«Onartezina da herriaren ordezkari moduan lan egin beharko zenuten politikari profesionalok, beste behin, enpresen interesak lehenetsi izana energia bezalako arlo garrantzitsu batean». Honela baloratu du Euskal Herria Bizirik plataformak Lakuako Gobernuak ostiralean onartu zuen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, urte luzez bueltaka ibili ondoren.
Edukina aztertu ondoren goitik beherako kritika egin diote elkarte hauek Imanol Pradales buru duen gobernuaren planari. Izan ere, «bertako herritarron arteko adostasunean oinarrituriko lurralde plangintza bat egin beharrean Europatik etorritako aginduei men egin baitiezue. Astakeria hau aurrera eramateko egun bizi dugun hondamendi klimatikoa hartu duzue aitzakia moduan, baina argi izan behar dugu plangintza hau egun dugun larrialdi ekologikoari bere osotasunean aurre egiteko denbora eta baliabide xahuketa izugarria dela».
Lurralde Plan Sektorial honek, «enpresek makroproiektuak ezartzeko erraztasun gehiago izatearekin batera, lurraldearen suntsiketa eta herritarron bizi kalitatearen galera dakartza. Ondorio larri hauen aurrean, onartezina deritzogu dimentsio honetako lurraldea antolatzeko plan bat aurkakotasun garbiko giro sozial honetan onartu izana. Horren adierazle da duela bi hilabete Gasteizen burutu zen makroproiektuen aurkako manifestazio jendetsua».
Nafarroaren aurrekaria
Ideia hauetan sakonduz, «haau ez da ‘berriztagarrien’ zabalpena xede duen lehen ekimena gurean, azken urteotan Nafarroan gertatutakoa adibide garbia bezain kezkagarria dugulako». Herrialde honetan «ez dira egindako promesak bete: gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak, Nafarroako hidrokarburoen kontsumoak gora egin du eta honekin batera CO2 isuriak, honi zaharkituak gelditzear dauden zenbait zentral eolikoren arazoa gehitu behar diogu, ez baitago argi zein izango den emango zaien aterabidea. Beraz argi dago aldaketa klimatikoari konponbide bat ematetik eta ongi izate sozialerako aurrera pausu izatetik oso urrun gelditu dela Nafarroako lurralde plangintza».
«Honetaz guztiaz jakitun onartu da egungo Lurralde Plan Sektoriala», salatu du EH Bizirik-ek Gasteizen eginiko agerraldi honetan. Bere ustez, «makro mailako ‘berriztagarrien’ zabalpen bizkor eta masiboa emateko baldintzak ezartzea» du helburu bakarra.
«Plan hau egun bizi dugun krisi ekonomikoarekin zuzenki loturik dago, eta zailtasun ekonomiko hauei aterabidea emateko saiakera moduan ulertu behar dugu makroproiektuen inposaketa hau. Egungo eredu ekonomiko kapitalistaren gaindipena ezinbestekoa dela deritzogu, modu honetan soilik lortuko baitugu egungo larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzea», ziurtatu dute plataforma osatzen duten taldeek.
Honela gauzak, datorren urteko martxoaren 22an Gasteizen egingo duten manifestaldira joateko gonbita berretsi du EH Bizirik-ek. «Lurralde Plan Sektoriala bertan behera uztea exijitu eta egungo eredu ekonomikoaren gaindipenaren beharra aldarrikatuko dugu», aurreratu dute.