NAIZ

Hainbat ekintzaile identifikatu dituzte Bilboko Gobernu militarraren ateetan kateatu ostean

Bilboko Juan de Garai kaleko Gobernu militarraren ateetan kateatu diren Bota Kuartela asanbladako hainbat ekintzaile identifikatu ditu Ertzaintzak. Eraikina Irala auzoko bizilagunentzako gune irekia bihurtzea aldarrikatzen ari ziren.

Bota Kuartela asanbladak Bilbon egindako ekintza.
Bota Kuartela asanbladak Bilbon egindako ekintza. (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak hainbat ekintzaile identifikatu ditu larunbat honetan Juan de Garai kalean dagoen Bilboko Gobernu militarraren ateetan kateatu ostean, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Maiatzean bi antimilitarista epaitu zituzten Gobernu militarrean protesta batean kateatzeagatik. Hala ere, ekainean absolbitu zituzten. Bakoitzari 700 euroko isuna eskatzen zioten, desobedientzia falta larri bat egotzita.

Gaurkoan, ‘Militarrek botak zintzilikatu dituzte’ lelopean, Bota Kuartela asanbladako hainbat kidek ‘performance’ bat egin dute Bilboko Defentsa Ordezkariordetza Irala auzoko bizilagunentzako gune ireki batean birmoldatzea eskatzeko.

Era berean, «instalazio hori eta armada guztiak desagertzea» aldarrikatu du asanbladak protesta horrekin, militarren erretiratzea irudikatuta, eta «botak zintzilikatu» dituzte kuartelaren burdin hesian, bertan behera uzteko seinale gisa.

Ekintza 11.00k pasata hasi da, asanbladako dozena bat militante eraikinaren ateetan kateatu direnean militarrez mozorrotuta, ‘Ez, ez, ez, kuartelarik ez’ bezalako kontsignekin.

Ondoren izan da, 11.15ean, Ertzaintzako hainbat unitate bertaratu direla eta manifestariak identifikatu dituzte.