NAIZ

Larunbata bertan da Binakako Erremonte Txapelketako bikote garailea zein den ezagutzeko

Segurola eta Barrenetxea IV.ak Ezkurra II.aren eta iaz Urrizarekin batera txapela irabazi zuen Azpirozen aurka jokatuko dute Galarretako final handian. Aurrez, Bigarren Mailako finala jokatuko dute Aldabe eta Aiestaran VI.ak, Jabalera eta Apezetxearen aurka.

Urriza lagun hartuta irabazi zuen iaz Azpirozen Binakako Erremonte Txapelketa.
Urriza lagun hartuta irabazi zuen iaz Azpirozen Binakako Erremonte Txapelketa. (Jon URBE | FOKU)

Ez da berehalakoan iritsi, baina larunbaterako dena prest dago Binakako erremonte txapelketako finalari ekiteko. Galarreta pilotalekuak maila goreneko jaialdia biziko du, behin 18.00ak jotzen dutenetik aurrera. Bigarren Mailako txapela jarriko dute jokoan hasteko Aldabe eta Aiestaran VI.ak Jabalera eta Apezetxearen aurka eta horren ostean, Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dute Segurola eta Barrenetxea IV.ak Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurrean. Harmailak beteta izango dira gainera.

Aurrez sekula ikusi gabeko finala izada ere, lau finalistek dute eskarmentua lan hauetan. Esaterako, Azpirozek birritan txapela janztea lortu du dagoeneko, 2018an Uterga lagun zuela eta iaz bertan, Urrizaren atzelari lanetan. Ezkurrak II.ak 2014an jokatu zuen bere aurreneko finala, baina ez orduan, ezta 2016an eta 2017an ez zuen txapelik jantzi, eta noizbait bere estreinakoa lortzeko aukera hau baliatu nahi du.

Gorriek ere badute istoriorik kontatzeko finalen inguruan. Segurolak 2022an eskuratu zuen garaipena, Larrañaga bizkartzain zuela, larunbatean atzelari izango duen Barrenetxea IV.ak txapela irabazi eta hamar urtera, azken honek 2012an irabazi baitzuen bere orain arteko final bakarra. Hain zuzen, Segurolak txapela jantzi zuenean, Barrenetxea IV.a aurkari izan zuen, aurrez 2019an ere txapeldunorde atera ondoren.

Duela bi aste Segurola eta Barrenetxea IV.a 15-4 eta 15-8 irabazita, egurra eman zieten Ezkurra II.a eta Azpirozi, baina ligaxkako aurreneko itzulian kontuak ez ziren horren garbi joan. Orduko hartan neurketa estu askoa atera zen eta garaipena, berriz, Ezkurra II.a eta Azpirozen patrikara joan zen. Azaroaren 9ko hartan lehia bizi hura espero da larunbaterako.

«Nekez errepikatuko dugu hain partida onik, are gutxiago final batean. Sakeaz dena asmatu nuen eta Segurolak aurrean harrapatzen zuen guztia amaitu. Baina hori pasatako kontua da eta gauzak ez dira horrela izango finalean. Ezkurra II.a inoiz baino hobeto dago eta Azpiroz lauotan erregularrena da. Harrigarria bada ere, laurok gaude gure kirol bizitzako momenturik onenean», azaldu zuen material aukeraketa egunean Barrenetxea IV.ak.

Bigarren Mailako finalean, berriz, Aldabe era Aiestaran dira faborito garbiak. Txapelketa osoan zehar erakustaldiz erakustaldi aritu dira, eta ondorioz, aditu guztiek beraiek irabaziko dutela diote. Alabaina, faboritotasun horren ondorioz Jabalera eta Apezetxeak presiorik gabe jokatuko dute eta lasaitasun hori baliatu nahiko dute sorpresa emateko.