Gutxienez 22 pertsona hil eta 30 inguru zauritu dira asteazken gauean Israelek Gazako Zerrendako hainbat puntutan egindako bonbardaketetan, Palestinako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Hildakoen artean Hamasi lotutako Al Quds telebista kateko bost kazetari daude. Israelek Al-Awda ospitalearen aurrean (Nuseirat, Gazako erdialdea) haien transmisio ibilgailua bonbardatu du, komunikabide horrek berak jakitera eman duenez.
Hildakoak Faisal Abu al Qusman, Ayman al Jadi, Ibrahim al Sheij Ali, Muhammad al Ladah eta Fadi Hassouni dira.
Bost horiekin, 201 dira dagoeneko Israelek Gazan egin dituen erasoaldietan hil dituen informatzaileak, Zerrendako Gobernuaren Hedabideen Bulegoaren zenbaketaren arabera. Bulego horren zifren artean kazetarien heriotzak daude, baina baita influencer eta palestinar intelektualenak ere.
«Krimen sionista hau kazetarien aurkako okupazioaren krimenei eta gure herri palestinar borrokalariaren aurkako sarraski gerrari gehitzen zaie. Eta guk, Al Quds telebista katean, galera honengatik negar egiten dugun bitartean (...), gure erresistentzia mezu mediatikoarekin jarraituko dugula baieztatzen dugu», dio katearen ohar batek.
Israelgo Defentsa Indarrek (IDF), bestalde, adierazi dute erasoaren helburua Jihad Islamikoaren zelula bateko ibilgailu bat zela, Nuseirat eremuan, gauez, eta «eraso zehatza» egin dutela.
«Erasoaren aurretik, zibilak kaltetzeko arriskua arintzeko neurri ugari hartu ziren, munizio zehatzen erabilera, aireko zaintza eta intelijentzia bilketa gehigarria barne. IDFk Hamasen aurka jarraituko du Israelgo herritarren defentsan», zehaztu du ohar batean.
Beste hamazazpi hildako gutxienez
Bost kazetariez gain, Wafa albiste agentziaren arabera beste bost pertsona hil eta beste hogei zauritu dira Gazako Zeitun auzoko etxebizitza baten kontra airetik egindako eraso baten ondorioz.
Gainera, Gazako hiriburuko Sabra auzoan hamar pertsona hil dira Israelen erasoetan. Zortzi lagun hil dira Dahsan izeneko familia baten etxe baten aurka egindako aire erasoan. Orain arte, Defentsa Zibileko taldeek bost gorpu atera dituzte etxeko hondakinetatik.
Iparralderago, Jabalia herrian (Israelen setiopean urriaren 6tik), beste bi pertsona hil dituzte beste bonbardaketa batean.
Bestalde, Gazako agintariek salatu dutenez, Zerrendaren iparraldean dagoen Kamal Aduan ospitalaren aurrean robot bat eztandarazi du Israelgo Armadak eta bertako mediku bat larri zauritu du lanean ari zen bitartean.
45.300 hildako
Gainera, Israelek bezperan egindako bonbardaketek 23 palestinar hil zituzten. Beraz, 2023ko urriaren 7tik 45.361 pertsona hil dira, Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera.
Zerrendako egoera katastrofikoa da, eta milaka palestinarrek goseari aurre egin behar diote FEWS NET Ameriketako Estatu Batuetako elikadura krisia ikuskatzeko erakundearen txosten berri batek astelehenean jakitera eman zuenez.
Gero eta indar handiagoz, nazioarteko erakundeek eta talde humanitarioek genozidiotzat jotzen dute Israelen jarduna. Abenduaren 5ean, Amnesty Internationalek ondorioztatu zuen Israelek «genozidioa» egin duela eta egiten jarraitzen duela «okupatutako Gazako Zerrendan dauden palestinarren aurka».