Euskal Herriko bankuek Palestinak pairatzen duen genozidioan duten erantzunkizuna salatu dute gaur eguerdian Iruñean eta gauza bera egingo dute arratsaldean Bilbon.
«Bankuek paper garrantzitsua dute proiektu sionistaren finantzaketan: haien laguntzarik gabe, Israelgo Estatuak ezingo lituzke bere asmoak aurrera eraman. Banketxeak aberastu egiten dira Estatu sionista indartzerakoan: proiektu israeldarretan dirua inbertitzean eta Israelera esportatzen duten enpresak finantzatzean. Euskal banketxeek ere parte hartzen dute negozio honetan», azaldu dute protestan.
Horrela, BBVAk Zisjordaniako kolonietan lanean dauden enpresatan zazpi milioi euro inbertitu ditu azken urteotan. Okupatutako lurretan eguzki-instalazio fotovoltaikoak eraikitzen ari diren enpresetan BBVAk, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Rural Kutxak 1.496 milioi euro inbertititu dituzte, antolatzaileek salatu zuten.
Onura ekonomikoak
«Zeharkako finantzazioari dagokionez, herri palestinarra sarraskitzeko erabiltzen diren armak ekoizten dituzten enpresak finantzatzen dituzte banketxeek. Euskal banketxeak horretan ari dira: Israelera esportatzen duten armagintza sektoreko enpresak finantzatzen. BBVA Estatu mailako bigarren inbertsorerik handiena da sektore honetan, eta, gutxienez, 1.482 miloi euro inbertitu ditu azken urteotan ejerzitu israeldarra armatzen duten enpresetan. Baina ez da bakarra: Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxak Indra bezalako enpresak finantzatzen dituzte, okupazioarekin aberasten ari den eta dronak ekoizten dituen Israel Aerospace Industries (IAI) enpresaren kide estrategikoa», gaineratu dute.
Guzti honengatik, Israelekin harreman oro etetea eskatu dute, «sarraski honekin aberasten diren guztiak seinalatu behar ditugu». Ildo honetan, bankuak presionatzera deitu dute, «okupazio sionista laguntzeari utzi diezaioten».