Artolak eta Mariezkurrenak sinesteko ere zaila den puntua eskuratu dute Arrasateko Uarkape pilotalekuan Altuna III.a eta Arangurenen aurka. Baikoko bikotea 17-4 galtzen joan da, baina bigarren zati gogoangarri bati esker partida irauli eta 19-22 irabazi dute. Zaila da hitzez gertatu dena azaltzea, baina hurrengo lerroetan horretan saiatuko gara.
Batere ohikoa izaten ez den arren, apustuak Altunaren aurka irten dira gaur. Arangurenek aurreko asteburuan Bartzelonan izandako lesioak zalantza asko sortzen zituen eta Artola-Mariezkurrena bikotea zen katedrarentzat faborito, Arangurenen hatz mindua proban jar zezakeen jotzaile parea. Baina aurreneko zalantza, Aginako atzelariaren eskuak ongi erantzungo ote zuen, aurreneko tantoan argitu da: 95 pilotakadako tanto gogor, piloteatu eta luzea izan da, eta Aranguren ezkerrez sotamanoak joz ikusi dugu. Gainera, tantoa gorrientzat izan da, Mariezkurrenaren lehen hutsa baliatuz.
Hortik aurrera etorri dena ez zuen inork espero. Gorrien pilota motelagoarekin urdinak ez dira gai izan ez Arangureni min egiteko ezta Altunari pilota kentzeko ere, eta hortxe hasi da Jokinen erakustaldia. Mota guztietako erremateekin, Amezketako aurrelaria markagailuan aldeak handitzen joan da: 6-2koarekin eskatu dute lehen atsedena urdinek; 12-3koa zen emaitza telebistak behartutako lehen atsedenean; eta alderik handiena 17-4koan iritsi da.
Ordurako Jokin Altunak 10 tanto zituen jokoan eginak, ia denak ikusgarriak baina suertez egindako bat ere bai; Arangurenek pilota bakarra zuen galdua eta bikain ari zen defentsan; Artola ia desagertuta zegoen Altunaren erakustaldiaren aurrean zer egin ez zekiela; eta Mariezkurrenak, nahiko ahul, bost pilota galduak zituen.
Erabateko aldaketa
Gorrien bolada ona Altunari txapa behera joan zaion gantxo batekin amaitu da, eta sinetsi ezazue, aurrekoarekin batere antzik izan ez duen beste partida erabat desberdina hasi da.
Urdinek beren pilota atera dute, eta Iñaki Artola sake-rematean tantoak egiten hasi da, bata bestearen atzetik. 17-6tik 17-13rako tarte horretan, zortzi tantotik bost modu horretan lortu ditu aurrelari alegiarrak. Noski, lur jota zirudien bikotearen animoak gora egin du eta jokoan ere nabaritu da hori.
Eta markagailuan hurbildu eta bikotea berpizteko gakoa Artolaren lana izan bada, neurketaren azken herenean garaipena ziurtatzearen meritua Jon Mariezkurrenarena izan dela esan daiteke. Atzelari nafarrak bi pilota sartu ditu errebotean, horren harrigarria ez dena, baina batez ere hiru horma-biko ikusgarri sinatu ditu, norgehiagoka bero-bero zegoenean eta tentsio ikaragarria frontoian: 19-17koa, 19-20koa eta 19-21ekoa.
Gorriek bi aukera izan dituzte aurkarien erauntsia mozten saiatzeko, Altunak suertez 18-16koa egin duenean lehenik eta Artolak 19-16koan dejada txapa behera bota duenean, baina ez dute odol-jarioa eteterik izan eta Jon Mariezkurrenak bere erakustaldia, eta neurketa ero hau, txokoan egindako ñakuarekin itxi du 19-22.
«Bi partida egon dira»
«Nork espero zuen?», galdetzen zuen Jon Mariezkurrenak berak partida amaieran gertatutakoaz. «Bi partida egon dira. Hasieran beraiek jokatu dute eta gero guk», laburbildu du atzelari nafarrak. «Hasieran beraiek bi pelota oso motel atera dituzte, hasi berritan ere jada frontisetik ez ziren ateratzen. Eta gu ere irten egin gara partidatik. Baina sakea berreskuratu dugunean Iñaki luze sakatzen hasi da, tanto asko egin ditu segidan, eta hamargarrena egin dugunean gehiago sinesten hasi gara», azaldu du.
Azken heren horretan egin dituen tantoez, aipatu du etxetik pentsatuta ekarri duela. «Hemen entrenatzen izan ginenean ikusi nuen horma-bikoak asko irtetzen zirela frontoi honetan, baina gero partidan hori egiteko unea aurkitu behar duzu. Nik uste Jokinek ez zuela horrelakorik espero eta horrek ere lagundu dit», gaineratu du Mariezkurrenak.
Iñaki Artolak, bere aldetik, unerik zailenean amore eman ez izana nabarmendu du. «Lehen zatian ikusten nuen ustez ongi restatu eta hala ere ez niola Jokini pilota kentzen. Eta bigarrenean nire alde gertatu da hori. Partidan sartzea lortu dugu eta Jonek ere sekulako maila eman du bigarren erdi horretan. Partida osoak agian izango ditu hobeak, baina bigarren erdi hori hartuta sekulakoa izan da egin duen lana», eskertu du alegiarrak.
Lau jardunaldi jokatuta, Artola eta Mariezkurrena hiru garaipenekin kokatu dira sailkapenaren goikaldean; Altuna eta Aranguren behekaldetik gertuago daude puntu bakarra eskuratuta.
FITXA
Pilotakadak: 646. Partidaren iraupena: 73 minutu eta 36 segundo. Markagailua: 3-0, 3-2, 9-2, 9-3, 12-3, 12-4, 17-4, 17-16, 19-16 eta 19-22. Jokoan eginak: 11 Altuna III.ak, 1 Arangurenek, 12 Artolak eta 7 Mariezkurrena II.ak. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak, 2 Arangurenek, 2 Artolak eta 5 Mariezkurrena II.ak. Gertaerak: Arrasateko Uarkape pilotalekua ia beteta Santamasak ospatzeko. Lehen sakea, gorri.