Andoni Arabaolaza

Alex Huber: buruko ebakuntza baten ondoren, 8c+ maila egin du

55 urteko eskalatzaile historikoak 76 metro dituen ‘Mythos’ bidea (8c+, Barmsteine) kateatu du. Joan den otsailean, alemanari buruko tumore bat atzeman zioten. Hainbat hilabete behar izan ditu sasoia berreskuratzeko.

Alex Huber.
Alex Huber. (alexander_huberbuam | INSTAGRAM)

Alex Huberri buruz hitz egin behar badugu, makina bat lerro beharko genituzke azken hogeita hamar urteotan alpinismoan eta eskaladan egin dituen jarduera handiak azaltzeko. Alde guztietatik begiratuta, ez dugu zalantzarik baieztatzeko kolektibo horretako ikur historikoa dela.

Zoritxarrez, urte honen hasieran, egun batetik bestera, buruko tumore bat diagnostikatu zioten. Urgentziaz ebakuntza egin zioten, eta tumore hori kendu ere. Antza denez, onbera zen. Alabaina, denbora luzea behar izan du errekuperatzeko. Hiru hilabete eskalatu gabe egon ondoren, motorrak berotu eta harkaitza ukitzen hasi zen.



Sasoia oso azkar berreskuratu zuen; izan ere, iragan udaran gai izan zen ‘Uberleben’ bidea (Brendelberg) kateatzeko. Lau luze ditu, eta maila gorena 8b da. Abendu honetan, berriz, ezuste ederra eman du kirol eskaladan eginiko igoera bikain batekin. Hain zuzen ere, alemanak Barmsteinen dagoen ‘Mythos’ (8c+) kateatu du. Huberren maila gorena ez da, baina azpimarratzekoa da aipatu dugun gaixotasun horren ondoren maila hori lortzea. Gainera, ez ohiko ibilbide bat da; eta hori diogu 76 metro dituelako.

Protagonista honek aurrera du tumorea atzeman aurretik marra hori aztertu zuela. Iruditu zitzaion oso gogorra zela, baina ebakuntzaren ondoren hiru hilabete egin zituen eskalatu gabe eta proiektu hori atzeratzera behartuta egon zen. Joan den uztailean, berriz, pronto zegoen harkaitzean berriro jarduteko. Soka finko bat jarri eta bakar-bakarrik ‘Mythos’ ezagutzen joan zen.

Bidearen ezaugarriei dagokienez, aurreratu dugu oso-oso luzea dela. Gainera, 60 metrora bidearen giltza dago. Hortaz, puntu horretara indarrez heltzeko metro horiek guztiak bikain kudeatu behar izan zituen. Batez ere, 25 metroko sekzio gogor bat. Huberrek dio zati horretan ez dagoela helduleku on bakar bat; den-denak, erregeleta oso txikiak dira. Hitz gutxitan esanda, 25 metro oso teknikoak.

Ezaugarri horiek ez dira Huberrek izan dituen buruhauste bakarrak. Aurreratu dugu ‘Mythos’-ek 76 metro dituela, eta, hortaz, sokaren luzera gestionatzeak garrantzia handia du. Eskalatzaileak dio arazoak ez izateko giltzaren aurreko eta ondorengo paraboltetan ez zela aseguratu. Balizko hamar metroko erorikoa zuen, baina behin betiko ekinaldi horretan lasaitasunari eutsi, aurrera jarraitu eta bidea kateatzea lortu zuen. Azken igoera horretan ez zuen arazorik izan, baina beste ekinaldi batzuetan hamabost metroko erorikoak izan zituen.

Bizipoza

‘Mythos’ eskalatu eta gero, Huberrek onartu du pozarren dagoela lortutako arrakastarekin. Batetik, buruko ebakuntzaren ondoren berriro sasoiko jarri zelako. Bigarenik, ibilbideak duen maila (8c+) ez delako gutxietsi behar. Eta hirugarrenik, 55 urte dituelako. Hori guztia lapiko batean sartu eta ondorioztatu du pozarren dagoela izaera horretako bide bat kateatzeagatik eta bizitza berreskuratu duelako.

Horrekin batera gehitu nahi du eskaladara itzultzeak asko lagundu diola. Hasiera batean, ‘Mythos’ bezalako helburu bat biribiltzea ia ezinezkoa ikusi zuen. Baina duen eskarmentu aberatsak lan horiek askoz ere errazago egiteko aukera izan du. Ez du ezustekoa hartu 8c+ mailako marra bat sinatzeagatik, baina onartu du muturrean ibili dela.

Hori guztia aipatu eta gero, eskalatzaile historikoak dio aurrerantzean xede samurragoak bilatuko dituela. Huber ezagututa, batzuek baieztapen hori zalantzan jartzen dute. Baina eskalatzaile honek argi du 55 urte dituela eta horrek indarrean eragina duela. ‘Mythos’-en bikain erakutsi duenez, teknika ez du ahantzi. Horregatik guztiagatik esan du ezaugarri horietako bide luze tenteak (eroria handia ez dutenak saihestuko omen ditu) eskalatzeko oraindik sasoia duela.