BABESLEDUN EDUKIA

Hamaika ahalegin gazteen ekarpena balioetsi, babestu eta hauspotzeko

Gipuzkoa bidezkoago, sortzaileago, ikasiago eta iraunkorragoa erdiesteko bidean, ezinbestekoak dira gazteak. Horrexegatik, Kutxa Fundazioak lurraldeko talentu gazte eta konprometitua saritzen du, etorkizuneko belaunaldientzat erreferente bilaka daitezen.

Sorlekua programak kultura eta sormen eragileak indartzea du helburu.
Sorlekua programak kultura eta sormen eragileak indartzea du helburu. (NAIZ)

Gipuzkoako gazteria funtsezkoa da lurraldearen eraldaketa sozial eta kulturalerako. Hortaz jabetuta, Kutxa Fundazioak arteen, humanitateen, kulturaren eta ezagutzaren eraikuntzan dihardutenak babestu nahi ditu. «Aspaldi konturatu ginen Gipuzkoan alor desberdinetan talentu asko zegoela, baina batzuetan hori aurrera eramateko aukera gutxi ere», gogoratu du Kutxa Fundazioko Miren Karmele Gomezek.

Erronka garrantzitsuei erantzunez egiten duten ekarpena balioetsi eta sortzaileen lanari prestigioa emateaz gain, aurrera jarraitzeko dirua, lekua edota ezagutza ematen die. Diziplinaren arabera, eskarmentu zabaleko adituek osatutako epaimahai batek aukeratzen ditu, eta egiten dutenarekin batera, balioak ere kontuan hartzen dituzte, bereziki, hizkuntza –euskara lehenetsiz– eta parekidetasuna.

Ingurunean aldaketa esanguratsuak bultzatzaileak aitortu eta laguntzeko xedez, Inspira Gaztea Sariak ditu. Ingurumen Ekimena, Hezkuntza Berrikuntza, Ezagutzaren Sustapena, Gizarte Ekimena eta Ekintzailetza arloetan nabarmendutako 20-30 urteko bost gazteren ibilbidea eta eredu izateko gaitasuna aintzatesten dute. Gainera, beren ibilbidea jorratzen jarrai dezaten, 15.000 euroko sari bana ematen die. 2025eko deialdia otsailaren 3tik martxoaren 23ra bitartean egongo da zabalik.

 


Egiten dutena txalotzeaz gain, eraldaketa eragile izan nahi dutenei prestakuntza eta baliabideak ere eskura jartzen dizkie. Gazte Ekoliderrak programak urtero 20 gazte hezten ditu lidergoan eta iraunkortasunean, aktiboki aurre egin diezaieten ingurumen eta gizarte erronkei.

Sormenaren erakusleiho
Kultura eta sormen eragileak indartzeko, berriz, Sorlekua programa du. Proiektu bideragarri, iraunkor eta berritzaileak bultzatzen ditu, talentua eta ekintzailetza garatzeko sostengua emanez mentoretza, 18 hilabeteko formazioa eta 10.000€ arteko laguntza baten bidez. Egun, hamar proiektu dituzte. Bestalde, Cristobal Balenciaga Museoarekin batera, tokiko moda lehiaketa aurrera darama. Sormen arduratsua, iraunkortasuna edota originaltasuna ardatz hartuta aukeratutako hiru proiektuk museoan gauzatzen den Moda Astean desfilatzen dute.

Arte Ederren arloan bi ekimen dituzte. San Telmo Museoarekin elkarlanean, Artea Abian. Ibilbide profesionalaren hastapenetan egonda, eskarmentu nahikoa duten artistei baliabideak eta laguntza ematen dizkie beren obraren lehen erakusketa indibiduala atontzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, berriz, Kutxa Fundazioa-Gordailua beka. Ondarearen kontserbazioaren eta zaharberritzearen arloko prestaketa eta ikerketa sustatzen ditu, bereziki,  jardun horietan jasangarritasuna ezartzen laguntzeko. Beka osatzen dute Suitzako Museo Nazionaleko Bilduen Zentroan, Zürichen, eta Gordailuan burutzen duten 18 hilabeteko egonaldiak eta 30.000€ eta 12.000 franko suitzarreko diru sariak.

 


Kutxa Fundazioak literaturarekin duen hamarkadetako loturaren adierazle nagusiak dira Irun Hiria eta Donostia literatura sariak. Literatur sorkuntza sustatu nahi dute, nagusiki, idazle amateur gazteengan. Olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia modalitateetan parte har dezakete, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Saria liburua argitaratzea, aurkezpen publikoa eta diru kopuru bat dira.

Oholtza eklektikoa
Musika eta arte eszenikoei dagokienez, Aldundiarekin ardura partekatuta duen Katapulta Tour Gipuzkoa programak plataforma bat eskaintzen die talentu berriei profesionalizaziora bidean. Fundazioak zenbait arlotako formakuntza –komunikazioa, sustapena, eszenografia, fiskalitatea, ekoizpena...– eta Tabakalerako Kluba aretoan saioa egiteko aukera ematen die.

Bidean Produkzioak ekoiztetxearekin, Gipuzkoako Ahotsak eta Bizi ala Iraun kontzertu zikloa gauzatzen ditu. Lehenak, talde edo bakarlari amateur eta esperientziadun bana elkartzen ditu saio bikoitz batean, hala, «musikari gipuzkoar gehiago ezagutarazteko aukera» baitute. Bigarrenak, iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa sortzen du, musika herrikoia, folklorea, sustraiak... eta soinu berriak uztartuta. Dantz-ekin batera, berriz, musika garaikidearen mugak aztertzen dituzte Natura Elektronikoak zikloan. Halaber, talentu berriak ezagutarazten dituzte Ganbera Musika Talentu Berriak zikloaren eta Tokiko Talentuak Jazzaldia lehiaketaren bidez.

Horiez guztiez gain, Kutxa Fundazioak parte hartzen du Donostiako Antzerki Gaztea Astean, Musikene Big Band kontzertua babesten du, Euskadiko Gazte Orkestra diruz lagundu.... Espazioa utzi edo ekonomikoki lagunduta, «ahalik eta gazte proiektu gehienetan inplikatzen gara», laburbildu du Gomezek.