Xipri Arbelbide, Pauline Guelle eta Lucia Barahonarentzat Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria sariak

Xipri Arbelbidek, Pauline Guellek eta Lucia Barahonak jaso dituzte ostiral honetan Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria sariak. Euskal kulturaren balioa azpimarratzen duten eragileen lanak saritzen dira.

Jean-Mixel Larrasquet ohorezko kultur saria Xipri Arbelbideri emana izan da.
Jean-Mixel Larrasquet ohorezko kultur saria Xipri Arbelbideri emana izan da. (Eusko Ikaskuntza)

Eusko Ikaskuntza elkarteak eta Baionako Herriko Etxeak banatu dituzte urteroko sariak. Aurten, Xipri Arbelbidek jaso du Jean-Michel Larrasquet Ohorezko saria. Euskara edota euskal kulturaren sustapenean eta honen ezagutzaren zabalpenean parte hartu duen ereduzko ibilbideari ematen zaio. 2018tik hona sari honek Jean Mixel Larrasket lehendakari ohiaren izena du eta Kepa Akixo ‘Zigor’ artistak egindako ‘Jakintzaren Arbola’-k irudikatzen du.

Euskal idazle, kazetari eta apaizak 1981ean Gure Irratiaren sorreran parte hartu zuen eta haren garapenean gero hainbat urtez. Ipar Euskal Herriko euskara hutsezko lehen irratia izan zen. Eliza, euskara eta euskalduntasuna izan ditu Arbelbidek bere bizitzako ardatz nagusi.

Ikasketak misionistekin egin zituen gero. Hamar urterekin Heleta utzi eta Tarnosera joan zen ikastera, artean gerra garaia zela. 1957-1958an hamalau hilabete eman zituen Aljerian eta bertan ikusitakoa Gerlako tresna bizidunak lanean jaso zuen. 1987tik Euskaltzain Urgazlea da eta Ohorezkoa aldiz, 2014tik.
 
Euskal Kultura Tesi saria

Bestetik, Pauline Guellerentzat izan da Euskal Kultura Tesi saria. ‘Torturaren inpunitatea Espainiako kontsolidazio demokratikoan. Euskal Herriko kasua’ izenburupean ondutako lanari esker. Baionako Hiriari edo Ipar Euskal Herriari lotutako doktoretza tesia edota argitaratu gabeko ikerketa lan bati ematen zaio. Doktore tesi baten egilea babestea du helburu.

Pauen sortu eta Hazparnen bizi izan da Guelle. Politologoa eta Zuzenbide Publikoko doktorea da. 2017ko irailetik 2019ko ekainera, Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle izan da Jean-Pierre Massias irakaslearen ardurapean. Eta 2019ko irailetik 2021eko abuztura Ikerketarako eta Irakaskuntzarako aldi bateko arduraduna izan da Science Po Bordeaux erakundean.

Unibertsitateaz gain, Pauline historiako irakaslea izan da. Gaur egun Euskal Elkargoko langilea da.

Bideo-dokumental Sorkuntza saria

Bideo-dokumental alorreko Sorkuntza saria, bere aldetik, Lucia Barahonak eskuratu du ‘Bizi naizeno, je danserai la vie’ dokumentalarekin. Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz duen ikus-entzunezkoa saritzen da.

Lucia Barahona Phillipe Oyhambururen biloba da. Denera lau dokumental egin ditu: ‘Amir Naderi et Madjid Niroumand’ (2018), ‘Amir Naderi’ (2018), ‘Don Cruz et les enfants oiseaux’ (2007) eta ‘Bizi naizeno, je danserai la vie’ 2023an estrenatu duena.

Eusko Ikaskuntza eta Baionako Udalaren arteko hitzarmenaren bidez, 2000. urtetik aurrera banatzen dira Eusko Ikaskuntza - Baiona Hiria Sariak. Euskal kultura balioan jartzen dituzten eragileen lanak saritzen dira.