Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hasiera kaxkarrari buelta emateko pazientzia erabili dute Artola-Mariezkurrenak (22-12)

Elordi-Zabaleta 4-8 aurretik zirela, gorriek 13-1eko partzial bat egin dute. Mariezkurrena atzean nagusi izan da eta Artolak ederki amaitu ditu tantoak. Iruñean, Peña II.a-Albisuk lehen puntua eskuratu dute hutsean jarraitzen duten Peio Etxeberria-Martijaren aurka (22-14).

Iñaki Artolak ondo eutsi dio hasiera kaxkarrari eta ondoren onena izan da.
Iñaki Artolak ondo eutsi dio hasiera kaxkarrari eta ondoren onena izan da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pilotari batek baino gehiagok broma moduan hartu nahiko luke Binakako Txapelketaren gogortasuna. Partida ugari pilatzen ari den sasoi honetan, Bilboko Bizkaia eta Iruñeko Labrit gogortasun horren erakusle izan dira larunbat arratsalde honetan. Lehenengo pilotalekuan, Artola-Mariezkurrenak balio handiko laugarren puntua batu dute Elordi-Zabaletaren aurka (22-12), eta Nafarroako hiriburuan, Peña II.a-Albisuk txapelketako lehen garaipena erdietsi zuten Peio Etxeberria eta Martijari irabazita (22-14).

Bizkaia pilotalekuko partida hutsez gainezka hasi da. Pentsa, lehenengo sei tantoak galdutakoak izan dira. Momentu horretan urdinak ziren aurretik (2-4). Elordi eta Zabaleta oraindik erritmoa hartzen kostatzen ari zaion Artola eta Mariezkurrena baino hobeto hasi dute lehia eta 4-8 ipini dira aurretik nabarmen.

Hala ere, komeni zitzaien partida egiten hasi dira gorriak. Hau da, tantoak luzatzea eta aukera zegoenean, erasora jotzea. Horren eraskusle garbia izan da 7-8koa. Artolak oso ondo mugitu du pilota, urdinak ondo aritu dira defentsan, baina Alegiakoak ederki amaitu du tantoa.
Esnatu dira ordurako gorriak eta 13-1eko partzial batekin segituan abiatu dira 17-9ra.

Tartean, aipatzeko bi tanto, eta biak jarraian egindakoak. Lehenengoa, 14-9koan, Artolak txokoan ederki utzitakoa izan da; eta bigarrena, 15-9koan, Marizkurrenak bi pareta ikusgarria izan da. Barañaingo atzelariak sekulako pilotakada eman du aurretik atzean, Zabaletak hala nola eramatea lortu du eta ondoren zale guztien txalo zaparrada eragin du.

Partida hasieran ez bezala, urdinei oso deseroso nabaritzen zitzaien. Elordik ez zuen pilotarik usaintzen aurreko koadroetan mina egin ahal zateko, eta Zabaleta atzean ezin zuen Mariezkurrenarekin.

Gainera, euren pilotarekin aukera pasatzen utzi dute. 17-10ekoan, Barañaingo atzelariaren huts baten ostean, urdinek pilota biziago bat atera dute. Tantoa ondo kontrolatu dute, baina Elordik huts egin eta berriro eman diete aukera gorriei markagailuan aldeak handitzeko.

Hori bai, urdinen mesedetan esan behar da azken unera arte bikain defendatzen saiatu direla. Azken tantoa da horren adibide argiena. Elordi eta Zabaleta hortzak estuturik aritu dira, baina Artolak ederki amaitu du tantoa eta partida ezkerrez zabalean.

PARTIDAKO FITXA:

Artola-Mariezkurrena II.a: 22

Elordi-Zabaleta: 12

Pilotakadak: 515. Iraupena: 59:52 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-8, 10-8, 10-9, 17-9, 17-10, 21-10, 21-12 eta 22-12 Sakeak: 0 Artolak eta 0 Elordik. Egindakoak: 12 Artolak, 2 Mariezkurrena II.ak, 3 Elordik eta 0 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Artolak, 5 Mariezkurrena II.ak, 6 Elordik eta 2 Zabaletak. Gertakariak: Sarrera polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan Binakako Txapelketako partida ikusteko. Lehen sakea urdin.