Gasteizko Ahateen Iturritik espetxeetara heltzeko moduko aldarri ozena egin dute astearte honetan, Sarek deitutako mobilizazioan. Eguberriko afariaren aurrean, presoak ahalik eta azkarren etxera itzultzeko eskaria egin dute ekimen honen bitartez, oraindik indarrean diren salbuespen legedi eta praktikak alboratuz.
«Behin betiko» zioen pankartari eutsiz Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte manifestariek, Gabonetako ikur eta jantziak zeramatzatela, eta euripean.
ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urte pasata, oraindik ere 124 euskal preso daude espetxean, 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean, parte hartzaileek gogora ekarri dutenez. «13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena», erantsi dute. Gauzak honela, bakea, konponbidea eta elkarbizitza «behin betiko» lor daitezen ekarpena egin dute.
Urtarrilaren 11ean Bilbon deitu den manifestazio nazionalera dei egin dute mobilizazio honen bitartez. Gauza bera egin zuten Bizkaiko hiriburuan pasa den larunbatean, Santo Tomas egunaren testinguruan.
Nafarroan hurrengo asteburuan biltzen dira deialdi gehienak, Gabonetako kanpaina honen barruan. Jendetsuena Iruñekoa izango da seguruenik, hilak 27an, ostiralarekin, 20.00etan iragarria.
Egun berean zenbait deialdi dago Ipar Euskal Herrian, urtarrilaren 11koa ortzimugan dela; Baionan (18.30) eta Hendaian (19.00etan) esaterako.
Gipuzkoan hartuko diete naparrei eta lapurtarrei lekukoa. Larunbatean 12.00etan manifestazioa egingo dute, Bulebarretik abiatuta. Eskualde zein herri mailako deialdiak batu behar zaizkie hauei guztiei.