Erakustaldi aparta emanez sailkatu dira finalera Ezkurra II.a eta Azpiroz

Urriza eta Larrañaga bi jokotan menderatu dituzte (10-15 eta 10-15) eta Segurola-Barrenetxearen aurka jokatuko dute erremonteko Binakako Txapelketaren final handia abenduaren 28an Galarretan.

Josetxo Ezkurra eta Xabi Azpiroz, garaipena ospatzen.
Josetxo Ezkurra eta Xabi Azpiroz, garaipena ospatzen. (Maialen ANDRES | ORIAMENDI)

Ezkurra II.a eta Azpiroz izango dira Segurola eta Barrenetxearen aurkariak abenduaren 28an Galarretan jokatuko den erremonteko Binakako Txapelketaren final handian. Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek sekulako erakustaldia eman dute finalerdietako azken dema erabakigarrian, Urriza eta Larrañaga bi jokotan menderatuz: 10-15 eta 10-15.

Azken emaitza argi samarra izan den arren, partida borrokatua eta ikusgarria izan da. Lau pilotariak jokoan sartuta aritu dira hasieratik eta tanto ederrak ikusi dituzte Galarretara hurbildu diren zaleek. Eta laukotean, batez ere Josetxo Ezkurra izan da distira gehien egin duena.

Doneztebeko aurrelariak, Koteto osaba harmailetan begira zuela, ikaragarri asmatu du errematean. Guztira 17 tanto izan ditu eginak, erdiak gutxi gora-behera horma-biko ikusgarriekin lortuak. Azpiroz ere oso sendo aritu da atzean, sakearekin asmatuz eta batez ere piloteoan Urrizari pilota kenduz.

Hala ere, aipatzekoa da gorriak, Urriza eta Larrañaga, 5-2 aurreratu direla lehen jokoan, hasiera on bat sinatuz. Baina urdinek sei tantoko partzial batekin erantzun dute, 5-8 emaitza irauliz. Hortxe hasi da Josetxoren erakustaldia, tanto bikainak kateatuz bata bestearen atzetik. Azken 10-15ekoa ere Doneztebekoak egina izan da horma-bikoarekin.

Bigarren jokoan bidea desberdina izan da. Kasu honetan, urdinak 1-6 aurreratu dira, lehen jokotik zekarten dinamikari jarraipena emanez. Baina, gorriek tarteak murriztea lortu dute apurka-apurka. Urrizaren unerik onenak izan dira, lan asko eginda tantoak bere aldera ekarriz, baina hurbilpena 10-12an gelditu da.

Bere egunik onena izan ez duen Larrañagaren huts batek moztu du erreakzioa, eta urdinek beste 10-15eko batekin ospatu dute finalerako txartela.

«Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta gaur dena atera zait. Aspaldian ez nuen horrelako egun bat izan Binakako Txapelketan, eta asko gozatu dut. Ea finalean maila hau mantentzen dugun», adierazi du Josetxo Ezkurrak 54 minutuko partidaren amaieran.

«Denok dugu harreman oso ona, baina egia da Josetxo eta biok oso lagunak garela. Biok batera ibili ginen beste enpresan ere, eta orain hemen gaude. Ilusio handia egiten dit berekin finala jokatzeak», gehitu du Xabi Azpirozek, iaz Urrizarekin txapela jantzi zuen atzelariak.