Bederatzi sindikatu batera atera dira kalera ostiral honetan, Sareren eskutik ere bai, urtarrilaren 11n Bilbon deitutako mobilizazio handiari hauspoa emanez. Izan ere, «korapilo handiak askatzeko» daude oraindik gatazkaren ondorioei dagokionez, eta horiei aurre egiteko eskatu dute Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon.
Gehiengo sindikala ordezkatzen dute bildutakoek: ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde batu dira aldarrikapen hauen inguruan.
«Gure herriak urtetan bizi izan duen gatazkaren ondorioen konponbideak duen garrantzia mahai gainean jartzeko bildu gara –azaldu dute–. Euskal presoen etxeratze prozesuan urrats garrantzitsuak eman badira ere, korapilo handiak falta dira askatzeko oraindik, salbuespenak indarrean jarraitzen du oraindik».
Aurten urratutako «Europar Batasuneko zigorren batuketaren lege erreforma albiste pozgarria bada ere, bide luzea falta da oraindik egiteko», aipatu dute batetik. «Biolentzia ezberdinen biktimek egia jakitea eta aitortza behar dute», erantsi dute. Hauekin batera, «espetxean dauden eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea beharrezkoa da iraganera iltzatzen gaituzten korronteei amaiera eman
eta behin betiko elkarbizitzari begira jartzeko».
Horregatik, «langileok ere Sareren jardunarekin bat egiten dugu beste behin, langileok ere gure ekarpena egingo diogu konponbide prozesuari, gure alea jartzeko prest gaude etxera bidean», adierazi dute sindikatuok. Eta hemen gonbita berezia luzatu diete langileei, urtarrilaren 11n Bilbon, La Casillatik 17.00etan abiatuta, manifestazioan parte har dezaten. «Behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren garaia dela aldarrikatuko dugu», aurreratu dute.
Gabonetako mobilizazioak
Bestalde, urteroko mobilizazio erraldoi hori gertu dela, Sareren Gabonetako ekimenak hurrengo orduotan abiatuko dira.
Larunbat honetan Bilbon dute hitzordua, Santo Tomas ospakizunarekin batera, 12.00etan Plaza Eliptikotik irtengo den manifestazio baten bitartez.
Nafarroan egitarau oso bat prestatu dute, jada abiatua eta hilaren 31ra arte luzatuko dena, hitzordu nagusietakoa abenduaren 27an (ostiralarekin) 20.00etan Iruñean delarik. Egun bat geroago Hatortxu Rock ospatuko da Atarrabian.
Aurretik, azken urteko ohiturari jarraiki, hilaren 24ko arratsaldean manifestazioa antolatu dute Gasteizen. Ahateen Iturritik abiatuko da, 19.00etan.
Donostiari dagokionez, hurrengo larunbatean (28an) aurreikusten da mobilizazio jendetsuena: Bulebarretik 12.00etan aterako da.