NAIZ

Donostiako San Silvestreko 5.000 parte-hartzaileek NAIZen 3 hilabeteko harpidetza jasoko dute

Donostiako San Silvestrek eta GARA egunkariak, beste urte batez, elkarlanerako hitzarmena berretsi dute. Izena ematen duten guztiei NAIZen hiru hilabeteko harpidetza oparituko zaie. Inoizko izen emate kopuru altuena espero da aurtengo San Silvestrean, 5.000 parte-hartzaileen langa gainditu ostean.

Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria eta Asier Iñigo marketing arduraduna, San Silvestre lasterketako antolatzaileekin.
Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria eta Asier Iñigo marketing arduraduna, San Silvestre lasterketako antolatzaileekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

GARAk eta Donostiako San Silvestrek bien arteko hitzarmena sinatu dute aurten ere. Betiko moduan, lasterketa herrikoia hilaren 31n egingo da Gipuzkoako hiriburuan, 14.00etan hasita. Aurten 5.000 korrikalariren langa gainditu duen arren probak eta inoizko partaidetza handiena izango delarik, beste 500 dortsal banatzea erabaki du antolakuntzak, ostiral hau hilaren 20tik aurrera, Donostiako Udaleko Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak aditzera eman duenez. Izena eman nahi dutenek lasterketaren webgunean egin beharko dute.

Bestalde, GARAk NAIZen hiru hilabeterako harpidetza oparituko die izena eman duten horiei. Lasterketa amaitzen duten horiei email bana pasako zaie harpidetza burutu dezaten.

Lasterketari dagokionez, 15 urtetik beherako gaztetxoak izango dira lehendabizi korrika egingo dutenak: hilaren 28an, larunbatez, 16.00etatik aurrera, hainbat kategoriatan banatuta. Hiru euro kostako da gaztetxoen lasterketetan izena ematea eta pilatzen den diru hori Algaraklown irabazi asmorik gabeko elkarteari bideratuko zaio. Dortsalak 14.30etik aurrera jaso ahalko dira, Arroka plazan.

Tradizioari eutsiz, helduenek urteko azken egunean egingo dute lasterketa, abenduaren 31n, 14.00etatik aurrera. Ohiko San Martin kaleko ibilbidearekin alderatuta aldaketatxo bat izango du hasiera partean, metroa eraikitzeko lanek eraginda. Easo Plazatik Larramendi eta Urbieta kaleetara bideratuko da proba, handik Askatasunaren Hiribidera eta Zubieta kalera Antiguo auzora joateko, handik aurrera ohiko ibilbidea mantenduz.

Iazko eredua jarraituz, elastikoa eta dortsala lasterketa bezperan hartu ahalko dute lasterketako parte-hartzaileek Amarako frontoian, goizeko 10.00etatik gaueko 20.00ak bitartean. Lasterketarako arropak, berriz, 12.00etan jaso ahal izango dute, Amarako frontoian ezarritako kontsignan, lasterketa egunean bertan.