Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Bilboko Alondegiaren «pribatizazioaren» aurkako sinadura bilketa egiten ari da

‘Bilboko AZ-Alhondiga Kultur Zentroko Lantegia eraisteko asmoa geldiarazi dezagun’ eskaera zabaldu berri du artista talde batek Change-org atarian. Sinadura bilketa honen muinean Alondegiaren eredua dago, hein handi batean kudeaketa La Caixa erakunde pribatuaren eskuetan utziko baitu Udalak.

2022ko ate irekiak Lantegia gunean.
2022ko ate irekiak Lantegia gunean. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Zuzenean zuzentzen zaio Juan Mari Aburto, Bilboko alkateari, Change.org atarian kulturaren mundutik martxan jarri den sinadura bilketa bat. Ekimen honen atzean, azken asteetan bazterrak mugiarazi duen proiektu bat: La Caixa fundazioaren STEAM izeneko ikasgela Alondegian kokatuko asmoa omen du Udalak, zehazki Lantegia izeneko gunean; hau da, sorkuntza artistikoa sustatzen duen proiektua bertan behera geldituko zen ekimen pribatu baten alde.

2018 urtean Alondegiko zuzendaritza hartu zuenetik, Lantegia izeneko proiektua bultzatu izan du Fernando Perezek. Bere programaren funtsezko pieza bilakatu zen. Bilboko erdigunean kokatutako sorkuntzaren eskosistemari eskainitako laborategi bizia bezala funtzionatu du ordutik, gure sortzaileen babes gune gisa. Ereduaren aldaketaren aurka egonik, Perezek dimisioa eman zuen.

Kultur programatzaile legez jarraituko du Perezek, lanpostu hori berea baita, baina Alondegiaren zuzendaritzari uko egin dio. Larunbatean 600tik gora sinadura bildu ditu Artistak izenpean Aburtori zuzenduta zabaldu den eskaera: «Gutuna sinatzen duten pertsona eta kolektiboak bertako, estatuko eta Europako kultura- eta arte-komunitateko kide gara. Zuregana jotzen dugu, Bilboko Udaleko arduradun gisa, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbaoren etorkizuna mehatxatzen duten azken berrien aurrean gure kezka eta gaitzespena helarazteko».

Are gehiago, «pribatizazioaren eta arterako espazio publikoen desjabetzearen aurka gaude –diote–. Gure ustez, demokraziaren defentsarako, Lantegia bezalako sorkuntza gune publiko inklusibo eta berritzaileak bermatu behar dira». Hau dela eta, erabaki hori berriz aztertzeko eskatzen dute eta La Caixaren proiektua hiriko beste eraikin batean birkokatu dezatela eskatzen diote, zeren «erakunde pribatu horrek baliabide nahikoak ditu jada sendoa den proiektu batek okupatzen ez dituen beste espazio batzuk erosteko edo lortzeko».

Lantegiaren garrantzia

Ehunka egile pasa dira Alondegiko Lantegia espaziotik. «Azken urteotan, gune hori gizarte eta kultura garaikidearen garrantzizko zentro moduan sendotu da –diote zabaldu berri duten gutun irekian–. Tokiko sorkuntza bultzatu eta Bilboren nazioarteko irudia proiektatu du lehen mailako programazioarekin, gizartearekin eta publiko guztiekin konektatuz modu transbertsalean».

Alondegiaren hegal batean kokatuta, «lantegi bat lanerako eta ikasteko leku bat da. Fabrika bat eta eskola bat. Kasu honetan ideien laborategi bat ere bada, sektorearen beharrei entzutetik sortua eta zentroaren egungo programazio-ildoei lotua», argitzen dute.

Sinatzaileek ez daude STEAM ikasgela eta proiektuen aurka, baina gogoratzen dute «injerentzia politiko larri honek zer galera dakarren gure inguruko diru-kutxa publikoentzat eta kulturarentzat. Termino ekonomikoetan, Lantegia eraikina azken urte hauetan beharrezko azpiegitura batzuez hornitu da, horietako asko Europar Batasuneko Next Generation Funtsekin eginak (...). Lantegiak tokiko kulturako ehun artista eta profesional baino gehiago hartu ditu, baina baita hainbat eskualde eta nazionalitatetakoak ere, Sorkuntza Babesteko programei (Babestu) eta Prozesu Eszenikoei (Lanean) eta Artista AZ Kideak eta Kolektibo Egoiliarren programei esker. 80 artista egoiliar eta 70 pieza eszeniko baino gehiagori buruz ari gara, hain zuzen ere».