Trump «shutdown» arriskuaren aurrean
Kongresuan ikusitakoa 2025etik aurrera gertatuko denaren aurrekari gisa har liteke: demokratek Trumpek bultzatutako zergapetze-mugaren legea blokeatu dute. “Shutdown”-a eragotzi da baina Trumpek eta haren lagun Elon Muskek muturra sartzean egoera nola lehertu daitekeen ere agerian geratu da.
Lehen ere gertatu dira gobernu-itxialdiak, eta ondorioak oso larriak dira: ia milioi bat langile etxera, beste askok (militarrek, kasu) lanean jarraitu behar dute, horiek ere soldatarik gabe, eta zerbitzu ugari bertan behera geratzen dira, edo nabarmen murriztu. Neguko oporren bezperatan, milioika herritar bidaian doazenean, are kaotikoagoa izan zitekeen egoera.
Oraingo honetan, gainera, auzia ez da izan Kongresuan akordiorik ez egotea. Mike Johnson Ordezkarien Ganberako speaker errepublikanoak prest zeukan gastu-legea, demokratek egindako ekarpen batzuk txertatuta, Gobernuaren finantzazioa martxora arte luzatzeko. Trumpek, baina, oraindik kargurik izan ez arren eta, bistan da, kongresista izan ez arren, onartezin iritzi zion adostutakoari.
MUSK AGINTEAN
Egoera are gehiago bihurritzeko, ez zen presidente hautatua izan publikoki akordioaren aurka egin zuena, azken hilabeteotan aurkitu duen lagun mina baizik: hauteskundeetara aurkeztu ere egin ez den Elon Muskek txio-zaparrada amorratu batekin kritikatu zuen akordioa. Gezurrez eta erdi-egiez betetako dozena bat mezu baino gehiagotan, bozkatzear zen neurria «kriminala» zela salatu zuen, eta «gastu-lege eskandalagarri honen alde bozkatzen duenak aulkia galdu beharko lukeela.
Orain artean Joe Bidenen mugari ukatu diotena eskatu zion Muskek Kongresuari: zorpetze-muga ezabatzeko eta mugatzeko finantzazio legea behin-behineko gastura eta hondamendiei aurre egitera. Halakorik egin ezean, «gure herrialdeari traizioa» egitea litzatekeela erantsi zuen Muskek. Errepublikanoen nagusi zirudiela ikusita, Donald Trumpek berak bidali zuen bere mezua azkenean, funtsean bere adiskide berriarekin bat eginez. Alferrikako gastuak eta demokraten lehentasunak aintzat hartzen zituela salatu zuen Trumpek.
Hala, gaia Kongresura iristean, demokratek eta errepublikanoek borondate onez negoziatu eta adostutako aurrekontu-legeak porrot egin zuen, azken horiek Trumpek eta Muskek agindutakoari men egin ziotelako.
«Herritarren ahotsa gailendu da» idatzi zuen Muskek txioan, eta mundu guztiak ulertu zuen «Musken ahotsa gailendu» zela. Errepublikano batzuek ere ez zuten ezkutatu haserrea edo, gutxienean, deserosotasuna, hautetsi gisa daukaten autonomia handiki milioidun baten txioetan urtzen zela ikusita.
Trukean, errepublikanoek iragarri zuten lege berriarekin zorpetze-muga ezabatzea aurreikusten zutela Trumpen agintaldiaren lehen bi urteetarako. Demokratek berehala ezetz esan zuten, zorpetzea handitzearen helburua aberatsenentzako zergak kentzea dela salatuta.
Elizabeth Warren senatariak adierazi zuenez, «lehen tragoa da hau, argi eta garbi ikusteko zer den Musken efizientzia saila: umeen minbiziaren, bular-minbiziaren eta down sindromedun haurren ikerketarako dirua kentzea, milioidunei zergak murrizteko».
Trumpek Musk izendatu du ingelesezko DOGE akronimoz ezagutzen den efizientzia saila gidatzeko: ez da administrazioaren barruan Kongresuak onartutako sail ofizial bat, eta ondorioz ofizialki konturik ere ezin eska dakioke, baina botere erraldoia dauka.
Demokratak, berez, gutxiengoa dira Ordezkarien Ganberan, baina aurrekontuen bozketan ez ziren bakarrik geratu. Azken batean, ohiko kongresista eskuindarrek ere ez dute maite zor publikoa (eta are gutxiago herritarren ordezkari gisa haien autoritatea Muskek bezperan egin bezala higatzea). Hala, 38 errepublikanok ere ezetz esan zioten proposamen berriari. Batekoak eta bestekoak batuta, 235 boto izan ziren kontra, eta 174 baino ez alde. Epea betetzeko 24 orduren faltan, Gobernuaren finantzaziorako legerik gabe zeuden.
Washingtondik etxera Gabonak ospatzera itzuli nahi izan zuten kongresistek planak atzeratu behar izan zituzten. Joan den ostirala negoziatzen eman ostean, Mike Johnson speaker-ak proposamen berri bat aurkeztu zuen, hasieran ukatutakoaren haritik, Trumpek gastu-sabaia ezabatzeko egindako eskaera aintzat hartu gabe. Ozta-ozta, baina gauerdia baino lehen onartu zuten eta ez zen itxialdirik izan.
Errepublikanoak kontsolatu ziren, urtarrilean Etxe Zuria ez ezik Kongresuko gehiengoak ere aldatuko direlako. Baina Ordezkarien Ganberan, orain daukaten gehiengo txikia baino estuagoa izango dute errepublikanoek. Boto bakar bat ez ziurtatzeak bozketak galtzea ekar dakioke Trumpi. Ia hilabete falta da Etxe Zurira itzultzeko, eta legealdian izan ditzakeen buruhausteen lehen seinalea ikusi du.