duela hilabete batzuetatik hona, askotan utzi behar izan ditugu bidaiariak geltokietan, edukiera osoa beteta dagoelako eta linea gehienek 10 eta 15 minutu arteko atzerapenekin egiten dituztelako irteerak, eta hori ohikoa izaten hasi da, merezi ez ditugun liskarretara eramanez erabiltzaileekin. Horrek ere atsedena ez egitera garamatza», salatu zuten. Lortutako hobekuntzen bidez arazoak arindu daitezkeela dirudi.

Avanza, greban

Beste autobus konpainia bateko langileek, ordea, lanuzteekin jarraituko dute. ELAk jakinarazi duenez, Avanzako (Pesa) beharginek erabaki dute enpresaren azken proposamena baztertzea. Gauzak horrela, mobilizazioekin eta grebekin jarraituko dute.

Bost egun daramatzate greban, eta ostiral honetarako, larunbaterako eta hilaren 22rako deitutako lanuzteekin guztira, 8 greba egun izango dira lan baldintzen hobetzea aldarrikatzeko.

ELAren arabera, «akordiotik urrun», plantillaren %64k ez zuen enpresaren azken proposamena babestu, eta, ondorioz, urtarriletik aurrera mobilizazioak indartuko direla iragarri du.

Avanzako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko autobus geltokian eta bihar auto karabana egingo dute Donostian eguerdiko 12.00etan. Abenduaren 25ean, manifestazio batek Arrasateko kaleak zeharkatuko ditu, Peredatik (kotxerak) erdiguneraino.